IL NOME DELLA ROSA

kanakonea@hotmail.com 1600960187972 Doike! | 2022-01-25 18:55

 

                                             IL NOME DELLA ROSA

                                                  UNBERTO ECO

Azaroak ea berea egina zuen,  eta goiza, ederra. Gauez elur pixka bat  egin zuen, baina, lurra estaltzen zuen  elur geruza meak ez zeukan hiru hatz bano. Ilunpetan, laudeak eta berehala bailarako herrixka batean ginen meza entzunak. Gero, eguzkia argitzean, mendietara abiatu ginen.

  

   Egun hartan ailegatu zen Adso, frantziskotar nobizioa, oraindik bizargabea   bere Maisua Guillermo Barskerville-rekin monasteriora. Sekulakoa iruditu zitzaion mutilari monasterioaren sarrera, goiti begira sartu zen, eta egurats kiratsak zozotu zuen, argiontzi olio lurrun kiratsak dena biltzen baitzuen.

   Abso mutil argia zen, gaiztotu gabea, beti ikasnahi. Bere Maisua monasterioan gertatu hilketak ikertzen ari zen. Berari jarrai ate, korridore, eskalera eta ispiluen amaraunean galdu zen. Idaztokian, erne, aditu zuen idazkari nagusia, bere Maisuari azalpenak ematen. Eta, jakin zuen munduko jakinduriaren gordailuan zegoela. Hogeita hamar bat fraide ari ziren lanean, liburuak kopiatzen, marrazkiz irudikatzen edo bertze hizkuntzetatik itzultzen. Liburutegia giltzatua zegoen, eta atezaina gertu. Maisuak galdetu zion ea sartzerik bazeukan liburuen ikusteko. Bekain ilun ezetz erran zion atezainak. Bera zela liburutegian sartzen ahal zen bakarra adieraziz.

 

 

Non Abso irriz hasten den.

Nire Maisua ez zen gibelat egiten zuen horietakoa. Fraideek kapilean errezatzen zuten orduan, argiontzi bat hartu eta abiatu ginen liburutegiaren ate baten bila.  Ez zen erraza izan, hamaika traba gainditu eta gero ailegatu ginen. Liburutegia ikaragarria zen. Nondik hasi?. Maisua liburua hartu, gainbegirada eman eta utzi ari zen; batean, batekin gelditu eta arretaz begiratzen hasi, sakelatik atera zituen begi lagunak: urkila bat zen, sudur gainean posatzeko moduan landua, (zalduna zaldi gainean nola) urkilak alde bitan, begi parean, bazituen bi beiraki edontzi ipurdi bezain lodiak.  Zeharka begira nintzen, ez nuen ongi ikusten, baina, marrazki zoragarri batzuk limurtu ninduten. Argirik gabe gelditzen ari ginenez, itzultzea bertzerik ez zitzaigun gelditzen. Nahiko nahasia nengoen, gauza anitz ez nituen konprenitzen. Alako jakinduria, halako urrea eta harribitxi aldarean eta inork ez zuen irrik egiten; beti mutur luze, inongo bizipozik inoiz… Maisuari galdetzen ausartu nintzen.

     _Maisu Jauna, zer dela eta, ez du inork irrik egiten monasterioan?

     _Jesusek ez zuelako irrik egiten, hala uste ditek hemengo fraideek.

    _Berorrek ere hala uste du?

   _Ez, doike! Jesusek irri egiten zuela. Lasai hadi Adso. Goazen, berandu duk.

   Ezin nuen lorik egin, liburutegian ikusi marrazkiak limurtu ninduten. Monasterioa lo zegoen, aditzen nituen zurrungak, hala adierazten zuten.  Tentuz argiontzia hartu eta liburutegiko bidea hartu nuen, (edo hala uste nuen) korridore makurrean argiontzia goititu eta mamuz betetzen ziren zoko guziak. Gogoan nituen bezperan ikusitako monasterioan hil ziren edo hil zituzten fraideen burezurrak. Izutua, dardarka asots bat aditu nuen. Ezker aldera ate bat erdi irekia ikusi eta sartu nintzen. Aretoa epel zegoen, eta izpiliku,  intsusa, txilarra, eta mirto lurrinak hordigarri egiten zuen eguratsa. Sukaldean nengoen, eta labearen ondoan mugimendu bat sumatu nuen. Hurbildu nintzaion eta neska bat ikaraturik ikusi nuen. Lasai zedin keinu baketsu bat egin nion, orduan, neskak eskua luzatu eta nire masaila ukituz, irri egin zuen. Neskak, soineko arruta lizunki bularrak agerian zuen; ederren artean zen ederra neska. Eta kilikatu nintzen, ernatu nintzen, eta limurtzen hasi. Biluzi zen neska, eta nire abitua emeki kentzen lagundu zidan. Larrugorritan, lotsarik gabe, gozo, lurrean iraulka ginela argiontzia itzali zen. Neskaren eztizko ahoa xurgatzen; mahats mulkozko bularren zaporea dastatzen; marfilezko zangoak ferekatzen; zeruko izarren artean dantzan irrika hasi nintzen.            

                                                                                                    Lola Sarratea

                                                                                              Arraiozen 2021-12-08

    


Utzi iruzkina: