HILERRIKO AZA-LOREAK
HILERRIKO AZA-LOREAK
Pio Baroja
Itzultzailea Lola Sarratea
Herriko irteeran, eta errepideko ezker aldean kokatua, pisu bakarreko etxe zahar bat zegoan, non, hezetasunez belzturiko hormen gainean ageriko egiten ziren letra ilun batzuk, errotulu hauxe osatuz “ARDO SALMENTA BLASIDO”
Hizkiak propiki idatzi zituen artistak haratago joan nahian, eta, ateburuan oilar bat lumak harro, gazi batek bihotz zauritua eta bi hanka gainean pausatua margotu zuen, hieroglifiko misteriotsua, haren erranahia ezin jakin.
Etxeko atalondoa zabala zen, alboetan pilatzen ziren kupelek dendarako pasabidea mehartzen zutelarik. Denda zen estankoa, taberna, papertegia, txokolategia, eta zerbait gehiago. Etxearen gibeleko aldean, mahai batzuk zeuden mahats-parraren azpian, non, igande arratsaldetan Bako-ren gurtzaileak biltzen ziren erausian edo musean jolasten; Venus mina zutenak beroaldia arintzeren parraren freskuran murgiltzen ziren.
Justa, tabernariak negozio ona egin izan ahal zuen, ez balu senarra nagia, zarrastela eta alferra ukan; gizona, berak mostradorean artatzen zituen lagunekin lizunkerietan blagan egonez gain, gereino baten pareko ugalkorra zen.
_Arrayua Blasido! _erraten zioten lagunek_ berriz ere emaztea trabatua? Ez zekiat nola demontre konpontzen haizen.
_Urtekoa, zer nahi duk_erraten zuen_ emakumeak! Zerramak nola dituk. Eta nireak usaintzea haski dik; galtzontziloak iltzean zintzilikatu orduko ernari gelditzen duk. Lur ona eta hazi ona…
_Mozkor arrail ustela, hobe huke lan egin._Oihu egiten zion emazteak.
_Lan egin!. Ze ateraldiak dituen emakume honek.
Ilbeltzean gertatu zen. Blasido mozkor arraila errekara erori zen, lagunek bizirik atera bazuten ere, etxera iritsi zenean hotzikaraz dardarka ohatzean sartu zen. Pneumonia bikoitza zuela erran zioten. Eri egon zen denboran zekizkien zortziko denak abestu zituen. Azkenean, danbolindaria tabernan entzun zuen eta oihu egin zuen.
_Txomin, ekartzen ahal duk txistua eta danborra?
_Nahi baduzu…
Txominek Blasido estimatzen zuen eta ekarri zituen txistua eta danborra.
_Zer nahi duzu jotzea?
_Aurreskua_ erran zuen Blasidok, baino arrada erdian itzuli eta_horrela erran zion_ Azken zatia, Txomin, azkena, ni banoak eta.
Blasidok bertze aldera burua egin eta azken ahatsa eman zuen.
Hurrengo egunean bere lagun Patxi ehorzleak aitzurtu zuen hobi eder, eroso eta sakon bat. Justa, tabernaria haurdun zegoenak jo eta ke jarraitu zuen taberna eta bere zazpi umeak zaintzen, senarraren lagunen aholkuak jarraituz.
Lagun haietatik jarraitzaileena Pitxi-zaharra edo Patxi-infernu zen, horrela deitzen baitzioten. Patxi altua eman ahal zuen, ez balitz hain gizen egon; gibeletik ikusita karratua zen, borobila aurrez begiratuz gero, animaleko sabela profilez; aurpegia, beti bizarra egin berri, gorri eta morantza artekoa zuen; begiak ttikiak eta biziak, hesi haragitsu batez babestuak; sudurra ez zen grekoa, erran beharra dago, baina, ez balitz hainen handia, zabala eta gorria izan, ederra izan zitekeen; hortzik gabeko ahoa zabaltzen zuen irribarre gozo batekin, haren etsaiek ere hala zioten. Zapelak, plater dat nola zabala haren buruan xarmanki ematen zuen.
Mihi gaiztoak ziotenez Patxik gaztaro nahasia ukan zuen; trabuko txar bat eskuan ibiltariak ebasten zituen, han, Errioxa aldean ipar aldeko tren bidea egiten ari zirenean; bazen ere ihes egindako preso bat zela ziotenak; edo itsaslapur ontzi baten eskifaia izan zela; bai eta ondorioztatzen zuena ere, ehotzaile egin zela haurren gantzak jan ahal izateko; aitzitik, egiaren ohorez erran behar da dena zela gezurra.
Patxi behin Ameriketako ibilaldiak eta gero bere herrira itzuli zenean, mendi hegalean zituen haren lurretan hilerria egin zutela ikusi zuen.
Herrian beti erran zen Patxi zendu zela. Gizonak udalari eskatu zionean bere lurra, honek erosteko prest zegoela adierazi zion; Patxi ez zen egon ados udalaren eskaintzarekin, aldiz, trukean ehotzaile postua eta hilerriaren albo batean etxetxo bat egiteko baimena eskatu zuen, bere pipa ahoan, eta boneta buruan bizi ahal izateko.
Bere eskakizunak onartuak izan ziren, eta Patxik etxea egin eta bertan bizi eta hilerria zaintzen zuen; hilotzak ez ziren gehiegi jabetzen gizonaren presentziaz, ze, hilobiak beti bai zeuden landare usaintsuez eta lore ederrez estaliak.
Naiz eta Patxik hilerria xarmanki zaindu, herriko jendeak madarikatu nola begiratzen zuten; igandetan mezara joatea ahanzten zitzaiolako, eta herriko apeza goraipatzen zutenean, begi-keinu batekin “ezaguna laguna” euskaraz, ezagutzen diat laguna ,erran nahi duena; herritarrek maltzurkeriaz pentsatzen zuten ahoz aho zebilen zurrumurruaz ari zela, errana zen apezak hiru ume zituela ondoko herri batean, naiz eta gezurra izan zitekeen, ala egia, ote?
Izua eta laztura handia ematen zuen Patxik herriko amengan, ze, umeak izutzeko; ez bazara isiltzen maitia Patxi-ifernu etorriko da eta eramanen zaitu, erraten zion.
Herriko aristokrazian mespretxuz hartzen zuten Patxi; botikariak, bere burua azkartzat hartzen zuenak, burla egiten zion. Aldiz, Patxi ongi zetorren sendagile gaztearekin, honek, autopsia bat egin behar zuenean, ehotzaileak laguntzen zion; sudur luze baten bat hurbiltzen bazen, eta honek nazka keinu bat egiten bazuen, Patxik begi-keinu bat sendagileari egiten zion, hauek ez daude gure sekretuan erran nahian.
Patxik ez zuen jaramonik egiten bere buruaz erraten zenaren gaitik; Justaren tabernan orakulua zen, horrekin laket; haren auditoria, bidezain peoia, herriko liberal bakarra zena, ordezko epaia, zeinek, inor ordezkatzen ez zuenez, espartinak egiten zituena; Ramon jauna, maistru izana, zeinek, afaria eta botila bat ardo tabernara eramaten zuena; danbolina jotzailea, alondegi langilea… Patxiren hitzaldiak horiek denak erakartzen zituen.
Patxik bazituen esaerak, gizon handiek beti ez zituzten modukoak, eta Hipokratesen pareko atsotitzak botatzen zituen. Bere filosofia esaera honetan zetzan: “ Gizonak belarra bezalakoak dituk; bertzerik gabe egiten dituk sortu; belar batzuk lorea gorria ematen ditek, eta bertze batzuk horia, hortaz, badituk gizon onak eta gizon txarrak; aitzitik, mozkorra izan behar duena, hala izanen duk.
Tabernariak jartzen zion edalontzi ur ttiki bat eta pattar baso handi bat, Patxik ezpainak bustitzen zituen urarekin eta erre espantu keinuarekin pattar basoari zurrupada handi bat ematen zion. Txantxa ederra.
Erantzun kontrakarretan Patxi zorrotza zen. Egun batean meatzari gazte aberats batek bere burua Tenoriotzat zuenak, bere konkisten berri ematen hasi zen.
_Olazabal baserrian ume bat daukat_erraten zuen_ Zubiatirren ere, Gaztelun bertze bat…
_ Hobe huke jakin hire emaztearen umeak norenak diren. _Filosofikoarena egiten erantzun zion Patxik.
Patxik piparen kearekin sudur gorriztatua berotzen zuen eta Amerika aldeko bere abenturak kontatzen zituen barre-algaran eta irri karkaran. Patxiren Amerika aldeko abenturak ziren bereziak. Jokalari, merkatari, ganaduzale, soldadu eta nor daki zer gehiago. Soldadu zela, indio talde bat suntsitu izan behar zuela eta horrelakoak. Aldiz, non benetan iradokitzaile amodio kontuetan zen. Arraza eta etnia guzietako emakumeak maitatu omen zituen; Beltz-aranak, larru-horiak , mulatoak…
Tabernariak izaera bizia zeukan, eta umatu berri, lanean hasi zen, aitzitik, kalenturak jota ohatzen sartu behar izan zuen, sukar puerperalak zendu zuelarik. Emakumea kontuetan atzeratua zegoen, taberna galdu eta haurrak kale gorrian gelditu ziren.
_Hay que hacel algo por esoz niñoz _ erran zuen alkateak, andaluziar itxura eginez, euskaldun ahoskera disimulatzeren.
_Ze edo zer egin behar da haur horiek laguntzeko_ xuxurlatu zuen emeki apaizak, begiek zerurantz.
_Bai, bai ze edo zer egin behar da_ tinko erran zuen botikariak.
_Haurtzaroa, karitatea…_ erantsi zuen udal idazkariak.
Eta egunak igaro, hilabeteak igaro… neskatiko zaharrena neskato joan zen harginen etxera, non laketu zen. Ume sortu berriari, ferratzailearen emazteak ematen zion bularra, ez gogo onez. Bertze seiak, Txomim, Xanti, Martintxo, Joxe, Maru eta Gaxpar lasterka ibiltzen ziren errepidetik eskean.
Goiz batez, ehorzlea orgatxo batekin etorri zen herrira. Bertan sartu zituen sei haurrak eta ttikiena besoetan hartu eta botikan biberoi bat erosi zuen, eta denak elkarrekin hilerriko etxera joan ziren.
_Iruzurti!_ ahoskatu zuen alkateak.
_Ergel inozo hori!_ murmurikatu zuen botikariak.
_Apezak zerura begiratu zuen, halako miseria ez ikuzteren.
_Bere gisa utziko ditu_ iragarri zuen idazkariak.
Patxik ez ditu haurrak bere gisa utzi, eta aitzin atera ditu, pattarra betiko utzi eta kanposantua baratze bat bihurtu du. Hurbil bizi den baserritar bati eskatu dio herriko merkatuan ekoizten dituen azak eta orburuak saltzea.
Patxik kanposantuan ekoizten dituen aza-loreak fama handikoak dira, zaporetsuak eta mamitsuak direlako. Barazkiak erosten duenak ez daki xarmanki ari dela elikatzen bere gurasoen sustantziarekin.
Lola Sarratea Arraiozen 2025eko ekainak sei.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: