Akabo antxoen iruzurra

biodurangobhi 1456131655298 4. DBHko Zientzikaria | 2011-05-09 16:26



Produktu preziatua da Kantauriko antxoa, freskoa zein kontserban aurkitu dezakeguna, barietate askoan gainera. Gauza da, antxoa horrek, kantaurikoak, ezaugarri sentsorial bereziak dituela: irmotasuna eta zapore apur bat mingotsa du. Kontsumitzaileak gogoko ditu ezaugarri horiek, eta kontsumitzen duen arrainaren jatorria zein den jakiteko eskubide osoa du, inolako iruzurretan erori gabe.
Kontua da antxoa guztiak direla Engraulis encrasicolus espeziekoak: nahiz eta Bizkaiko Golkokoa, Ipar Itsasokoa, Adriatikokoa, Mediterraneoko mendebaldekoa, Cadizko kostaldekoa, Portugalgo kostaldekoa eta Hegoafrikakoa izatea bere jatorria. Beraz, gerta liteke, antxoak jatorri batekoa izanda, beste jatorri batekoak balira bezala merkaturatzea, eta Kantauriko antxoa balitz bezala Cadizkoa, Portugalgoa edo Hegoafrikakoa erosi eta jatea.
Iruzur horiek saihesteko, Azti-Tecnalia zentro teknologikoak eta EHUk Bizkaiko Golkoko antxoa genetikoki identifikatzea lortu dute. Horri esker, beste toki batzuetako aleetatik bereizi ahal izango da, eta kontsumitzaileek jakin ahal izango dute benetan Kantauriko antxoa erosten ari direla. Azterketa genetikoa da antxoa identifikatzeko metodorik aproposena.

Izan ere, espezie bereko antxoak morfologikoki berdinak dira, eta, beraz, kanpoko itxura ez da nahikoa Kantauriko antxoak beste toki batzuetakoetatik bereizteko. Azti-Tecnaliako eta EHUko zientzialariek Europako hainbat kalatako antxoaren (Engraulis encrasicolus) 3.000 ale baino gehiago aztertu dituzte. Horien guztien genoma arakatu dute, jatorri bakoitzaren araberako bereizgarriak aurkituz. Ez dute, noski, genoma osoa arakatzen, genomaren eskualde aldakorrak aztertzen dituzte; ez dirudi lan erraza denik. Izan ere, espezie jakin bateko banakoek genomaren zati handi bat berdina dute, giza espeziean, adibidez, genomaren % 99,9 berdina da gizaki guztietan, eta ondorioz zati aldakorra aurkitzea oso zaila da. Nolanahi ere, ikertzaileek Europako Atlantikoko arkuan, Kantauriko itsasertzean eta Mediterraneoan harrapatutako antxoak guztiz bereiztea lortu dute.


Utzi iruzkina: