AMETSKERIA

AMETSKERIA Doike! | 2026-04-11 16:15

Egunero nola arratsalde apalean ibilaldi bat egitera atera naiz. Erreka bazterra maite dut, belai ttiki bat dago, hegian,  lizarra haltza eta akazia batzuk ematen duten itzala laket zait. Bertze aldean baratze eder bat dago, aza, zerba porru eta tomate artean oiloak dabiltza.

Oilarra errege, lumazko koratiloa ortzadar irisatua, paparrean parpaila horixka, buztana harro, eta txapela gorria hiru puntakoa, itxura aristokratikoa berea.  

 Ezpel hesi batek esten du baratzea, ez dakit nola, baina,  jauzi egin eta nire ondora etortzen da oilarra. Nik kaixo irribarretsu erraten diot, eta  bere azabatxe koloreko begiekin behatzen nau oilarrak. Elkarrekin ibiltzen gara harat, honat, isilean, aspaldiko bikote bat nola.

ZARA-ra joan naiz. Itxura egokitu nahian, erosi ditut gona loredun bat, alkandora koloretsua eta eguzki egunetako guardasol zuri bat. Guardasola anitz gustatu zaio oilarrari, keinuz adierazi dit, edo hori nahi izan dut ulertu. Ni pozik, lagun berria egin dut eta.


Utzi iruzkina: