Zer egin euskaldunarekin?

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2026-02-26 18:00

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1772125681355

Zer egin Miranderekin?

Santi Leoné / Katixa Dolhare / Gorka Bereziartua 

Alberdania (Patrika)
 

Sarrera gisa

Zer egin Miranderekin? itauntzen gaitu, Alberdania argitaletxeak kaleratutako patrika-saio moduko honek. Hiru egilek osatua. Laugarren bat, Amaia Elizalde, ez da partidakoa zoriak hala ebatzita. Badago, halaz ere, laugarren bat: Aritz Galarraga Lopetegi. Liburuxkaren –uxatu jite gutxiesgarri oro, arren– editorea.

Liburuaren iruzkina edo interpretazioa egin gura dut, eta oraingoan ere, nondik ekin ez dakidala abiatu naiz. Hau da, liburuaren nondik norakoa aditzera ematea eta Mirande fenomenoaren inguruan nire ikuspegia uztartzea, biak ala biak batera, nahasgarria izan daiteke. Jardueran, zeharka-meharka, nire aburua ere ageriko baita, nolabait.

Liburuan, bertzeak bertze, Jon Miranderen ideologiaren eta haren literaturaren gaineko hainbat lagunen iritziak aurkituko dituzu. Horietako batzuek 50 urte bete dute dagoeneko. Beste askok mende laurdena. Liburu honen egilearenak, berriz, gaur egungoak dituzu. Konstatazio bat: Jon Mirandek zer errana ematen du oraindik ere.

Liburu-egileen zenbait lerro bidez ariko naiz. Euren aurretikoek lerrokatu zituzten ideiak ildokatuz. Nire jarduna bidezkoa izanen ote den duda-mudan ari naiz. Aitzina, halarik ere.

Lerroz lerro, ildoz ildo

Mirande “eskandalu” bat –izan– da euskal letretan, euskal literaturan eta pentsamenduan. Pentsamendu politikoan, hots. Mirandek aznahia edo azkura sortu digu euskaldunoi. Euskaldunoi? Larregi erratea ote. Erran dezadan bertzera: euskal intelligence delakoari. Izan ere, delako horretatik at, nork ezagutzen du Jon Mirande xiberotar paristar exotikoa? Alegia –euskaldun arrunt batek pentsa lezake–: aizue, egin ezazue nahi duzuena. Izan ere, Interneten bidezko sare sozialez eta kantzelazioaren kulturaz elikatzen direnei –gehiengoa, naski– zer axola zaie Mirande? Mirande nazia izan zela? Ah, bon?

Kontua da, bertzeak bertze, ez dela argi nazia izan ote zen edo antisemita. Misoginoa izan zen? Pederasta? Azken epiteto horiek idazleari dagozkio, pentsa dezake norbaitek. Baina, hara, galdera berriz ere: horiek idazlearen fikzioaren esparruan sartzen dira, ezta? Izan ere, “idazle handia” izan zen. Nehork ez du hori kuestionatzen, agidanez. Orduan, hasten da kontua. Erran nahi baita, kontua hasten da, Mirande pertsona eta bere obra kontestualizatzen denean. Mirande kontestualizatu beharrean gaude ezinbertzean. Eta nor ez? 

Jon Mirande morroi koitadua. “Morboa” sorrarazi zuen tipo bat. Tipo edo mec bat. Prognosi bat: 80 urte inguruko, 60 urte inguruko eta 40 urte ingurukoentzat Mirande izan da nor. Nago, aitzinatzean –20 urte ingurukoentzat– ez duela interes pizarrik sorraraziko.

Ezkor eta zekor ari naiz. Arras, naski. Aitor dezadan, ordea: bere poetikak beti piztuko du jakin-mina literaturaren jardun-gunetan –irakaskuntza-institutuetatik eta unibertsitatetik landa, betiere–. Hainbatek erran dezake: haren biografia aztertu dezagun, baina pertsona eta idazlea bereizi ditzagun, baita pertsona eta literatura eta euskara bereizi ere. Bertze zenbaitek, ezetz. Alderantziz. Ez da aizu nazi baten obra aintzat hartzea. Hainbat eta zenbait horien artean, gainerakoak –gehienak nonbre handiz– Mirandez futitzen dira. Kontua hauxe, Mirandez zer egin baino, galdera hauxe: zer egin euskaldun suerte horrekin?

Ildoz ildo, eremu agorrean

Behin eta hasteko, nire uste zuloan, “morboa” ez da kontu sanoa, osasungarria alegia. Eskuarki, ulertu-ezinak sorrarazten du "morboa". Baita, ondorenean, ulertezintasunak onespenik eza ekarri ere. Kasu, ez naiz Miranderen jite “nazia” desenkusatzen ari. Erran nahi dut: izate “nazia” eta “faxista” erraz nahasten dira gaur egun. Mirande “nazia”, “faxista” ere izan al zen?

Intelligentsia-tzat –ez da gutxiesgarria– ekarri ditut, Miranderi burzuko aburuak eman zituzten idazleak. Arantza bat daramate beren baitan –bizi direnek behintzat–. Nola jokatu Miranderekin? Nola bihurtu politikoki zuzen edo egokia, moralki onartezina dena? Horra hor, ideologiaren karranka. Atx! Hobeto erranik: ideologien karrankak.
      Antza denez, itxuraz, nazismoak –ideologia naziak– ez dauka gurean izaterik. Antza eta itxuraz. Berriz ere errana. Izan ere, aipatu idazle horiek –gutti-asko, zehazpenik zehazpen, zehazpen-mehazpen–, euskal nazioaren inguruan aritu edota mugitu dira. Ez al da horrela?

Erran nahi baitut: ba al dago liburuan –eta orobat Mirande fenomeno naziren inguruan– nazionalista izendatua izateaz libre dagoenik? Alemaniako nazismoa supremazista izan zen. Euskal nazionalismoa ondoko nazionalismoek zapaldutako espresioa. Alta bada, ba al dago euskal nazionalismoaren sorrera-arrazista ukatzerik? Gurea –euskaldunona, alegia– nazionalismo igualitarioa izan al da? Euskal nazionalismoaren sorrerako EAJk igualitarismoa bermatzen al du? Haren ezkerrera sorturako nazionalismoak “nazismo” kutsu oro ezabatu al du?

Jon Miranderen nazismoaren beldur al gaude? Bai? Atx! Ez ote gaude gure baitan daramagun har nazi zitalak kitzikatuta? Izenak izen, ideologiak ideologia, ideologiak ez gaitu orotara definitzen. Jeltzaletasunaren ildotik ezkerraldera dagokeen –errateko modu bat da– Eneko Irigaraik hauxe dio Miranderen nazismoa zuritu beharrez: “Bueno, baina nik ere badauzkat nire maniak”.

Horra hor. Nork ez darama nazi –maniatiko– bat bere baitan, ezta? Areago, ezin dugu –ezin ulertu edo ezin pentsatu– Mirande omen zen pertsona fina, kultua eta irekia fanatikotzat hartu. Bidenabar, hauxe errateko: nola (on)hartu, inolaz ere, aipatu pertsona horren ildoan iragan mende erdi luzean espresio nazionalista bortitzaren ildoan aritutakoen artean fanatikoren bat egotea? Ez horixe! Bego hor.

Izenak izen, izanak izan, ideologiak ideologia

Zer egin Miranderekin? saiakera laupabost lagunen artezketaren emaitza da. Hagitz interesgarria, doike. Interesgarria egin zait –egile horiek egin duten lanaren harian, noski– aipatu inteligentziako laupabost lagunen aburuak kontrastatzea. Pertsona interesgarriak ez ezik, esanguratsuak dira pertsona horiek euskal nazionalismoaren ildoan, euskal nazionalismo antiarrazista, igualitarista –eta kasuren batean–, nazionalismo liberal suerte baten ildoan jorratu duten bidea.

Adinez adin, garaiak garai, Joxe Azurmendi filosofoa eta pentsalaria hizpide hauxe: Azurmendik Mirande ulertu nahi izan zuen, erlatibizatu zuen –haren izaera faxista, noski–. Erlatibizatu, ez justifikatu, prefosta. Azurmendik dioenez, Mirande faxista bazen. Ordea, ikaragarri orijinala izan bide zen. Erran nahita baita, bera bezalakorik ez zegoen, antza. Faxismorik ez da izan euskaldunon aldetik. Ordea, nazismorik? Bai. Nazismoa bai. Gurea. Orijinala. Gurea baina, antza eta itxuraz hau ere, bekatu orijinal orotik at. Nork uka dezake, gure nazioa jainkoaren lege zaharretik elikatua izan denik?

Ortodoxoak direla, heterodoxoak direla… Euskaldunok ortodoxiaren dosi on bat behar dugunean, bada, lepoan hartu eta segi aurrera. Heterodoxo agertu edo jokatu behar dugula, bada bertze dosi halako bat hartu, eta aurrera bolie. Alta bada, heterodoxo agertzeak libratzen al gaitu “arrazista” edota “faxista” izatetik? Bai ote? Bai zera!

Emilio Lopez Adan Beltza. Ez dakit zer pentsa. Beltza izengoitiz izendatua izan ote zen, berak landutako ildo libertarioa dela eta, edo euskal inteligentziako troparen ardi beltza legetxe hartu izan delako? Ardi troparena ez da metafora hutsa –hara, bidenabar errana hori ere–. Honela diosku arabar-lapurtarrak: […] jelkideen Euzkadi demokrata eta giristino hori idealizazio bat da, Miranderen herria, burgoi, azkar eta krudela da, jaun arrazakoa, mitologia nazi-germaniarraren transposizio hutsa”.

Non eta nola elikatu da euskal nazionalismoa? Non ez bada, Beltzak aipatu aiurri horietan? Konparazioenera, Gabriel Aresti poeta bilbotarraren nazionalismoaren ildoan ez, behintzat. Miranderen “nazi” izaera, bere literaturak salbuesten eta zuritzen du nonbait. Bere estilistikak, oroz gain. Euskal literaturak falta edo eskas duena. Areago, bertze literaturaren alboan paratzeko pertsonon baitan dagokeen jite gordea azaleratu baitu, nonbait eta nolabait ere. Gure balizko jiteak, aiurri posibleak edota hipotetikoak azaleratu dituena. Hala nola, pedofilia jitea edo izate pederasta. Chapeau! Homologatuta gaude. Kito!

Egiari eta errealitateari zor, Beltzak hauxe ere badio: “Nazia zela esaterakoan, inork ez dezan Mirande borrero nazia zenik pentsa. Inoiz ez zen egitatera pasa. Ideien eremua aipatu dut, bai eta azpimarratu eskuin muturraren barnean oso konbentzional zela”. Alegia, Miranderen pentsamenduak ez zeukan inolako orijinaltasunik. Hori errana dago jada. Niri adierazgarria egin zait –honetan ez bilatu nire aldetik Beltzaren aurkako afrunturik– Mirande ez zela egitatera pasa. Ez, prefosta. Ideologia batzuek elikatzen dute –teorian betiere–, ordea, praktikara bestetzuk daramate. Friedrich Nietzschek edota Martin Heideggerrek ez zuten judu bakar bat kalitu edo akabatu. Hitlerrek ere ez. Praktikan erran nahi dut. Bistan da, horretarako badaude borreroak. Handiak batzuk, ttipiak bestetzuk.

Joseba Sarrionandiaren ildoan, hona ale batzuk: Sarrionandiaren belaunaldikoek ez zuten Mirande maite, bere ideologia zela kari. Alabaina, iurretar literatoak dioenez, egiazko faxismoa ez zegoen Miranderen Parisko hilobi hartan, “gure inguruan zegoen”. Alegia, Franco faxista bizirik zegoen garaian errana duzu hori. Hara, hala ere, egun Franco bizirik dago, antza. Antza, alegia, haren jarraitzaileak vivitos y coleando daude. Ideologia ez da sekula hiltzen. Pertsonok pentsatzen dugunez gero, ideologiak erne dirau gure baitan. Tira, geure buru-muinean.

Sarrionandiaren aburua edo jarrera, bere ardurari itzuri beharrean nonbait, apur bat desbideratzen da. Bere lerro horiek ez dira ongi edo behar bezala ildokatuak. Izan ere, gazte hark ez zuen gura izango –hor nonbait– garaiko intelligentsia aztoratzerik. Nire konstatazioa hauxe: liburuan datorrena konstatatu bertzerik ez dut egin –Sarrionandiari afruntua egin gabe ere–. Pertsonok errepresentazioan bizi gara, eta errepresentatu beharrean jarduteko gauden jendarte hipokrita honetan –idazleen jendarte hipokrita barne– ipurdia agerian –ageriago– geratzen da. Gertatzen zaie eta gertatzen zaigu, to! To eta No!

Itxaro Borda, azkenik. Azkenik edo lehenik. Nola eta nondik begiratzen den!: “[…] 1944n, 20 urte zituela, SS oldeak ordenaturik […] garai hartako Drie La Rochelle idazle adinduaren pare [aritu zen]. Barne-harrotasun bat nabaritzen zuela eta sentimenduari segida eman zion….”. Alegia, gaztaroan esperimentatuari uko egin ezinik, Mirande nazi eta arrazista izateari atxikitzen zaio fermuki geroago ere bai. Zuri-zaleen eta demokraten zirikatzaile bilakatzen da. Akort? Ez akort? Ideologiak monstru bilaka gaitzake. Nor da libre, ideologien eraginaz? Ba ote? Trump dugu XXI. mendeko nazia. Eta? Inor librerik al dago Trumpren ideologiaren eta izatearen eraginaz?

Itxaro Bordak ildo oso esanguratsua eta sakona jorratu zuen Miranderi buruz. Hona lerroen arteko lerrotxo bat: “Agian, Mirandek ahuleziaz bizitu zuen amaren soa eta ahulezia horren aurka eragiteko nazismoan bilatu zituen erantzunak, irauteko baliabideak”.
    Zenbat Mirande ote dira –gira– Euskal Herrian?

Literatura argibide

Miranderen eremua ildokatzea argilunetan jardutea da. Latza eginkizuna. Zer egin Mirande pertsonarekin? Zer egin Mirande pertsona(ia)rekin? Pertsona “nazi”-ari ez-ikusia egitea al dagokigu? Ez-entzunarena egitea? Ez-irakurtzea? Edo pertsona epaitu eta kondenatu behar al dugu, baita bere obra kondenatu ere? Kito. Edo aitzitik, literatura zale horrek, baduzu patrikako saio hau taxuz irakurtzea eta zuk zeuk Miranderekin zer egin ebatzi. Ebatzi eta trenkatu. Kito.
    Gai betierekoa. Eternala: autorea eta bere obra bereizi behar al dira?

Testua ongi ulertzeko eta interpretatzeko “testuingurua” ongi ezagutzea baitezpadakoa duzu. Errana dut jada. Mirande ez dago bizirik. Gaur egun biziko balitz –imajinazioari tarte zabala irekiz–, hain ziur ere, gure interpretazioak bestelakoak lirateke. Ezbairik gabe. Koldo Izagirrek dioenez –edo bestorduz erran zuenez–, “heterodoxo iraultzaile eta aitzindaria izan zen, hitza gorputza zuelako, tabuak gaindituz; frogatu zuen euskalduna izan daitekeela, euskal idazlea edo pentsalaria […] hizkuntza zirraragarria erabiliz…”.
    Gaur egun, munduan zabaldu eta gogor jalgi den ildo faxista "bizi" dugun honetan –Trump Hitler berria delarik–, Izagirrek aipatu idazle zuberotarraren dohainak aintzat hartu eta pertsona, Mirande alors, salbuetsiko al genuke?

Post Scriptum

Euskal idazle eta pentsalari asko izan dira juzgatuak eta baloratuak. Jon Mirande dugu horietako bat. Alta bada, ez dut uste, bertze nehork berak sorrarazitako kontrobertsia adina eragin duenik. Erran nahi baitut, Mirandek euskalduna itauntzen du, itauntzen gaitu, gure izate nazionalista dela kari. Izan ere, ba al dago Mendebaldean nazionalismoaren izaeratik landa bizi edo jardun duen inor?

Nire interpretazio ilun honi argipen bat eman aldera, hauxe: eremu politikoan zentratuko naiz, argipenezko azalpen bat eman aldera. Demokrazia gauzatzeko berebizikoak dira hauteskundeak. Frantziako Estatuan, eta hortaz Ipar Euskal Herrian –gure Iparraldean– Presidentziarako bozak izanen dira 2027an.
    Hona parioa: baietz, Jean-Marie Le Pen izan zen nazi aktiboaren eta haren segidako Marine Le Penen –eta Jordan Bardellaren– Rassemblement National delakoak “gure” lurraldean bozen %20 inguru erdietsi?

Hego Euskal Herrira etorrita, bertan ez dago Rassemblement National alderdiaren parekorik –demagun VOX–. Ez da harritzekoa ez beharrezkoa, noski. Alabaina, bitxia egiten zait “gure” hegoaldean, Katalunian legez, eskuin muturreko alderdi baten antzekoa jalgi edo sortu ez izana –Aliança Catalana / Katalan Aliantza, alegia–. Ez dago harritzerik, ez beharrik ere. Noski hori ere. Niretzat, bederen.
    Alabaina, horiek horrela izanik ere, horrek ez dit pentsamendutik uxatzen euskaldunon artean “nazirik” ez dagoenik.

    Azkenik, Zer egin Miranderekin? saioaz hausnartzen ari naizela, galdera hau jalgi zait: zer egin euskaldunarekin?


Utzi iruzkina: