BIHOTZEKO TATUAJEAK (I)

bewater 1456131582656 ZIRT EDO ZART | 2006-12-07 12:14

Udazkena heldu da, baina udazken hau berezia izaten ari da. Etxe pareko zuhaitzen antzera, nire bihotza estaltzen duten hostoak emeki-emeki erori egin baitira maitasunaren haizeak eramanda.

 Aspaldian ez nuen bihotzaldi hori sentitu eta udazkeneko kolore triste eta nostalgikoek areagotu egin dute bihotz gizajoaren ahultasuna.  Abestiek ez dute esanahirik zu gabe eta ilargia zure irribarre luze eta ederra islatzen duen ispilu bilakatu da.

 Bihotza mila zatitan hautsi ez dadin, North Face txamarra bereziekin saiatzen naiz babesten, baina wind-stopperrak ez du eraginik egiten. Gerturatzen zarenean haize hori zakartu egiten da eta, bat-batean, ideia guztiak xurgatzen dizkidan zurrunbilo bat sortzen zait barrenean.

 Antidoto bila nabilela, gaur urteko ilargirik luzeena izango dugula entzun dut, 14 ordu ilargia zeruan eta, estaltzeko hodeirik ez dagoenez, 14 ordu zure aurpegia teilatu gainean, 14 ordu zure irribarrea nire begien aurrean.

 Halere, bihar ere eguzkia irtengo da eta itxaropenaren argia baliatu nahi dut, nire bihotza zure izena tatuatzeko enbor hutsa ez dela pentsatzeko.


Utzi iruzkina: