ISOLATZE EGUNAK

kanakonea@hotmail.com 1600960187972 Doike! | 2020-07-15 11:14

2019 hondarrean agertu zen. Izurritea, bi hilabete aski izan zituen munduko ekonomia era bat suntsitzeko. Txinako lurralde bateko animalia basa saltoki batean bertzerik gabe sortu zela, edo ondoan kokatzen den laborategi batean sortu zutela, susmoak argitu gabe dirau.

Birus bat da; maltzurra eta ahaltsua, ikaragarri kutsakorra. Diseinukoa ematen du. Zaharrak eta erixka daudenak eramaten ditu; hau da, lanerako balio ez dutenak. Pobreak eta behartsuak ageriko egin ditu. Espainian Gurutze Gorriak 6 miloi lagun jateko beharrean artatzen ditu dagoeneko, urte hondarrean 10 miloi  izanen direla aurreikusten du. Munduko ekonomia egun batzuetan suntsitu du birusak, naturaren mesederako.

2020ko Martxoak hamabortz Igandea, goizeko zazpiak, irratia biztu eta, Arantzazuko meza. Dagoeneko eguzkia bartatseko ihintzak urtzen. Inguruko zuhaitzetan txoriak eroturik txioka. Zortzitan albisteak, txarrak: biztanleek ezin izanen dute etxetik atera, ez bada lanera, ospitalera edo beharrezko erosketak egitera. Espainiako gobernuak (egoera profitatuz) Euskal Herrikoaren gainetik kudeatuko du krisialdia: Osakidetza eta Osasun bidea. Ertzaintza, Foru Polizia eta garraio sarea Madrildik zuzenduko dituztelarik.

Koronabirus: birus ttiki-ttikia da, baina indartsua, maltzurra eta demokratikoa. Ez du bereizten aberatsa ala behartsua, larru-beltza edo arioa. Badirudi, geldi! Nora zoazte? Erraten ari zaigula. Ama lurraren jabe egin gara, baina aldi berean gure tokian jarri gaitu. Isolaturik utzi gaitu, ur zikinekin, aire kutsatuekin, hondakinak non utzi  jakin gabe; gure kontsumo ohiturak bete ezinik. Gorputz eta ariman eragina duen izurrite bat da. Baliteke lehen munduan izurrite honek jende anitz hiltzea, baina, hirugarren munduan gosez, gatazkaz eta eritasunez hiltzen direnak baina gutxiago ziur aski.

Hamazazpi ditu martxoak, eta astelehena da. Gaur ere eguraldi kaskarra, euritsu eta hotz. Izurritea hedatzen ari dira; Espainiak mugak itxi ditu, beraz Euskal Herria berriz ere zatitua gelditu da. Denda eta ostatu denak itxita daude, eta lantegi handiak ixten ari dira; hortaz milaka lagun langabezian. Irratian entzuten ari naiz, gobernuak neurriak hartuko dituela lantegiak eta langileak laguntzeko. Halaber, turistek ihes egin dutenez, estatuan kalean bizi diren bortz bat mila lagun hirietako hoteletan egokituko dituztela.

Ogia eta frutarik gabe gelditu naiz eta dendara joan behar dut. Egia errateko beldur pittin bat ematen dit, nire adinarekin… Baina beldurrez bizitzeak ere…

Martxoak hemezortzi, asteazkena. Lainotsu ernatu du egunak. Eguna bezain lainotsua giroa. Isildu da denbora, isildu dira kaleak, isildu dira merkatuak. Gizateria isildu da, gudarostea atera da kalera (inork ez daki zertarako) komunikabideek gudarostearen onurak goraipatzen, eta denak isil. Irratian entzuten ari naiz mendira joatea debekatu dutela. A! ze miseria etxetik 100 metrora daukat oihana eta egunero itzuli bat egiten dut. Ez dut inoiz inor ikusten; beraz, inor kutsa dezaket? Europa osoa isolatu dute, izurriteak eztanda egin du eta noraezean gabiltza; Iparraldean kirola egin daiteke, aldiz, Hegoaldean ez. Espainian komuneko papera ea akitu da, aldiz Ipar Amerikan armak dira erosten ari direnak. Agian psikologo batek zerbait errateko izanen du.   

Martxoak 19 ortzeguna, egun polita, oskarbi eta kutsadurarik gabea. Izurritea aise doa gora. Kezkagarria isiltasuna, merkatuetan zonbi mozorrotuak erosketetan. Baratzetan belar txarrak handitzen. Mendian elorri txuria loretan. Txori maiteminduak alde batetik bertzera dantzan.

Ganden gizaldian anitz izan ziren bizia eman zutenak libro izan gaitezen, birus batek arriskuan jartzen ahal dituen libertateak lortzeko. Egon gaitezen adi, ez dezagun  gure burmuina ttikitzen utzi, eta hil behar baldima dugu gaitezen hil duin. 

Gaur martxoak hogeigarrena du. Egun zoragarria, zerua urdin eta belaiak liliz beteak. Bortz egun daramazkit etxean bakar-bakarrik, eta dagoeneko janaria murriztu zait, merkatuan egon naiz, eta lerroan egon garra txandaren zain. Jendea marmarka gobernuaren aurka. Erdi Aroan juduei egotzi zitzaien izurritearen sorrera, beti behar delako errodun bat, oraingoan badirudi politikoak direla errodunak. Inork autokritika pittin bat ere. Katakatxintxak herrira hurbiltzen hasi dira, ez dago zaratarik eta.

Hogeita bat ditu martxoak. Udaberria bete-betean sartu da, leihoak mendi aldera ematen dit eta gero eta gehiago dira gerezi basak loretan ikusten ditudanak. Arras etxekoandre txukuna bihurtzen ari naiz, egunero garbitzen dut etxea, amorantea ustekabean etorriko balitzait nola. Pixkanaka ari naiz egoerarekin laketzen, familiarekin egunero mintzo naiz, eta lehen ez bezalako kontutxoak elkarri kontatzen aritzen gara. Gaurko berriak ez dira onak; nagusiak zahar-etxetan hiltzen ari dira. Richard Gere-k erraten duen bezala; zaharrak zahar-etxeetan sartzen ditugu, haurrak haurtzaindegietan eta zakur bat erosten dugu paseoan ibiltzeko.

Martxoak hogeita bi. Igandea eta isolatze zortzigarren eguna. Tristura handia ematen dit adinezkoen egoera; batez ere bizi duten bakardadea. Izurrite honek ipurdi airean utzi gaitu, gure gabeziak ageriko egin ditu: krudela, beraz birus madarikatu hau.

Zutik ibiltzen hasi ginenean, ibiltari ibiltzen ginen janari bila; aita, ama, amatxi, aitatxi eta umeak. Inguruko familiekin multzoan. Multzoak beti egiten zuen aitzin, zaharrak eta eriak gibelat gelditzen ziren.

Gaur ere eguraldi xarmanta.

Hogeita hiru ditu martxoak. Eguraldia muku eta lainotsu. Laurogeitarrak izutuak, isolatuak eta bakarrik. Isolatze agindua luzatu dute bertze hamabortz egun, hau da denetara hilabete bat egonen gara egoera honetan; gero gerokoak. Egoenean egotea ez da erraza, ezta inorekin zuzenean hitzik egin gabe egotea ere; ala guztiz ere batzuk pribilegiatuak gara; baratze ttiki bat dugunok; diru arazorik ez dugunok; liburuak ditugunok; eta gauza gutxirekin bizitzen dakigunok.

Martxoak 24. Gaur lainotsu, baina egun ederra dator. Egoera surrealista batean gaude. Udalera deitu dut eta boluntario bat eskatu dut mandatuak egiteko; beraz, nago izutua, ez nuke eritu nahi, oraindik ez! Ontzia urperatzen hasten denean arratoiak ateratzen omen dira fite. Gaurko albiste lazgarria; zahar-etxe batean zendutako eta bizi direnak gela batean nahasian aurkitu ditu gudarosteak. Bizi iraupen handien duen lurraldea omen gurea; patu ironikoa.

Martxoak hogeita bederatzigarrena.   Egun ederra gaur ere, parean daukat Mikelaor baserria eta  belaian artaldea bazkan  dago, eta bildotsak jostetan, gure haurrak egiten zuten nola. Neurri zorrotz pean gaude; zakurrek badute baimena etxetik ateratzeko, ez horrela haurrek. Europa osoa gelditu da, behar-beharrezkoak bertzerik ez dira ekoiztuko hamabortz egunez. Budistak ari dira beraien lurraldeak ur bedeinkatuarekin ureztatzen. Ederra!

Mundu osoa noraezean dabilela dirudi. Politikoek elkarrekin mokokan, osasun-zaintza beharrezkoak elkarri ebasten; egoerak gainditurik; umore beltz egiteagatik ( El Camorote de los Hermanos Mars-n) emanaldi gisa. Badakit gaiztoa naizela, baina ez nago laket datorkigun egoerarekin. Gizarte antolakuntza berri baten beharrean gaude. Erraza erratea, adinekoak garenok badugu zer erran, baina dinosauro nola begiratzen gaituzte.

 Martxoak hogeita hamar ditu. Hotz, eta mendiak kaska txuri ernatu zaigu eguna. Elurra konfinatze garaian, etxean egon behar dugunez, eguraldia lagun dugu. Nire geranioak etxe kontra bildu ditut, ez nituzke galdu nahi; ea loretan daude eta. Bolondres batek mandatuak egin dizkit; gaur kroasant bat eskatu diot, ez zait komeni. Baina tira!

Baikorra ezkor informatu bat da. Pepe Muxika.

Apirilak Bosgarrena; hamazazpi egun isolaturik. Haize hegoa. Pelikula baten barnean banengo sentitzen dut nire burua. Herenegun, gudarosteak Iruñeko alde zaharrean Espainiako ereserkia bozgorailuan, desfilatu zuen. Ez zuen bertze lanik doike; mundu guzia, (literalki) etxean isolaturik eta gudariak aireztatzen. Bertze hamabortz egun luzatu digute isolamendua, dirudienez poliki-poliki eginen dutela ateraldia, eta maskarekin… Gizartea menean hartzeko botereak duen ahalmenak liluratzen nau. Orain arte maska ez zela gomendatzen erraten ziguten, baina badirudi ari direla gizartea prestatzen gomendioa eginbide bihurtzeko; beharrezko izanen diren maskak egiteko denbora hartu bitarte.

Aprilak 6 astelehena, egun hitsa, gogoa bezalakotsua. “Terra incognita” mapa mundi osoa. Gure baitan gelditu gara isolaturik; orain arteko giza-antolamendua zaharkitua gelditu da egun batetik bertzera. Hartalde gisa ontzat hartu ditugu aginteen aginduak: Hausnarketa baten gabe. Kezkagarria beraz gizartearen ahulezia. Zenbait aldiz pentsatu dugun, nola liteken Islam munduan emakumeak aginduz mozorrotzea kalera ateratzeko, Jinko-birusaren beldur? Zein izanen da hurrengo birusa? Jakinik gelditzen zaizkigun fitsak galdu ez nahi ditugula?

Apirilak zazpi. Eguraldi goxoa, lainoak harrotzen ari dira, eta badator eguzkia. Laugarren astea isolaturik. Ni laketzen hasia naiz, nire liburutegia hankaz gora jarri dut, eta, ene! zenbat altxor zokoetan atzenduak! Vesubio-aren haserreak utzi zuen hondamendian murgildu naiz. Bi mila urte geroago sarraskiaren zantzuak arte bihurtu dira, eta bizi dugun egoera goxatzeko artea egokia zaigu.

Atzo albiste xelebre bat entzun nuen. Nafarroako herri ttiki batean, apeza atera zen pozale bat ur bedeinkatu eskuan isats batekin kaleak bedeinkatzen. Polizia foralak gelditu zuen eta isunarekin igorri zuen etxerat.

Aprilak zortzi, egun xarmanta, txoriak erotuak, eta oihana ostoberritan, bartatseko ilargi-osaren magiak dirau. Bakarrik, isilik, ukiturik ez. Zirrarak eta goxoak telefonoz; larru azala zimeltzen; sentsibilitatea galtzen. Multzoa sakabanatu da, bakarka, lerroka, norbera berearekin. Azken denboretan ekonomiaren eraginez, ageriko zen joera hori, birusak erabatekoa egin du. Birusak eta poliziek; lurrez, airez eta dronez behatzen gaituzte; berria da, gure telefonoa ere nahi dutela kontrolatu, gure ibilaldiak une guzietan jakiteko. Eta txarrena, bizilagunak zelatari!

Aprilak bederatzi. Ortzegun Santua, bihar perrexila ereinteko eguna, Ortzirale Santuan ereinten den perrexila, urte guziko perrexila erraten zuen nire amak. Nik etxean perrexil hazirik ez, ezta non erosi ere, hortaz aurten perrexilik gabe baratzean. Erromes gabeko Aste Santua; giristinoak etxean errezatzen; errepideak eta hondartzak hutsik, ostatu eta hotelak etsiak. Donostiako hotelik hoberena “Maria Cristina” erietxe. Hainbertze dira albisteak, ze, eztakit deus; lanbro sakon batetik ezin atera sentitzen naiz.

Aprilak hamar Ortzilara Santua giristino bazara. Ez garenontzako udaberriko egun xarmant bat.

Maritxu urtemugik gabeko emakumea zen. Isolamenduak ustekabean hartu zuen gehienei gisa. Hasieran abestu egiten zuen bakardadea uxatzeko, baina, entzulerik ezean aspertu zen. Goizetan bere burua apaintzen zuen txukunki; zertarako? norentzako? bere baitan galdeka hasi zenean, okina entzun zuen egunero nola, tutua joka. Maritxuk ez zuen ea ogirik jaten, baina fite hurbildu zitzaion, okin mutil burusoil jator batek, maskarapetik irribarretsu hartu zuen Maritxu.

–Zer gan nahi gaur neska?

-_Ba, ekarri ogi bat, ttarra eta meharra.

_Hementxe duzu, ttarra eta meharra.

Metro pare batera eskularruz babestutako eskua luzatuz, mutilak ogia, neskak dirua, eskermile, batak, ezta deus ere, bertzeak. Guti bazen ere Maritxu ongi sentitzen zen. Bazuen zertaz dutxatu, ilea garbitu, soinekoz aldatu… Irrikatan itxaroten zuen eguneroko hitzordua okinarekin. Egunez, egun, politago jartzen saiatzen zen Maritxu; orduan eta alaiago iruditzen zitzaizkion okinaren begiak. Zalantzati zen Maritxu, gustuko nau ala nire fantasia da; ze, ezinegona!; ezinegona bada ere, zerbait bada… Egun hartan holako burutazioetan zegoen Maritxu, hurbildu zen okinaren furgonetara eta okinak jaramonik ere bezero guziak joan arte; neska, deseroso, urduri, paperezko zakutxo bat ateratzen ikusi zuen mutila.

Tori nire polita, donuts bat zuretzako

Aprilaren hamazazpi garrena. Astebeteko etenaldia egin dut nire egunkarian. Ez nuenn deus berririk, egunero berdin jarraitzen dut. Hausnarketa anitz iradokitzen ditu izurrite honek; behar duguna bertzerik ez erosten dugun ezkero, munduko ekonomia erori egin da. Irratiak dio Australian komuneko papera txanpon bihurtu da. Ostatu baten iragarkiak hola omen dio; komuneko paper biribil baten truk kafe bat, sei biribil truk babarrun kilo bat. Psikologoak aztertzen ari dira fenomeno hau.

Duela hiru urte Etiopiatik egin nuen txango bat. Nire bidai kideen ardura printzipalena komuneko papera zen; orduan ez nuen ulertzen; orain agian bai.

Aprilak hogeita lau. Agur terdi Zumeta! Zu gabe ezta Euskal Herria berdina izanen, eta sarritan zure mundu magiko horretan bilatuko dugu kontsolamendua. Berrogei aldiko muga gainditu dugu. Nekatuak gaude, eztugu bidearen hondarra ikusten. Noraezean zonbi nola gabiltza.

 

 2020ko martxoak 13tik _ekainak 21era iraun du alarma egoerak. Udaberri bat galdu dugu.


Utzi iruzkina: