Haizeak lumatxak mugitzen dizkigun artean...eutsiko diogu.

cantuariense 1456131837745 Cantuariense | 2009-10-08 09:41

Badatoz antzarrak, bagatoz. Iparraldetik abiatu dira, V forma hartu eta gure lurralde honen kapritxozko orografiak eskaintzen dizkigun gora-behera eta zailtasun-erraztasunak aprobetxatuz hegoalde bat beregan duen iparraldea dute helmuga. Iparraldetik iparraldera.

Hogeita hamar urte daramatzate elkarrekin hegoak astintzen; hogeita hamar urte haize fina zakar bihurtzen denean lepoa luzatu eta erromatarrek guduetan beraien ezkutuez sortzen zuten dordoka oskola bezelako talde menderaezina sortzen, hogeita hamar urte... elkarrekin. Badira Errusiarrak, baita Islandiarrak, Kaukasiarrak ere ezin dira falta, baina, gutziak dute iparralde hori helmuga, guztiok dugu gure herria helburu.

Haize firia "aixe firidxe". Betazalak mugiarazten dizkigun haize fin hori, bizia ematen diguna. Lumatxak mugiarazten dizkigun artean...goiari eutsiko diogu; urte guzti hauetako hegaldiek zerbaitetarako balio izan dutelako tinko agertuko gara egoera latzen aurrean, dordoka oskol bihurtuko gara orain arteko lanak zapusten saiatzen ari diren horien frente, lepoa inoiz baino gehiago luzatuko dugu. Etortzen ginen, bagatoz eta etorriko gara.
Taldea gara
Herri bat gara
Abertzaleak gara.

Badatoz antzarrak, bagatoz!
iparraldetik iparraldera,              
geure etxetik geure etxera
arazoei aurre egiteko gogoz
zeruko urdin zein belzguneak zeharkatzera,
hogeita hamar urteko hegaldien fruituak biltzera.
Sazoiz,
arrazoiz.
Izan ginen, baina oraindik bagara
etorkizunean, helduko gara izatera
malda eta troketan barrena hegaka ilusioz
geurea dena eskatzera.
Badatoz antzarrak, bagatoz.

            


Utzi iruzkina: