IBILALDIA
IBILALDIA
Hurrengo eguneko bilera Nivelleko golf zelaian izen zen. Arratsaldian Paristik trenez iritsi ziren zortzi sindikalista. Haien agintari hoberenetakoak zuzenduta zentoztela erran zuten. Errifle batzuk kaxa fakturatu batean ekartzen zituzten; polizia frantsesa beha zuten, eta ezinezkoa egin zitzaien armak atera eta Nivelileko zelaira eramatea.
Haietako anitzek banatu zituzten pistolak, dagak eta nabalak Donibane Lohizuneko plazan, musika kioskoaren ondoan. Adostutako lekuan bildu zen jendea, Niveleko golf zelaian, eta gauerdian abiatzea erabaki zuten. Laurogei edo laurogei eta hamar bat gizon izanen ziren
Muga pasatzean karabinero bikote batekin edo Guardi Zibil bat edo bertze ikusten bazuten, elkarrekin joateko gonbita eginen zieten; ezetz erraten bazuten nabala erakutsi eta behartuko zituzten.
Taldetan banatu ziren, bakoitza bere buruzagiarekin, bidea ezagutzen zutenak izanen ziren talde zuzendariak. Erraten dute ez zutela talde guziek bide berdina hartu Espainian sartzeko, sakabanatu zirela, aldiz, bide berdina egin zutela denek, erraten duena ere bada.
Donibane Lohizuneko golf zelaitik, Nivele ibaiaren ertzean abiatzen da Berako bide zaharra, Napoleonen bidea deritzona. Bide hau Gaztelu Zaharraren eta Santana gazteluaren ondotik pasatzen da, non, Iraultza Frantsa garaian gotor leku bat izan zen.
Bidea, Oletara hurbiltzen da, Donibane Lohizunetik zazpi bat kilometrotara dagoenera, eta hamarrera iristen dena muga egiten duen Inzola errekara. Oleta bi etxe multzok osatzen du, berrogei etxe mendi aldera sakabanatuak eta behitiko aldean herri ttiki modura elkartuak; pilota plaza ere badu.
Espainiako mugara iritsi baino lehen, errepide zaharrak Urruña eta Azkaingo bidea gurutzatzen du, eta goian dauka Espainiako muga. Handik Espainian sartzerakoan, bidea malda behiti da, Napoleonen atakatik pasa eta erreka bat jarrai Altzate auzora ematen du. Beran.
Jende multzoa, golf zelaian pozik meriendatu eta edan ondoren. arratsalde erdi aldera abiatu zen.
Udazkeneko egun eder bat zen, umela, epela eta lanbrotsua. Lanbroa mendi gailurrei besarka, amildegietan murgiltzen zelarik; ur tanta batzuk inoizka.
Zein harresi ilun, mendi kate lainotsuaren gibelean zegoen abenturazale haien lurraldea. Lurralde iluna eta makurra, inkisizio bezain beltza zen, hola, beraien baitan irudikatzen zutena. Sindikalista batzuk pistolak eta munizioa zeramaten; bertzeei erran zieten muga pasatzean armak emanen zizkietela.
Oleta behitiko aldetik pasa ziren sindikalistak, iratze artean igo ziren Espainian sortzen den errekatxo baten ondotik, Ziburumendi eta Etorkinen mendi artetik.
Urrunean, Olaberrieta eta Larreina baserrien argiak ikusten zituzten mugako Inzola ostaturaino ailegatu bitarte. Haren aitzinetik pasa ziren. Iluna eta hutsa zegoen. Ortzeguna zen, eta ortzileratan Donibane Lohitzunen azoka izaten zenez, agian garaiz joanak ziren beraien ekoizkinak saltzen lehenak izateko.
Mugan, Frantziako aldean, haietako batzuk munizioa atera eta pistolak egin zituzten kargatu. Mugalariek ezagutzen zuten doike lurraldea eta mugarriak. Mugarri 19an karabinero egon toki bat dago beti, hortaz, mugalariek 18 mugarrira gidatu zuen jende multzoa. Handik sartu ziren Espainiako lurraldean. Mugarri 18tik hartzen da Berako bidea: bide bat Gartzinatik, Usategieta deritzon Napoleonen atakatik jarrai, eta bertze bat, Ardizako edo Arrano Harkaitzetik.
Espainian sarturik, talde buru zen Naveira deritzon galiziar batek, linterna bat biztu zuen eta zulo bat argitu, bertatik pistola batzuk atera zituen eta hasi zen armarik ez zutenen artean banatzen. Behitiko aldean herriko argia ageri zen.
Erraten dute Intzolako errekan talde handienak Usategieta eta Napoleonen bidea hartu zuela, talde ttiki batek Ardizakoa hartu zuela. Batak eta bertzeak Bera eta Altzate artean Eztegarako errepidean gelditu ziren elkartzeko, alde batera utzia zegoen tranbia elektrikoaren kasetaren aitzinean.
Ibilaldia isila izan zen. Bi karabinero ohartu ziren haien presentziaz, baina ez ziren kezkatu; ez zuten lurraldea ezagutzen eta ez zekiten handik baserritarrik ibiltzen zenik ordu ttikitan.
Ilargia altxatu zen, gaua beltz gelditu zen eta lankarra hasi zuen. Mutil gazte batzuk mendian ilunpetan, pistola sakelan ikaratu ziren eta atzera hasi ziren. Hamar bat izanen ziren gibelat egin zutenak. Morrosko mostatxo beltz bat, Parisen metalurgiko zena, egarri zela eta ur bila atzera egin eta ziztu bizian Frantzia aldera egin zuen.
Kezkaturik, traidore buruz hasi ziren…
_ Ez ote gaituk kamusada batean erortzen ari?
_Hau porrot bat bertzerik ez duk_zion batek.
_Honetako etorri al gaituk?_ bertze batek.
Hala jarraituz gero espedizioak porrot eginen zuela jabetu zen Santllana deritzon guardia Zibila izandakoa, gizon handi bat zen, eta zutik, taldeari bizkar emanez, pistola eskuan oihu egin zuen.
_Atzera egiten duena tiroz kasatu diat.
Santillana zen dudarik gabe taldea agintzeko egokiena. Ez baldin bazuen egin zuen mehatxua egin, sindikalista denak Frantziara itzuli izango ziren lasterka, doike.
Guardia Zibila izandakoaren tankerek animatu zituen taldeak, hauek mugalariek gidaturik jarraitu zuten aitzina, haitzurdin harrobia pasa zuten, Altzateko auzoraino iritzi ziren, bide xigor bat hartu eta kale nagusian sartu ziren, eta Eztegara kaletik bertze auzora ailegatu ziren.
Mugalari batek, ondoko herriko apez baten iloba, ez zuen sartu izan nahi Altzaten, eta bere taldearekin Oihartzun aldera hartu zuen, non, hurrengo egunean denak atxilo hartu zituzten.
Espedizioa hain zen zentzugabea, ze, Altzate eta bera artean gelditu zirenean noraezean, ez zekiten nora jo.
Santillanak ziurtatu zien bertze matxinatu talde batzuk heldu zirela: eta Iruñetik Irunerako errepidean itxarongo zituztela.
Berara hurbildu ziren. Ilargia hodei ekaitsuetan itzaltzen ari zen zeruan; hodeitzarrak haizeak astindurik, bat bertzeari enbarazu egiten. Gaua zen beltza, pisua, umela, eguratsa itsa eta gordina. Zeruak hulezkoa edo bike urtua ematen zuen, gai trinko urtsua berea. Bi argi elektriko egiten ziren distiratsu zisku argitsu artean. Eskuin aldera zabaltzen zen zuhaitz harresi ilun bat. Leiho batzuk argi herriko etxeetan, laino artean murgilduak; ondoko errekak udazkeneko azken euriak handitua, harrabotsa zerion gau hartan.
Hartu zuten taldeek Iruñerako bidea. Parez pare burdinolaren argiak ikusi zituzten; eraikuntza ilunaren leihoak labeen suaren dirdiran murgildurik. Asots zakarrak entzuten ziren; txinparta hodeiak tximinietatik atratzen zirenak. Jarraitu zuten burdinolaren egia kilometro bat, eskuin aldera ibaia aditzen zuten, bidearen hertzean 26 kilometroan, harako txabola antzeko bat zegoen, haren ondoan eseri ziren. Nekatuak, sindikalistak ez zeuden ibilaldi luzeak egiten ohituak. Hiru eguneko martxa, mendiz, ilunpetan… leher eginak, jatekoak atra eta hantxe gelditu ziren, jaten eta edaten.
Lola Sarratea itzultzailea. Pio Baroja egilea.
2026ko maiatzak 30

Iruzkinak
Utzi iruzkina: