Euskal Herriko lehen inpresionistak (I)
Elorrieta auzoari atzean duen mendi magaletik datorkio izena. Gorago dagoen Elorriaga mendiaren antzera, sasoi hartan Sepurukoatxako hegi aldapatsuak ere elorriz josita zeuden. Haiek lautzea eta itsasadarrarera heltzea ia bat ziren; izan ere, 1880ko hamarkadan Portuko Obren Juntak Ibaizabalek hartzen zuen tarte zabal bat lehortu arte ia ez zegoen ezertarako lekurik bertan. Auzoaren sorrera, beraz, une horretanxe kokatu ahal dugu. Hazkundea, garaia bezala, ikaragarri azkarra izan zen eta, mende berriak urte gutxi zituela, fabrikek eta etxebizitzek –aipamen berezia merezi duen Etxe Handia tarteko- eremu guztia hartzen zuten.
Inguruetan, aldiz, aspaldi finkatu ziren baserritarrak Tellaetxe auzoa osatuz eta, itsasadarrean gora jarraituz gero, berriz, portu giroko auzoa zegoen, Deustuko Erribera alegia. Mende aldaketaren garaian auzo hauek guztiak euskal pintura abangoardietara zabalduko zuten margolarien leku kutunak bihurtu ziren. Zelanbait esateko Ibaizabal gure Sena bihurtu zen eta Deustualdeko etxadiak gure Louveciennes edota Port-Marly. Uholdea Port Marlyn. Alfred Sisley, 1876
Eta zeintzuk ziren, bada, aitzindari horiek? Bi nabarmentzen dira: Adolfo Guiard eta Anselmo Guinea, biak ala biak bilbotarrak. Guiard zen bietan gazteena - 1860an jaio zen; Guinea, berriz, 1854an- baina, agian aita frantziarra zelako, bera izan zen lehena Parisera abiatzen. Izan ere, Adolfo, artean gazte eta berde zela, Frantziako hiriburura heldu zen 1878an. Erabakia ez zen garrantzi bakoa; atera kontuak, estatuan bilbotar gaztea izan zen lehena Erromaren ordez Paris aukeratzen bere formaziorako. Hautuak ondorio sakonak izango zituen bai Guiarden obran bai euskal pinturaren norabidean, Montmartre inguruan egozten ari baitzen arte garaikidea irauliko zuen mugimendua, hau da, inpresionismoa.
Guiardek zazpi urte eman zituen Parisen eta, beste ezerk baino lehen, egonaldiaren luzerak berak emankorra izan zela erakusten digu. Pintore gaztea erraz ekandu zen hiriko giro artistikora eta harreman estua izan zuen margolori askorekin. Sarritan aipatu izan da Degasek utzi ziola arrasto nabarmenena, bereziki teknikari zegokionez –inpresionisten artean bera zen marrazketa gehien landu zuena – baina beste asko ere ezagutu zituen, Monet, Pissarro, Gauguin eta Signac, besteak beste. Itsasadarra Desierton. Adolfo Guiard, 1897.
Edozelan ere, 1886rako Adolfo bueltan zegoen. Han eta hemen begiratu ondoren Etxatxu baserria erosi zion Marcelino Ojinagari Deustuko Tellaetxe auzoan eta hurrengo urteetan makina bat artelan ondu zituen inguruetan, besteak beste, Itsasadarra Desierton (1897) edota Krabelin gorridun baserritar gaztea (1903). Azken koadro honen inguruan askotan esandakoak gogoratuko ditugu beste behin ere. Kokapenari dagokionez, Elorrietako Etxe Handitik urran izan zela; protagonista, berriz, Asunción Ojinaga zela, Etxatxu alboan zegoen Errekaurti baserriko alaba.
Iruzkinak
2021-05-12 08:41 #1
Ongi etorri gure blog-komunitatera, Pedro. Bide luzea izan dezala Deustuko Errepublikak!
Pedro Zuberogoitia. Historia Garaikidearen zidorretatik; euskaraz eta euskaratik, jakina. Txioka ere ikusiko nauzu @pedrozuberogoit 2021-06-09 11:00 #2
Kaixo!
Badago modurik zuei pribatutik idazteko?
Utzi iruzkina: