AZTIA
AZTIA
Aristondoko bentako jangelak, non, afal ostean biltzen ginen, kasino baten ospea zeukan. Gela handi bat zen, arras luzea, sukaldetik trenkada batez aldendua, zeinaren atea ea beti irekia egoten zen, hortaz, nahieran kafe bat edo Maitoni kopatxo bat eskatzen ahal genuen, etxekoandreari edo haren alaba bati. Bi ziren haren alabak, bat bertzea baino politagoa, bat serioa, bere baitan murgildua beti, natura begiratzeak ematen duen begirada gozo batekin, bertzea bizi bizkor eta aurri handikoa.
Aretoaren paretak karez zurituak, haien adornu bakarra zezenketa ale batzuk simetria handiz jarriak eta paretari erantsiak tatxet batekin, eta aspaldi urre kolorea galdu eta belztuak eta koipetsu zeudenak.
Nagusiaren eskua nabari zen han. Jose Bueno, izenak adierazten zuen gisan, ona zen, zintzoa eta on-puska bat. Gelaren ornamentuan ikusten zen haren izaera, simetrian, ordenan eta bahimena ematen badidazue, haren samurtasuna.
Jangelaren sabaia habe belztu batzuk gurutzatzen zuten, nondik, bi kinke petrolioz hornituak zintzilik zeuden, sukaldean erabiltzen diren horietakoak, ze, argia baina ke gehiago ematen bazuten ere, nahiko ongi argitzen zuten erdiko mahia, hau da mahi borobila, eta nahiko txepel bertze ttikiak, gelaren iskinetan zeudenak.
Gauero hartzen genuen han kafea; bazen ardoa nahiago zuena ere, eta hizketan aritzen ginen sendagile gaztea, maistrua, galdaketa langilea, Patxi postaria, Guardia Zibil kaboa, eta bertze batzuk maila baxuagoak zirenak. Parrokiano nola, eta jende berezia ginenez, erdiko mahiaren bueltan esertzen ginen.
Gau hura azoka bezpera zen, eta hortaz asteartea. Ze, uste dut ez dela izanen inor ez dakiena Arrigotiako azoka hilabeteko lehendabiziko asteazkenetan egiten dela: ze, azken finean, Arrigoitia herri garrantzi handikoa da, hirurogei biztanle ditu, inguruko baserriak kontatu gabe. Azokaren eraginez asteazkenetan bertzetan baino jende gehiago ibiltzen zen herrian.
Ari ziren tute partida bat jolasten sendagilea eta maistrua, etxekoandre sartu zenean, potoloa eta irribarretsu zen Maintoni eta galde egin zuen.
_Aizu sendagile jauna, nola jarraitzen dute Aspilaga ferratzailearen alabak?.
_Nola nahi duzu egotea? gaizki_erantzun zuen sendagileak deseroso,_era bat burutik joanak. Gazteena, histeriaka bat denari, bartatsean atake bat eman zion, bertze haizpek bertzerik gabe irrika eta negarka ikusi zuten, eta harekin batera hasi ziren haiek ere. Histeria kutsadura klasikoa. Bertzerik ez.
_ Eta, sendagile jauna_jarraitu zuen etxekoandreak_ Egia al da Elisabideko petrikiloa deitu dutela?
_Uste dut baietz; eta petrikilo hau, burutik dago, erran die etxean azti bat egon daitekeela, eta deliberatu dute aztia, auzoko katu beltz bat izaten ahal dela, noiz nahi agertzen delako. Izan zaitez sendagilea horrelako zoroekin!.
_Ba Galizian biziko bazina, ikusiko zenuke ederra_ bota zuen galdaketa langileak_. Guk neskamea geneukan Monforten, ze, eltzaria erretzen zitzaionean, edo gatza gehiegi gisuari botatzen zionean, aztia izan zela erraten zuen; nire emazteak herritan ematen zionean, zokoetan aztia entzuten zuela erantzuten zion.
_Baina badirudi Galiziako aztiak ez direla hemengoak bezain basapiztiak –erran zuen sendagileak.
_Bai zera! Mota guztikoak daude. Horrela, erraten zigun Monforteko neskameak. Batzuk dira onak, eta aletegietan ebasten duten garia eta artoa eramaten dute etxera, eta zuen lurrak zaintzen dituzte, baita behar bada zure oinetakoak garbitu ere. Bertze batzuk maltzurrak dira, hilerrian haur hilotzak lurpetik ateratzen dituzte. Azkenik, beti trufari despentsako ardo edaten dute, eta lapikoan haragi pusketak atera eta harriz ordaintzen dituzte. Gauez harrabotsa ikaragarrian jolasten dute, eta etxeetan ezin lorik egin.
_Eta hori egia da?_galde egin zuen inozo, postariak.
Parrez hasi ginen postariaren ateraldi inozoarekin, txantxarekin jarraituz.
_Eta bada nor aztia ikusi duenik ere_ erantsi zuen batek.
_Bai_ erantsi zuen sendagileak jakintsuarena eginez_hori beti gertatzen da. Galdetzen diozu bati. Zuk ikusi duzu? Eta erantzuna: “nik ez baina baten semeak ardiekin mendia zela, ikusi zuen”, hau da, denek ziurtatzen dute ikusi ez duena.
_Hori anitz errate da jauna_ xuxurlatu zuen ahots batek gure alboan.
Itzuli ginen nor zen hitz egin zuena ikusteren. Ibiltari bat zen, arratsaldean herrira iritsi zena, eta ondoko mahaian afaltzen ari zen.
_Ze ba, zuk ikusi al duzu aztirik?_galde egin zuen postariak.
_Bai jauna.
_Eta, nola izan zen?_ galde egin zuen postariak begiarekin keinu eginez maltzur_. Konta ezazu lasai, konta ezazu, eseri zaitez gurekin jatekoa bukatu baduzu. Kafea eta kopa batera gonbidatzen zaituztegu historia horren trukean_ eta postariak berriz ere begiarekin keinu eginez.
_Ba, horrela izan zen_erran zuen ibiltariak gure mahaian esertzean_. Herri batetik atera nintzen eta bidean ilundu zuen.
Gaua hotza zen, lasaia; haize izpi bat ere ez zen mugitzen. Ingurua kezkagarria zen; lehendabiziko aldia zen Asturiasko mendi hartatik nabilela, eta egia da beldur nintzela. Arras nekatua nengoen, zakua bizkarrean pisu egiten zitzaidan, baina ez nintzen gelditzen ausartzen. Bihozkada batek erraten zidan paraje hartan ez nengoela seguru.
Batean, ez dakit nondik eta nola, zakur ahul beltz bat hurbildu zitzaidan, eta jarraitzen, eta jarraitzen. “Nondik atera ote zen pizti itsusi hura?”galde egin nion nire bururi. Jarraitu nuen aitzin eta zakurra gibeletik lehenik kurrinka, gero zaunka.
Egia da, zakurren zaunka ez dudala gogoko. Aspertzen hasi nintzen eta zakurra lekutzeko astamakilaka bat ematea otu zitzaidan; baina makilarekin itzuli nintzenean haize bolada batek hautsa goratu zuen eta itsu utzi ninduen. Zakurra irrika eta irrika hasi zitzaidan gibeletik, eta orduan dena egin zen makurtu, estropezu egin eta erori nintzen, malda batean irauli nintzen eta erroiztu, eta zakurra irrika, eta irrika nire gibelean.
Ni errezatzen hasi nintzen, Rafael Sainduari komendatu nintzaion. Rafael Sainduak lagundu ninduen paraje hartatik ateratzen, eta herri batera eraman ninduen.
Herrira iristean zakurrak ez ninduen jarraitu. Ero bat bezala zaunka gelditu zen etxe zuri baten baratzean. Kurritu nuen herrixka, herria mendi magalean kokatua, etxe baxu eta teilatuak teila belztuekin zen, ez zuen kale bat bertzerik. Etxe guziak etsiak zeuden, sai ttiki bat ez ezik, argia zegoen, sartu nintzen, eta aretoa karez zuritua eta sabaia soliboz gurutzatua zeukan, gizon bat nahiko traketsa emakume zahar batekin solasean, su ondoan zeuden, nire gertaera kontatu nien.
_Eta zakurra zaunka gelditu da?_galdetu zuen gizonak irrikan.
_Bai, kalearen sarreran dagoen etxe zuriaren atarian.
_Hori aztia zen, xuxurlatu zuen emakumeak_eta herioa gaztigatzera etorriko zen.
_Nori? Galdetu nuen larriturik.
_Etxe zuriaren nagusiari.
_Ba da ordu erdi bat sendagilea bertan dela. Laster itzuliko da.
Solasean jarraitu genuen, eta batean sendagilea ikusi genuen zetorrela zaldiz, haren aitzinean morroi bat argiontzi batekin.
_Eta, eria nola dago sendagile jauna?_galde egin zuen andere zaharrak sototik atera eta.
_Ba, zendu da_ erantzun zuen sendagileak, ahots lehorrez.
_Ene!_erantzun zuen andereak_ aztia izan da!
Bortz muturreko izar bat egin zuen lurrean makil batekin emakumeak, bere semeak berdina egin zuen. Nik ere gauza bera egin nuen.
_Aztietatik babesteko da_ erran zuen andere zaharrak.
Eta, horrela izan zen, gau hartan ez ziguten aztiak enbarazurik egin, eta ederki egin genuen lo. Ibiltariak bukatu zuen, isilik gelditu zen, denak zutitu ginen etxera itzultzeko.
Pio Baroja. “El Trasgo “
Lola sarrateak Itzulia.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: