Jone eta Eider Libre!

busturiaurrera_deialdiak 1456131781310 Busturiaurrera deialdiak | 2014-11-27 15:33

Jone Amezagari babesa ematera deitu dituzte norbanako eta eragileak

 

OLYMPUS DIGITAL CAMERAErrigoitiko gaztea bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman du epaileak, eta edozein unetan atzeman dezaketela ohartarazi du Jone Libre! plataformak. Hori dela eta, Amezagaren kontrako atxilotze agindua salatzeko eta gazteari babesa adierazteko prentsaurrekoa emango dute bihar arratsaldean, eta agerraldi horretako parte izatera deitu ditu Busturialdeko eragile eta norbanakoak. 18:30ean izango da, Gernika-Lumoko udaletxearen aurrean.

Hasiera batean hamar eguneko epea eman dio epaileak Jone Amezagari, espetxean aurkezteko. Geroago jakinarazi dutenez, baina, epe hori kentzeko eta berehala atxilotzeko txostena aurkeztu omen du Ertzaintzak epaitegian. Hori dela eta, Errigoitiko gaztea berehala atxilotzeko agindua eman du epaileak, Amezagaren gertukoek Jone Libre! plataformari jakinarazi diotenez.

2012ko urrian Gernika-Lumon pankarta bat jartzeagatik “terrorismoa goratzea” leporatuta epaitu zuten Amezaga. Urtebete eta erdiko zigorra ezarri zion epaileak, baina helegitea aurkeztu zuen haren abokatuak.

Sortu alderdi politikoak ere Amezaga espetxeratzeko agindua salatu du. Atzo ohar bidez jakinarazi zuenez, Estatu espainiarrak euskal herritarroi ezartzen dien salbuespen politikaren azken adibidea da Amezagarena. Atxiloketek, epaiketa politikoek eta espetxeratzeek gatazka betikotzea dute helburu, Sorturen iritziz. «Salbuespen egoera horrekin amaitzeko tresnarik eraginkorrena mobilizazioa da. Horregatik, bat egiten dugu Amezagaren espetxeratze agindua salatzeko protestekin».