Literatura ez dut gustoko

denetik 1456131883257 denetik - borthuzai | 2006-12-06 16:36

Durango iritxi da aurten ere eta berriz ere aurpegiratu dit urtero ahazten saiatzen naizen egi gordina: Literatura ez dut gustoko.

Dezente irakurtzen dut, bai, baina laneko kontuak ez direnean, zientzia dibulgazio liburuak, eta bestela arte bisualen inguruko kontuak (arte plastikoen historia, mugimenduak...). Bi mutur horien artean ibiltzen naiz saltoka, zientziatik artera, eta bueltan berriz ere zientziara. Artearen inguruan ezer ziurrik ez dagoela eta erlatibista bihurtzen naizenean, guzti horretaz nazkatu eta zientzia dibulgazio liburuak hartzen ditut esku artean, ziurtasun bila ("hau horrela da" horren bila) zer da konszientzia, materia, kosmoa... eta txapa hauekin nazkatzen naizenean, errenazimenduko edo XX. margolanek liluratzen naute eta berriz ere arte gosea pizten didate. Batetik bestera mareatu beharrean nabil.

Literatura ordea ez. Ez dut pazientziarik. Ez dut plazer estetikorik sentitzen. Ez dakit zergaitik. Aspertu egiten naiz. Idazle batek bere liburuaren inguruan egindako komentarioren bat entzuten badut, nahikoa dut (you know, nobela hau gorrotoaren inguruan da, eta emakumearen irudia denen arteko batasun sinboliko bezela erabiltzen dut.... entzutean, nahikoa dut, ez dut liburua irakurtzeko beharrik sentitzen). Ez dut irakurtzearen ekintzan plazerrik aurkitzen.

Ez dakit zer gertatzen zaidan. Idazle horren komentarioa zine zuzendari bati entzun banio berriz, pelikula ikusteko irrikitan geratuko nintzateke, ez dakit, azken finean bi ordu bakarrik dira.

Nik irakurtzen ditudan liburuetan ezagutza bilatzen dut azken finean. Ezagutza zientifikoa eta arte munduaren inguruko ikuspuntu objetibo bat, historia. arte mugimenduak sailkatu, nork noren eragina duen jakin... eta ondoren dator artelana beraren plazerra. Ez dakit, ni ezbairik gabe tipo bisuala naiz. Begiak dira nire organurik garrantzitsuenak. Horretan ez daukat dudarik ere. Musika ere bai, gaztetan musika pilo bat entzuten nuen, orain ere entzuten dut, baino gutxiago. Nik "ikusi" beharra daukat. Pelikulak, margolanak, eskulturak, arkitektura... Entzumena letorke ondoren, eta irakurketa azkenik. Ez dakit zergaitik.

Badakit Joyceren Ulises la puta polla dala, Quijote heroi izateak gure inguruko errealitateko gauza asko esplikatzen dituela... baina irakurtzean aspertu egiten naiz. Ez dakit zer gertatzen zaidan.

Eskerrak aurten ere Durangon Gaiak argitaletxea hor izango dugunik, Oteizaren lanak ere aurkitzea zaila izango ez denik, eta hoberena, Krutwig-en Vasconia-ren berredizioa labetik atera berria izango dugunik. Bestela ez dakit zer izango zen nitaz.


Utzi iruzkina: