Zuri, egoten jakin duzun horri.

cantuariense 1456131837745 Cantuariense | 2009-11-23 00:00

Beharra non, hura han!

Hala hasi nahi nuke bizitzen ari garen egoerak eskaturiko artikulutxo hau.

Marea biziak eta itsaso zakarreko egunak jasan ditugu azken asteotan Somaliako uretan berrogeita zazpi egun luzez bahiturik egon den Alakrana ontzia dela eta.

Zorionez, amesgaizto hura amaitu da eta zenbaitzuentzat itsasoa ere baretu egin beharko litzateke. Urak zakar ibili ondoren, ordea, itsasertzean bizi garenok ondo baino hobeto dakigu, egun latzetan errotik indarrez ateratako itsas-belarrak noraezean dabiltzan itsasontziak bezala mantu urdin-marroixka estaliz ibiltzen direla denboraren poderioz, berriro ere, hondora joan arte.



Itsasoa, beraz, zikin daukagu oraindik eta batzuek zikintasun hori, depuratu gabe, garbitu edo behintzat estali egin nahi dute.

Artikulu xume honekin nik, Bermeotarronek, berrogeita zazpi egunotan zegokion lekuan eta moduan egoten jakin duen hura aipatu eta azaleratu nahi nuke. Baliteke ni neu horretarako egokiena ez izatea baina, ez naiz isilik egoten den horietakoa; txarto eginak kritikatzen diran bezalaxe, onak ere agertu eta eskertu egin behar direla uste duen pertsonetakoa naiz ni.

Hasiera batetik luzatu zuen gure herriko alkate den Xabier Legarretak laguntasunaren besoa. Herriarenganako hurbiltasuna eta konpromezua erakutsi duzulakoan nago, hots, politikaren alde gizatiarrena aplikatzen jakin duzu behar zen unean eta lekuan. Arrantzaleen familiekin bat egin eta hauen dolorea zeure bihurtu zenuen. Honen emaitza gisa zure esku zeuden baliabide guztiak momentu horietan hain behartsu bilakaturik zeuden familien esku jarri zenituen eta hori eskertzekoa da.



Hau guztia dela eta, Xabier, kritikatua izan zara eta izango zara. Hala eta guztiz ere, jakin ezazu Lakua hain urrun ikusten dugun Bermeotarrok zuk eta zure lantaldeak egindako lana eta esfortzua estimatzen dugula. Txarto eginak egoki kritikatu dituzu eta han eta hemen, momentu latzenetan aurpegi ona jarririk egoten dakizula erakutsi diguzu.

Horrela, bada, nire zorionik beroena eta gogor eutsiozu, arrantzaleen alde portu zaharrean egon ginen egunean bezala, han-hemendik erortzen ari zaizun zaparrada latz honi.



Utzi iruzkina: