EBOLUZIOA ALA DES-EBOLUZIOA ?
Maiz hitz egin dugu gizarteak jasan duen eboluzioari buruz, sarri entzun ditugu egungo gizartea orain artekoa baino hobea den edo ez inguruko eztabaidak, baina funtsean, ba al dakigu gure bidearen norabidea eta norantza? Ba al dakigu gizakia hobera edo txarrerako bidean doan? Eboluzioa izaki bizidunei denboran zehar gertatutako aldaketa-multzo gisa ulertuta, badirudi onerako bidea izan dela. Nolabait, antzinako greziar kulturan deskribatzen zuten barbarietatik izaki konplexu eta sofistikatua izatera pasatzeak badu bere meritua! Baina urbil gaitezen egungo izaki bizidunera eta saia gaitezen hau egungo munduan kokatzen.
Egia izan daiteke, aspektu askotan gizakiak jakintza eta itxuran aldaketa ikaragarriak bizi izan dituela, eta horietako askok (denek, ez? Bestela zertarako aldatu?) ordura arte egin ezin zitzakeen gauzak egiteko aukera eman dizkigutela, baina hori zerbait ona dela esatea gehiegizkoa izan daiteke, aldaketak berak, aldaketa den heinean egoera zalantzagarriak sortzen dituelako.
Aldaketa batek, zerbait berria den aldetik, ordura arte ezagutu ez den egoera bat sortzen du, eta horrek ondorio zuzen eta ez-zuzenak sortzen ditu, batzuen mesedetan eta gainontzekoen ez mesedetan, ordura arteko oreka apurtuz. Berritasun hori, berritasuna bizi izan duenarentzat mesedegarria izan ohi da, baina bere ingurukoek ondorio negatiboak jasan ohi dituzte, berritasunera ohitu (ohitzen badira noski) arte.
Teknologia berrien mundua datorkit burura, eta hauek ekarri dituzten abantailekin batera, bizitza azeleratua, bakardadea, zailtasun ekonomikoak, desoreka naturala, munduaren suntsitzea, makinen menpekotasuna, estresa, ansiedadea, praktikotasuna…Modernitatearen ondorioz, gizartea artalde baten antzera identifikatzen da, homogenitate osoz bai mugimenduetan eta baita pentsaeretan ere. Makinak eztanda egin arte badirudi horrela jarraitzeko prest gaudela. Nolakoa izango ote gure etorkizuna? Amerikarrek, aurrera baikor begiratzen omen dute eta europarrek ezkor. Amerikarrentzat, etorkizuna zerbait positiboa omen da, telefonoa, interneta, telebista, izozkailua, garbigailua… etxe guztietara iritsi direlako (bizimodua asko erraztuz) eta bizi itxaropena luzatuz.
Dena da behin behinekoa, gero eta harreman gutxiago dira betirako eta hutsune hori, orain arte familia harremanek eta harreman urbilenek bete izan dutena, orain materialek betetzeko joera hartu dugu; teknologia berriek, telebistak, internetak…, behintzat; kasu horretan, gure gizartea okerrera doala uler daiteke. Eta kezkagarriena zera da, mendebaldeko mundua (ekonomikoki aberatsena), bizimodu kontsumista eta bakarti horretara moldatzen ari dela, etorkizuneko gizarteak horrelakoak izango direla dirudielarik. Homersapiens-erako bidearen jarraitzaile gisa aurrera goaz helmuga ikusten ez dugun lasterketa batean, presaka eta saltaka.
Batzuen ustez, goizero betaurreko fashion-ak jazten dituztenen ustez, post-modernitateak pertsonen askatasuna ekarriko du, guztiz libre izango dira etorkizuneko munduko biztanleak, eta horrek era berean, beste hainbat abantaila ekarriko dizkie. Hala ere, badira soinean betaurreko ilunak daramatzatenak, mundua hartzen ari den martxa honi arrisku eta desabantailak besterik ikusten ez dizkiotenak.
Ni neu ere, azken multzo honen aldekoa naiz, nahiz eta goizero betaurreko fashion-ak jazten saiatu! Nire ustetan, egungo bizimoduak gero eta alde on gutxiago ditu, eta dituen alde on ia guztiak materialak izan ohi dira.
Nik uste, eta Matrix-en dioten bezala edota “El Perfume” liburuan ume batetaz egiten den deskribapen gogorrean irakurri daitekeen bezala, gizakia gizakia zen momentutik, okerrerako bidea hartu zuela. Gizakiak, pentsatzen eta kontzientzia hartzen hasi zen unetik, ordura arte mantentzen zen oreka (naturala?) apurtu zuen bere alde, eta horrek, urte gutxitan mundua pikutara bidaltzeko gaitasuna eman zion.
Aipatu filmean, honela diotso Smith agenteak Morfeori:
“Quisiera compartir una revelación que he tenido desde que estoy aquí. Ésta me sobrevino cuando intenté clasificar su especie. Verá, me di cuenta de que, en realidad, no son mamíferos. Todos los mamíferos de este planeta desarrollan instintivamente un lógico equilibrio con el hábitat natural que les rodea. Pero los humanos no lo hacen. Se trasladan a una zona y se multiplican, y siguen multiplicándose hasta que todos los recursos naturales se agotan. Así que el único modo de sobrevivir es extendiéndose hasta otra zona. Existe otro organismo en este planeta que sigue el mismo patrón.
¿Sabe cuál es? Un virus.
Los humanos son una enfermedad, son el cáncer de este planeta, son una plaga”.
Gai honen inguruan ikaragarri eztabaidatu izan dut eta gehienek exageratuegia dela esaten dute; baina niri, aspaldian irakurri dudan gizakia eta gizarteei buruzko definiziorik onena iruditzen zait.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: