DONT LOOK BACK: BOB DYLAN eta CINÉMA VÉRITÉ

cinecitta 1456131852781 Cinecittá | 2007-09-11 16:44

Kazetaria: Irakurri duzu Biblia?

Dylan: ummm... ez

Kazetaria: Zure kantuetan esaten dituzun gauza askok Bibliarekin dute zerikusia...

Dylan:  Begiratu bat eman diot... tira, ez, ez dut irakurri.

 

1965, Erresuma Batua. Bob Dylan izar amerikarra bira egiten ari da irla osoan. Berekin daude Joan Baez, Donovan, Alan Price (Animals taldeko piano-jotzailea), Albert Grossman (bere managerra) eta beste hainbat eta hainbat. Horien artean, da D.A. Pennebaker, kamera eskuetan, Cinéma vérité kutsua duen dokumentala grabatzen.

 

Gertutasun eta errealismo ikaragarria duen filmea da. Interesgarria eta ikusi beharrekoa: ez Bob Dylan-en jarraitzaileentzat bakarrik, 60. hamarkadako giro artistikoa ezagutu nahi duen ororentzat ere bai: publikoaren erreakzioa, prentsa, fans-ak, artisten arteko harremanak eszenatokitik kanpo, kamerinoetako uneak, kontzertuak, haserreak, borrokak, txantxak... denak du tokia filmean. Dylan-ekin bira bat egitea bezala da: berekin dago kamera, berekin gaude gu.

 

Dont Look Back (1967) aitzindaria izan zen musika dokumentalgintzan, filmea dokumental moduan ulertzen badugu behintzat. Orain gure eskuetara heldu da, bi DVD, liburuxka bat eta opari txiki bat dakartzan pack batean: gustagarria, zirraragarria eta ona.

 

Cinéma vérité: zenbait ohar

 

Europan 1950. hamarkadan sortu zen zinema egiteko modu berria izan zen, Ameriketara, eta, bereziki Kanadara zabaldu zena. Aurrekariak eta eraginak (Neorrealsimo italiarra, Nouvelle Vague-a) izan bazituen ere, 60. hamarkadan jo zuen goia mugimendu honek. Zinema mota honen helburuetako bat zinemagintza klasikoak ezartzen zituen mugak gainditzea zen. Zinema klasikoan filmea narrazioaren mende bazegoen, Cinéma vérité-n (Egiazko zinema) ez zen gidoi egituraturik, ezta narratiba klasikoak filmea “ulertzeko” ematen zuen erraztasunik ere. Honela, logika horretatik haratago, ikusleak egoera antzeman eta hain ulergarri ez diren istorio eta pertsonaiak interpretatu behar zituen. Freskotasuna, askatasuna eta “beste” errealismo bat, psikologikoagoa, “egiazkoagoa”, dira Cinéma verité-ren  ezaugarri.

 

Kamera eskuan eta zuzeneko soinuarekin, unea hartu eta pantailaratzean datza bere teknikak. Aktorerik gabe askotan, merke, eta lantalde txikiarekin, errealizazioak inprobisaziorako eta bat-bateko sormenerako bide ematen du. Dokumentaletik asko du, baina istorioak bere modura azaltzeko gai ere bada. Frantzian jarraitzaileak izan zituen, eta mugimendu honen inguruan kokatu izan dituzte Jean Rouch eta Jean Luc Godard bera ere. Kontrako azaldu zirenak ere izan ziren, Francois Truffaut, esaterako, honela mintzatu zen urte batzuk geroago El placer de la mirada-n (Cahiers du cinéma, 1987) argitaratu zen artikulu batean:

 

“Nire ustez Cinéma vérité-ko filmeak oso onak dira zuzendari, ekoizle eta aktoreentzat, baina ikusleari ez diote ezer eskaintzen; honelako filmeek doakoak behar lukete. (...) Beste modu batera esanda, jendeari ordainaraz diezaiokegu gezur antolatu bat ikusteko, baina ez egia desordenatu bat erakustearen truke”.

 

Eztabaidak eztabaida, zinea egiteko era berritzaile honek eragin ukaezina izan du ordutik hona egin den zinemagintzan, zuzendari askok errealismo kutsu hori ematen baitiote beren filmeetako hainbat eszenari. Nabarmena da, adibidez, Dogma 95 mugimenduarekin duen antzekotasuna.


Utzi iruzkina: