Nor da Joxemari Carrere?
Nork bere burua definitzea zaila bada, are zailagoa oraindik ohikoa ez den zeregina izanez gero; alegia, galdetzen didatenean zein den nire ogibidea ez da, omen, oso serioa erantzutea "cuentista; erantzuna, normalean, ikaslea (ofizioa bihurtzen ari baita azken aldian), elektrizista, mekanikoa, irakaslea izaten baita; horiek bai, baina kontalaria!
Zer egingo diogu ba. Pasai Donibanen (Sanjuanen) sortua, baina Orereta/Errenteriara (Errendeira) bi urterekin aldatua. Galtzaraborda auzo eraiki berrira. Eskola frankista. Eliza frankista Asfalto eta porlanezko haurtzaroa Alfabetatze bidea institutuan. Herriko giro beroa, beroegia, goria. Kultur kezkak.
Institutuko irakasle batek proposatuta, hamasei urterekin Oreretatik Oiartzun aldera abiatzen hasi nintzenean "Intxixu" antzerki taldean parte hartuz, nola asmatu besteei belarria berotzen ariko nintzela, ofizio gisa jakina. Bihotzeko Touring futbol taldea utzi ondoren, bueno bankiloa utzi ondoren, antzerkira zuzendu nituen nire urratsak, eskenatokian "bankilorik" ez baitago. "Antzerti" antzerki eskola etorri zen geroago. Ordurako Euskal Herriko hainbat frontoi, plaza eta antzoki korrituak nituen "Intxixu"rekin. Antzerki eskolan lan egiteko beste erak ezagutu eta antzerkiaren konplikazioekin zorabiatu nintzen. Euskaraz antzerkia egitearen zailtasunak tartean.
Beste talde batzuk heldu ziren geroago: Maskarada, Sebastopoleko Titiriteroak. Telebistako pertsonaia hiper-super-maxi-arrunt-sekundarioegiaren bat egitea (ama oso pozik utzitakoa hala ere).
Euskara irakaslea izatearen esperientziaz zer esan. Uste dut azkenean lortzen nuela ikastordua amaitu aurretik ikasleak ez lokartzea, lagunak egin ginelarik sagardotegietan.
Hainbeste mintza eta mintza, ipuinaren harra sartuta neukala ohartu nintzen. Ipuinak irakurri, eta ezagutzen nuen kontalari bakarrari entzun, _Koldo Ameztoyri alegia. Aukera gutxi helduontzat (buru soiltzen hasitakoentzat) ipuinak entzuteko. Kopiatzea hain txarra ez denez, batzutan eta bere neurrian noski, Koldori kopiatzea baino ez zitzaidan gelditzen. Desastrearen bidea da hasierako bidea, jakina. Tortura jasangaitzaren aurpegiak nabari nituen lehenengo lagun-entzuleengan. Zertarako dira lagunak une larrietan laguntzeko ez bada? Zorionez lagunak izaten jarraitzen dute. Muskiz-eko ikastolako haurrek ere bereak eta bi agoantatu behar izan zuten. Eskerrak txintxo portatzen zirela.
Ez dakit zergatik animatuta baina, azkenean ausartu egin nintzen lehenengo ipuin ikuskaria egiten. Mikel Markez eta Alaitz Telletxea trikitilariaren laguntzarekin "Behin Munduan" kaleratu nuen, eta hara!, deitu ere egiten ziguten. Ez nuen Bilboko Arriagan emanaldirik eskaini, agenda kontuak zirela eta. Bigarren ikuskariarekin ausartu nintzen bakarrik: "Mingain Haragia". Emakumeen herri ipuinak ezker eskuin ibili ondoren, IHESAren kontra talde batek eskatu zidan ea kondoien inguruan zerbait egin nezaken. Kondoiaaak! Hau lotsa. "Kondoi bakoitzak bere istorioa dauka" bururatu zitzaidan. Gazteek asko eskertzen omen dute, eta adinean sartuak, bada instrukzioak adi-adi jarraitzen dituzte. "Igurtzi nazazu, berriro, laztana" ipuinak poemak eta kantuak biltzen zituen ikuskarian parte hartu nuen Asier Serrano eta Mikel Markezekin batera. Gure barne desioen, grinen edo auskalo zeren eraginez erotikaren inguruan aritu ginen, eta oso "sinpatikoak" ginen. Atzerrira irteten ere hasi nintzen eta 2000 urtean Guadalajarako (Espainia) Ipuin Maratoian hurrengo ikuskaria estreinatu nuen "Kontu kontari, hori bai bizitzea", gazteleraz noski (oraindik ez baitute euskaltegirik zabaldu alde horretan). Lanik egin gabe bizitzeko ipuinak kontatzen aritzea modurik dibertigarriena dela azaltzen nuen, baina ez dut uste kasu handirik egin zidatenik, ez da harritzekoa, nire bizimodua ikusita, ene! "Izena duen guztia da" bururatu zitzaidan hurrengoan. Euskal ipuinekin osatutako ikuskaria da hau, eta estreinaldi bikoitza egin nuen nire herrian eta Bartzelonan. Miseri Tour .ederra ezta?
Antzerkia erabat ahaztu ez dudala frogatzeko "Gizon ustelgaitza" bakarrizketa estreinatu nuen 2003 urtean. Helder Costa antzerkigile portugaldarraren lan honekin politikoen izaera aztertzen genuen ironia zorrotzarekin. Beste Miseri Tour bat. Maskarada taldearekin ere "Extrak" antzezlanean parte hartu dut.
Tira, zerbait egin dudala ezta? Urte guzti hauetan ipuinari esker bidaiatzeko aukera izan dut. Penintsulako hainbat hiri korritu ditut (Madril, Lisboa, Bartzelona, Santiago, Kadiz...), hainbat jaialdietan parte hartu dut eta ameriketara ere heldu naiz Paraguayen eta Kuban nire lanak aurkeztuz (zer inbidia e!).
Azken aldian emakumeekiko bortizkeriaz ipuin ikuskaria sortzeko ahaleginetan nabil. Herri ipuinetan gaia nola agertzen den interesatzen zait. Izen burua ere badaukat: "Bai ona dagoela nire emaztea! Bere emazteak jaten zituzten gizonen istorioak". Zer iruditzen?Era berean beldurraren gaineko ipuinekin ere zerbait egiteko gogoa daukat (badakizue, ohe azpian bizi diren "presentziak" eta). Bien bitartean jarraitzen dut antzerkiaz eta literaturaz komunikabide ezberdinetan kolaborazioak egiten (inteligentearena egiten badakizue). Mikelazulo Ipuin Eskola sendotzen gabiltza ere Errenteria aldean, jakin gabe nora helduko garen, baina bide interesgarria iruditzen zait. Eta beti ere, kontaketaren bide berriak urratzen, tradiziotik heldu zaizkigun ereduak egungo moldeetara nola ekarri kezkarekin jarraitzen dut. Izan ere tradizioa ez baita denboran finkatuta dagoen zerbait, etengabeko mugimenduan dagoen jarduna baizik.
Eta sasi guztien gainetik, laino guztien azpitik, lortu dut txiste- kontalaria deitu beharrean ipuin kontalaria deitzea. Onarpena lortzen beraz. Uste dut.
Eta badakizue: "Errenterian bizi naiz eta, egin zaidazu bisita".
Iruzkinak
Jabi 2006-06-26 11:28 #1
Aupa Joxemari:<br /><br />Txiripaz aurkitu dut zure bloga eta aupada bat idaztea bururatu zait. Ikusten dudanez, lehendabiziko iruzkina duzu hau lehendabiziko testuan. Ohore handia niretzat. Ondo segi eta ea animatzen zaren gehiago idazten...<br />
Utzi iruzkina: