Quinto, levanta
(Testu hau hemen ere jarri dut)
Ez zaigu berehala ahaztuko joandako ostiral arratsaldea.
Donostiako Konstituzio plazan egin behar genuen emanaldirako ordu erdi
inguru falta zen eta soinu proba egiten ari ginela, jende multzo bat ikusi
genuen soinu-mahaiaren ondoan. Jotzen jarraitu genuen, besterik gabe, baten bat mareatu zela
pentsatuta. Anaia garrasika etorri zitzaigun, baina.
“Ixo, joder! Guti da!”. Jose Mari Gutierrez, Guti, gure taldeko atabalarietako bat
zen. Ostiralean ez zuen jo behar, baina emanaldia ikustera etorri zen. Ketxu,
beste atabalariari esan omen zion, ohiko legez, atabala ondo afinatzeko. Ehun
metro ere egin ez zituenean erori zen soinu-mahaiaren ondoan. Denbora gelditu
zen handik aurrera; zerua belztu eta negar egin zuen.
Bizipoza zuen Gutik, inork bazuen. Esaten da eta topikoa dirudi ia. Baina hala zen. Denontzat
zeukan beti komentario, broma edo irribarre bat. Nik ez dut gogoratzen inoiz
haserre ikusi izana eta umetatik ezagutzen dugu. Arkaitzen jotzen zuen,
aurretik Argiako ikuskizunetan, Añorgako aurreskuan eta eskatzen zioten edozein
lekutan. Joan zen urtean gurekin etorri zen Cantonigroseko jaialdira. Taldeko
aitatxo. Gela berean egon ginen eta goizero-goizero ernegatzen ninduen
soldadutzako kantu berarekin: “Quinto levanta, tira de la manta...”. Kantu hura
izan nuen buruan ostiral iluntzean ordubete luzez Konstituzio plazan.
Baina Guti ez zen jaiki.
2008ko irailaren 12ko ostiral iluntzea ez zaigu inoiz ahaztuko. Guti, ez
zaitugulako inoiz ahaztuko.
---------------------------------------------
Hemen Beñatek egindako bertsoa:
Atabalaren
tarrapatatan
sortzen zitzaigun
algara
Zaparradaren
tarrapatatan
heldu zen ur
gazitara
Taupada baten
tarrapatatan
joan zaren arren
jada
Atabalaren
zaparradaren
taupadan biziko gara
Iruzkinak
Utzi iruzkina: