Euskarak, 365 egun

Duela egun batzuk Berrian atera zen artikulua ekarri nahi dizuegu. Durangon bada ere, oso gertu sentitzen eta bizitzen dugu Deustualdean durangarrek adierazitakoa.

"Igaro da abenduaren 3a: Euskararen Eguna. Ospatzeko eguna Berbaroko, Anboto-ko eta Platerueneko lagunontzat. Bizitzeko egun bat, egunero euskaraz bizi garenontzat. Hurrengo aste osoa ere ederra izango da euskaldun eta euskaltzaleontzat, Durangoko Azokan batuko gara-eta, euskal kulturaz gozatzeko.


Eta ez bakarrik abenduaren 3an eta hurrengo astean. Hil osoan eta hurrengo urte osoan jarraituko dugu guk euskaraz bizitzeko aukerak sortzen eta sustatzen. Euskal Herrian beste hainbeste legez, horrexetan gabiltzalako ibili joan deneko hogei urtean. Eta horixe diogu: euskarak 365 egun.

1989an sortu genuen Berbaro euskara elkartea 400dik gora bazkidek, euskararen aldeko lanari ekinez: sentsibilizazio kanpainak, kultur ekitaldiak, akordioak Durangoko komertzioekin zein kultur eta kirol taldeekin… Geroago,
Eraz astekaria sortu genuen euskarazko tokiko kazetaritza lantzeko; 2000. urtean Anboto Komunikabideak-ek hartu zion lekukoa, proiektua berrituz eta indartuz. Bestetik, taberna ere hartu genuen Durangon, euskaldunen topagune eta kultur ekitaldien agerleku izan zedin; 2004an Plateruena kafe antzokiko ateak zabaldu genituen, 900 bazkidegaz, baliabide hobeekin eta helburu handiagoekin jarduteko euskarazko herri-kulturgintzan.

Gaur egun durangar asko euskaraz bizitzeko iturria da Berbaro; Durangoko Udalaren Euskara Zerbitzua kudeatzen du, eta Durangon euskalgintzaren sarea indartzea du helburu.
Anboto-k, berriz, 10.000 etxetara banatzen du papereko astekaria, eta 1.000tik gora bisita ditu egunero webgunean, Durangaldeko berri emanez eta gizarte, kirol zein kultura atalak landuz. Plateruena, bere aldetik, agertoki garrantzitsua da Euskal Herri osoko artistentzat, eta azkenaldian gogo biziz dihardu Durangaldeko zaleen parte-hartzea zein sortzaileen auzolana sustatzen.

Euskaraz bizitzeko aukera egin eta geure artean antolatu garen Durangaldeko herritarrak gara, gure helburuak hobeto betetzeko egitura profesionalekin dihardugunak. Badakigu badirela gure eskualdean zein Euskal Herri osoan euskalgintzan diharduten beste hainbat herri-antolakunde eta enpresa; baita euskaltzaleak diren denetariko talde, elkarte eta enpresak ere. Badakigu, zelan ez, alderdi politikoek eta instituzioek ere zeresan garrantzitsua eta zeregin handia dutela euskararen eta euskaldunon bizimoduan. Askok uste du denok garela beharrezko. Guk hori baino gehiago uste dugu: denon artean ahalik eta ikuspegirik osoena eta adostuena lortzea beharrezko dela uste dugu, irizpide bateratuekin lan eginez benetan osagarriak eta eraginkorrak izan gaitezen.

1990 inguru hartan, euskara elkarteak sortu zirenean, euskaltzaleak batu eta euskararen aldeko lana alderdikerietatik babestea izan zen ideia nagusietako bat. Egitea bihurtu genuen eragiteko modu, eta, alderantziz, eragitea egiteko era. Mesfidantza askotxoren artean, eta geuk ere hainbat kontutan gehiago asma bagenezakeen ere, asko egin eta eragin dugu. Iraganaren kontakizunean euskalgintzak ere badu bere zatitxoa. Etorkizuna dugu guk jomuga, edozelan ere, eta oraina bizigai.

Hogei urte pasatxo geroago, gaur eta hemen, bestelakoa da egoera, eta geuk ere egin gura diogu ekarpena. Bizikidetzaz hainbeste berba egiten den honetan, euskara gakoa dela deritzogulako. Aspaldian kantatzen dugun moduan, euskara da euskaldun egiten gaituena. Eta, gure ustez, bizikidetzaren giltza ere bada euskara.

Elkarri hitz egiteko behar ez duenak elkarri entzuteko beharko du. Gaztelera eta frantsesa legez, euskara gakoa da elkar ulertzeko. Elkarrekin bizitzeko.

Horixe gara, eta horixe dugu eskaintzeko: euskaldun eta euskaltzaleon herri-mugimendua, lan profesionala borondatezko ekarpenagaz uztartzen duena, eta norbanako, elkarte, alderdi zein instituzioekin elkarlanean diharduena.

Hogei urteotan kemena, gaitasuna eta eraginkortasuna erakutsi dugu euskaratik eta euskaraz jarduten. Asko da hori. Gehiago da, baina, denon artean egin dezakeguna: euskaraz hazi, hezi, idatzi, kantatu, informatu, gozatu, lan eta festa egin… Durangaldean eta Euskal Herrian euskaraz bizi.

Ospa ditzagun euskararen 365 egunak!"

Nerea Iriarte Gorka Barruetabeña Nahia Zarzosa

Plateruena kafe antzokiko presidentea, 'Anboto' astekariko presidentea, Berbaro euskara elkarteko presidentea



Utzi iruzkina: