ITURRIRA KANTUZ

kanakonea@hotmail.com 1600960187972 Doike! | 2021-09-03 10:33

                             ITURRIRA KANTUZ

          

 

SAYD GAHODIN MAJRUH

1928an Kabulen sortu zen Sayd Gahodin Majruh. Aita Afganistango parlamentuan senatari eta justizia ministro bertzeak bertze izan zen. Madrasa batean hezia izan zen Sayd. Idazlea, poeta, filosofoa, eta folklorista Montpellierko unibertsitateko doktoretza zuen eta 1972tik Kabulgo unibertsitateko dekanoa; errusiarrak Afganistanen sartu zirenean Pakistanera ihes egin eta Peshawar-en egokitu zen. Bulego bat ireki zuen, zenek,  Afganistango erresistentziaren berriak bildu eta nazioartean argitara ematen zuen. 1988an afganiar fundamentalistek hil zuten. 

   

                       Bere buruaz bertze kantuz.

              Afganistango Pastún emakumeen herri kantak

      Bartatsean maitalearekin nintzen. Oh!  egundaino itzuliko ez den amodio unea! Kaskabel bat nola, nire bitxi guziekin, bere besoetan dilindaka  egon nintzen argia hasi arte.

      Jar ezazu zure ahoa nirean, baina utz nazazu mingaina libro amodiozko hitzak xuxurlatu nahi dizkizut.

       Maite dut! Maite dut! Es dut ukatzen, hortaz nabala batekin orezta guziak erauzten badizkidate ere.

 

Saydin Bahodín bere arrebarekin joan zen Pastún herrialdeko emakumeen kantak biltzen. Landays  (laburrak) deritzo, lerro pare bateko  bertso bereziak dira; bere baitan matxinatu eta biluzi egiten da emakumea; bat bateko bertsoak dira, poetikoak,  erotikoak, oihu lazgarri bat. Amodioa, ohorea, herioa dute ardatz. “ Trapuz estaliko duzue gure gorputza, aurpegia, begiak, baina ez zarete gure bihotzeraino iritsiko”  ozen erran nahi dute.

 

          Ez al da mutil erorik herrixka honetan? Nire su koloreko galtzak  izterretan garretan dauzkat.

       Hemen dago oilar madarikatua  azken kantu tristearekin, eta nire amorantea txori zauritu bat nola badoa.           

       Ema iezadazu eskua maitea, eta goazen larrera, maitatuko gara eta elkarrekin eroriko gara aiztokada pean.  

 

Pastún ohore legearen segadan erortzen da gizona.

    

 Ala zaitez hil ohorearen izenean nire maitea! Horrela neskatikoak zure ospea abestuko dute iturrira ur bila joatean.

      Nire maitea, zoaz fite erasoaren aurka, apustu egin dut herriko neskekin zure alde.

     Nire maitea! Nire altzoan dardarka bazaude, zer eginen duzu ezpatakadak elkar joka mila ineztura bihurtzen direnean?

 

 Pastún emakumeen bizia, miserablea da; lehenik aitarena, gero senarrarena, ahuntzak edo behiak nola, baina haiek ez bezala bera, mozorrotua, isildua, zokoratua. Ur bila iturriko bidean da libro emakumea; eskolatu gabea, inprobisatzen dituen bertsoak, garbiak eta zuzenak dira; herrialde bakoitzak bere doinuarekin, imajinario popularrean geldituko direnak.  

Landys-etan  emakumea ez da daraman bizi moduaz kexu, tradizioan errotua delako, eta ez duelako bertze modurik ezagutzen. Baina bere baitako libertatea giltzapean altxatzen du, bere altxorra da, inork kentzen ahal ez diona. Iturriko bidean fantasiari bidea ematen dio, eta emakume sentitzen da, emozioak gainditurik beluseko zangoak arin, eta bularrak sentibera, ezpainak gorri eta bihotza taupaka, kantuz hasten da. Dudarik gabe bertso ttiki batek ez du hainbertze erran, etxeko  altzairu bihurtu emakume hauen egoeraz; apalaraziak haien desio eta gorputzean, guti gelditzen zaio Pastún emakumeari, bere buruaz bertze egin edo kantatu.

 

     Ahatsik gabe gelditzen naiz ur pitxerra hartzean. Erotu da nire amorantea; egun argian jarraitzen nau.

     Nire amorante galanta, kasatuko zaituzte egun batean, ez nazazula lorerik eskaini bide erdian.   

   Ez nazazu irmo besarkatu, nire lepokoaren lurrinak salatuko du gure sekretua  

 

                                                                                  Lola Sarratea

                                                                                          2021/9/3


Utzi iruzkina: