MEDIKUAREN GAU ILLUNA
MEDIKUAREN GAU ILUNA
Lola Sarratea
Arratsalde apalean hartu nuen mandatua. Hurbilean bizi zen sendagile batek laguntza eskatzen zidan larrialdi bat artatzeren. Gertakizuna betiko gelditu da nire baitan.
Udazkeneko ilunabar hits eta lanbrotsu bat zen, lañoa emeki egiten zen langartu eta hostorik gabeko lardaska idorretan malko distiratsuak uzten zituen. Herriko etxeak, hormak belzturik, lanbroaren poderioz handitzen zirela zirudien. Haize bolada zakarrak eguratsaren ura erraztatzen zuen, errezel bat nola, herriko etxe multzokatuak tximiniek ke dario, giro hits eta hezean galtzen zirelarik.
Nire bila etorri zen baserritarraren gibeletik nindoan zaldi zahar baten gainean. Basoan sartu ginen, eta nire zaldia maiz trebukatzen zen. Bidea, tarteka basabide belai horixka eta kuku-prakaz apaindu batean sartzen zen, eta bidexkak muinoak goiti eta beheiti gurutzatu egiten zituen, mendi magalean uhin erraldoiak ematen zuten, zeinak, ala izanak agian, ama lurra gaztea zenean, izar-laino batek isuri masa jariakor batek kausatua.
Iluntzen hasi zuen, nire gidariak argiontzi bat biztu zuen.
Bideak baserri landa hertzeetatik jarraitzen zuen. Herria hurbil zegoen. Urrunean muino baten gainean ageri zen, eta bizi zantzuak ziren bizpahiru lau argi etxe multzo soilek ematen zutenak. Herrira ailegatu ginen, jarraitu genuen; etxea haratago zegoen, bidexkaren bihurgune batean; arte zahar batzuk, haritz handi bat, eta ikaragarrizko zilar azal pago pean ezkutaturik. Bideari zeharka beha ematen zuen etxeak, bere izaera ezkutatu nahian nola.
Baserriko sukaldean sartu nintzen; andre xahar batek haur ttiki bat sehaskan kulunkatzen zuen.
“Bertze medikua goitiko aldean dago” erran zidan.
Eskailerak igo nituen, sabai aldera ematen zuen ate batetik auhenka arrangura desesperatuak aditzen ziren, ay! ene, ay! ene, ene xumeak, gero lazgarriak… Atea jo nuen, medikuak atea ireki zidan. Karez zuritutako gela batean sartu nintzen, non, Ama Birjinaren eta Kristo gurutzatuaren imajinak ageriko egiten ziren. Kutxa baten gainean eserita gizon bat zotinka zegoen; ohatzean emakume bat adiaka, ea indarrik gabe gelditzen ari zena bere amari besarkatua. Huntza uluka itzal zokotik, haizeak gogor astintzen zituen zuhaitzen orroak leiho zirrikoetatik aditzen ziren.
Sendagile lagunak azaldu zidan kasua. Gelako txoko batean mintzatu ginen, diskrezioz gure ezezagutza aitortuz, ama salbatzea zelarik lehentasuna.
Emakumea ohatzean jarri genuen jarrera egokian; nik ur beroan epeldu nituen forzepsak, nire mediku lagunari pasatu nizkion, honek, xafla bat emeki jarri zuen, bertzea zailtasunez; tresna etsi zuen. Emakumea minez leher garrasi lazgarri batean erditu zen, akitu zen martirioa. Medikuak, oraindik izerditan sortu berria besoetan hartu zuen.
Amak ahantzi zituen minak eta “ bizi da?” galdetu zuen.
“Bai, bizi da” erantzun zion medikuak. Sortu berriaren garrasi gozoak aretoa alaitzen zuelarik.
Aitak edeki zuen leihoa eta odei artean ilargia keinuka ageri zen, atertu zuen, haizea baretzen ari zen, eta laster ortzia hasiko zen argitzen. Kafesnea bat ardo goxoarekin hartu genuen eta gure bideari jarraitu genion.
Duela laurogei urte sortu nintzen baserri batean. Pio Baroja medikua izanak idatzi zuen pasarte hau eta nire amarekin oroitu naiz.
Lola Sarratea
Arraiozen 2025eko ekainak hogeita sei.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: