Lurrikara Txernobilgo hondamendiaren 25. urteurrenean
Apirilaren 26an 25 urte beteko dira Txernobilgo hondamendia gertatu zela.
Horrelako datak aproposak izaten dira gertatutakoa oroitzeko. Aurten, baina,
lehenago berritu zaigu denoi oroimena: Japoniako Fukushima zentraleko istripuak
ekarri digu gogora ordukoa.
Astebete igaro da Japonian inoiz neurtutako lurrikararik handienak
herrialdea astindu zuenetik, eta, Fukushimako Daiichi zentralean azkenean zer
gertatuko den ez dakigun arren, askok Txernobilgo hondamendiarekin parekatu
dute dagoeneko. Izatez, bata eta bestea ez dira berdinak; ez istripuaren
abiapuntuan, ez ondoren hartutako neurrietan, ez komunikazioan. Baina puntu
berberen gaineko gogoeta piztu dute biek. Izan ere, orduan bezala orain,
nagusiki hiru gairen inguruan bildu dira eztabaidak: segurtasuna, gardentasuna,
eta industria nuklearraren etorkizuna.
Segurtasunari buruzko eztabaida, gainera, aldatzen joan da martxoaren
11tik, egunak igaro ahala egoera gero eta larriagoa zela ikusita. Hasiera
batean, ez ziren gutxi uste zutenak Fukushimako zentralak ondo eutsi ziela
lurrikarak eta tsunamiak eragindako kalteei, eta horrek erakusten zuela zentral
nuklearrak seguruak zirela eta arriskuei aurre egiteko prestatuta zeudela.
Hain zuzen ere, zenbaiten iritziz, segurtasun-kultura garatzea eta
hedatzea ekarri zuen Txernobilgo hondamendiak.
Txernobilgoa gertatu zen garaian, segurtasuna ez zen lehentasunezko gaia
Sobietar Batasunean, ez zentral nuklearretan, ez bestelako industrietan.
Ezbeharrak, baina, agerian utzi zuen segurtasun-neurriak hartzeko premia.
Segurtasun-neurrien eraginkortasuna agerian jartzeko, Estatu Batuetako
Three Mile Island zentralaren kasuarekin alderatu du Igor Peñalva
Bilboko EHUren Ingeniaritza Eskolako irakaslea : "Txernobilgoa gertatu
baino zazpi urte lehenago, antzeko istripua izan zen Estatu Batuetako zentral
hartan. Han ere, nukleoa urtu egin zen, Txernobilen gertatu zen bezalaxe.
Baina, neurri batean, estatubatuarrek garatua zuten segurtasun-kultura, eta
kalteak Txernobilgoak baino askoz txikiagoak izan ziren. Zentral nuklearretan
izandako istripu handienetakoa izan zen arren, ez zen inor hil, ez gaixotu,
ingurumenean ez zuen kalterik eragin..."
INDUSTRIA NUKLEARRAREN
ETORKIZUNA
Duela 25 urte, Txernobilgo ezbeharrak zuzenean eragin zion industria
nuklearrari. Garai hartan, energia nuklearraren alde egitekotan ziren herrialde
batzuek, Italiak kasurako, atzera egin zuten. Lehendik zentralak bazituzten
beste batzuetan, berriz, zeudenek martxan jarraitu zuten, baina ez ziren
berriak eraiki. Hori gertatu zen Espainian, eta, tartean beste faktore batzuk
ere baziren arren, horregatik geratu zen bertan behera Lemoizko proiektua, eta
gauza bera pasatu zen Europa osotik, Frantzian izan ezik.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: