Bizarrain elkarteak mintzalaguna proiektua abiatu du Altzan

bizarrain 1456131665085 Bizarrain | 2011-10-17 17:20

Bizarrain Kultur Elkarteak 'Mintzalaguna' ekimena abian jarri berri du; euskaldun berriei laguntzeaz gain, Altzako euskal giroa indartu nahi dute.


Argazkiak.org | Mintzalaguna Altzan 2011 © cc-by-sa: Bizarrain

Euskaraz hitz egiteko edozein toki da ona, solaskidea eta gogoa baino ez dira behar. Norekin hitz egin ez dutenei laguntzeko Altzako Bizarrain kultur elkarteak Mintzalaguna ekimena abian jartzea erabaki du, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak aurrera daraman eredua jarraituz. Egitasmoaren arduraduna Josean Abecia da, eta hala azaldu du ekainetik lantzen ari diren egitasmoaren zergatia: "Altza nahiko baztertuta dago eta bertako biztanleek askotan ez dute elkar ezagutzen. Euskaltegietan ikasten ari direnei aukera eman nahi genien Altzan bertan euskaraz egiteko".

Euskaldunak Mintzalaguna programara hurbiltzeko, orain hiru hilabete iragartzen hasi ziren. Altzako euskaltegiekin ere harremanetan jarri ziren, bertako ikasleak gonbida ditzaten parte hartzera; "propaganda egiteko eskatu diegu, uste baitugu toki aproposa izan daitekeela partaideak aurkitzeko". Bi bideek emaitzak eman dituzte. Jada 14 lagunek izena eman dute, eta lau hirukote osatu dituzte. Joan den astean Altzatarrak elkartean bildu ziren partaideek elkar ezagutzeko. "Jendearekin hitz egin, eta gustu nahiz adinaren arabera antolatzeko asmoa genuen; baina beraien kabuz hizketan hasi eta egunean bertan osatu zituzten taldeak", argitu du Abeciak.

Taldeak hiru lagunek osatzen dituzte. Horietako batek euskaldun zaharra izan behar du, dinamizatzaile papera egiteko. "Ez du ezer berezirik egin behar, elkarrizketaren iniziatiba hartu pixka bat bideratu, eta euskaldun berriei lagundu", zehaztu du Bizarraineko kideak. Oraingoz nahiko parekatuta dago euskaldun berri eta euskaldun zaharren eskaria; hala ere, beraien asmoa, gutxienez, beste hiru talde osatzea da. Animatzen direnek, bizarrain@altza.net helbidera idatzi besterik ez dute egin behar. "Irekia da. Jendeak edonoiz erabaki dezake parte hartzea. Hemendik lau hilabetetara hiru lagun agertzen badira eta taldea osa badezakete, primeran. Ez da ikastaroa, helburua jendeak nahi duenean hitz egitea da", gogoratu du Abeciak.

Sare euskaldunak ehuntzeko

Hirukoteak astean behin elkartuko dira, gutxienez, paseoan, kafea hartzen ari direla… euskaraz hitz egiteko. Hala ere, antolatzaileen nahia ahalik eta gehien elkartzea litzateke. "Lagun egin eta gehiagotan elkartzen baldin badira hobe, baina gutxienez astean behin egongo dira". Izan ere, ekimen honen bidez Altza euskalduntzeko pauso bat gehiago eman nahi baitute: Euskaraz dakitenek norekin erabili izan dezatela. "Altza oso handia da, eta euskararen ezagutza maila Donostiako baxuenetakoa da. Hala ere, jendeak ezagutzen du, baina bere inguruan ez du jenderik edo ohiturarik ez du euskaraz egiteko".

Mintzalaguna programak izandako erantzun onak euskaraz bizitzeko asmoa duten altzatarrak izan badirela agerian utzi du, baina norekin hitz egin ez dutela. Elkar ezagutza erraztu eta, era berean, saretxoak sortzeko bidea izan daitekeela uste du Abeciak. "Jende euskalduna ezagutzeak, beste euskaldun batzuk ezagutzera eramaten zaitu, euskal multzoetan muturra sartzen laguntzen dizu"

Erreferentzia gehiago:

Irutxulo hitza, Noticias de Gipuzkoa


Utzi iruzkina: