hamaika kolore eta hamaika mila esku

butiklan 1456131826619 Butiklan | 2008-05-29 19:13



GOTHIA CUP FUTBOL       TXAPELKETA  INTERNAZIONALA

 

Dozenaka talde Gothenburgen elkartu dira konpetizio erraldoia ospatzeko

 

130 nazionalitate ezberdinetako 500 talde inguruk bat egin dute urtero ospatzen den Gothia Cup futbol txapelketa suediar erraldoiarekin. 20.000 kirolari bertaratu dira hiri eskandinabiar honetara euren koloreak defenditzera, eta horretaz gain, ziurrenik esperientzia zoragarria izango den bizipen bat dastatzera: mundu osoko jendearekin partiduak jokatu, turismoa, festak, kultura aniztasuna...

Txapelketa hau zenbait helbururekin jaio zen duela hamaika urte, nagusienetarikoa gazteen artean kulturen elkartrukaketa eta aniztasuna bultzatzea delarik; alaitasuna, gaztetasuna eta bizi poza arnasten dira egun hauetan zehar hiriaren bazter orotan, ez baitago horrelako esperientzia baino ezer kitzikagarriagorik neska-mutiko hauentzako: mila arraza, mila irribarre, mila begi nabar, urdin eta beltz elkarri begira lehiatuz, irribarrez eta sentsualitatez.

Bilkura honen beste alde positiboa futbol talde profesionaletako kanpo arduradunek aurkitzen dute, Lund Vikingars taldeko kideak dioen legez: “Hemen jokatzen diren partiduetan etorkizuneko futbola ikusten ari gara; alde batetik norbanakoak fitxatzen ditugu, baina bestetik taldeak orokorrean ikuskatzeko hautua ere egin genuen aspaldi. Globalizazioa mundu osoari eragiten ari zaion fenomenoa da, eta kirol erregeari ere bai, noski; beraz gu, nahi eta ez, aldaketa horretara moldatu behar dugu, eta Gothiak aukera bikaina eskaintzen digu horretarako.”

Antolatzaileek izugarri eskertzen diete talde guztiei Gothenburgera bertaratu izana, eta aurreko urteetako balorazio positiboa errepikatzea espero dute.

 


 

 

GOTHIA_OPENING_CEREMONIES


Utzi iruzkina: