Errigoitiko zentrala

berdaitz 1456131562482 Arantzez mindutako gogoetak | 2011-02-07 17:40

Aspaldian, Errigoiti inguruan zabaldu da zeharo goibeltzen nauen zurrumurrua. Kaleko esamesak ziren hasiera batean, susmo txarrak ondoren, arbuioa gaur egun.

 

Tximistaren poderioz eta pozoiaren kaltez etorri zaigu gainera, isilean eta tukutuku, gure arima asaldatu gabe agertu nahi izan badigute ere. Ez zegoen besterik.

 

Biomasa zentrala da bera, Errigoitin erroldatzeke, eta zentzugabekeriaren goraipenarekin bataiatzear. Honen esanetan eskualdeko bihotza bilakatuko da laister, baina diru egarriz gaixotutako taupadek gure birikiak hipotekatuko dituzte trukean.

 

Hotz gara. Begietara so egin gabe eskuan muin jasotzeak hoztu egiten gaitu, begirunea ez bait dago salgai. Diruak sakela berotzeko gaitasuna du agian, ez du ordea gure barnea berotuko. Bada maitasuna baino jantzi beroagorik? Elkartasuna baino arnas epelagorik? Hauek izan dira beti herriko erregairik xumeenak, non dira orain? Gureak egin ote du?

 

Errigoititarrek isuritako malkoek eta goizeko eguzkiaren dizdira gozoak, erdi-bana eraikiko dute herria bizipozez atondu nahi duen ortzadarra. Bere magalak etorkizuneko umeak babestu eta errotuko ditu, gaur eguneko gertaera zoroak antzineko ipuin bihurtzen diren garaietan.


Utzi iruzkina: