Zapore minak oroimenean, eternitatea dastatu aldera

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2022-06-29 10:26

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1656492007575

Sortaldekoak

Hedoi Etxarte

Susa, 2021

Abiaburuan

Hedoi Etxarteren Sortaldekoak poema liburua eskuetan hartu eta zabaldu dut. Azala eta kontrazala ostendu zaizkit. Ez da harritzekoa. Liburu guztiekin gertatzen duzu. Itxi dut liburua. Azaleko epigrafeetan erreparatu dut berriz. Liburua ireki dut ostera ere, eta poemaz poema, irakurri ahala, irudiaren nondik norakoaren eta izenburuaren zioen xerka aritu naiz.

Liburuaren “sortaldean” aurkitu ditut azalekoen erreferenteak: “Horregatik itzultzen naiz argazki honetara, belztu aurreko bizitza betearenera, eta ziur banintz…”. Horixe azaleko irudiarekiko erreferentzia. Liburuko azken poemaren amaieraren ariora hasi naiz liburuaren gaineko iruzkin hau osatzen. Erran nahi baitut: “…eta ziur banintz, liburu hau amaitzean, liburu hau botako nuke azal eta guzti, dastatzeko eternitatea”.

Liburuaren izenburuari dagokionez, berriz, honako hau: kontrazalean dagoen poeman edirenen duzu Sortaldekoak berba. Liburuko lehen aipuaren (Bertolt Brecht) harian ondua: “Orain badakizu / zauriak minik ematen ez dizunean / orbainak ematen dizula, / plazer orok bilatzen du eternitatea. / Gu gauetik gatoz". Eternitatea berriz ere. Minen osteko plazeren ideala. Hori eternitatea!

Atalez atal, ehunez ehun, harian ari

Lau atalez osatuta dago Sortaldekoak. Ehunak ehunka dituzu, hariak ausarki. Poetaren idazle erreferente eta euren aipuak andana. Bat aipatu dut halabeharrez. Nahikoa. Denak aipatu ezean/ezinean, itsusia litzateke bertze inor aipatzea. Poemetan aipatutakoak berriz, elemenia bat. Trumilka heldu dira. Filosofoak edo idazleak edota... izan gabe, hauek ere heldu dira, ekarri ditu Hedoi Etxarte poetak. Bitxikeria: poeta honen adiurrea aintzat harturik, Gabriel Arestirekin oroitu naiz. Oroiminaren malura ote? Oroimenaren mentura, akaso.

Gabriel Aresti poetaren harian, hura erreferente dudala: “Esanen dute / hau / poesia / eztela, / baina nik / esanen diet / poesia / mailu bat / dela”. Halatsu iruditu zait Sortaldekoak. “Tradizio indartsua, tradizio harroa, tradizio gorria” helarazten dizkiguten hotsak hauteman ditut, mailuaren danbatekoak dantzut: “Talde bateko kide garela. (…) Langile jendea. Jende xehea. Ez dugun horrek elkartutakoa. Klase bat”. Lehen ataletik erauzi dudan “iruzkin-txatala” duzu.

Lucien Etxezarreta poetaren xendran, berriz, hona erreferentzia: “Esanen dute / hau / poesia / eztela, / baina nik / esanen diet / poesia / fereka bat / dela”. Halatsu ere iruditu zait Sortaldekoak: “Maitasunaren politika da / maiteari adieraztea, inork adierazten ez diolako, / ez duela arrazoirik, adibidez”. Demagun ferekak Maitasun politikak poeman daudela. Fereka gutxi kausitu dut Hedoi Etxarteren poesian. Bigarren ataletik jauzi zaidan “iruzkin-txatala” duzu.

Joseba Sarrionandia poetaren uberan, berriz, honako hau: “Esanen dute / hau / poesia / eztela, / baina nik / esanen diet / poesia / paradoxa bat / dela”. Halaxe iruditu zait Sortaldekoak poema liburua: “Gizona ez zegoen pozik / esan zituen gauza interesgarriak / baina bakar batek ere ez zuen / Liga Komunista Iraultzailearekin loturarik”. Demagun poesia paradoxa dela. Hedoi Etxarteren bizitzaz apenas dakit, baina bere poesia, paradoxa da batik bat. Hots, Etxarteren poesia gaur egungo “iritzi komunaren kontrakoa da”. Hirugarren atalaren “iruzkin-txatala” duzu.

Laugarren atalean nauzu engoitik orain. Poesia galderak pausatzekoa bada, honatx pare bat: behin “klaserik erdietsi ez duen langileriaren trena” pasa ostean “sen komuna” delakoaren txatalaren bat jauzi ote daiteke animalia arrazoidunon adimenetik? “Sen komuna sen ona” al da? Hala ote? Ba al dago egun komunismoaren ideia gauzatzerik?

Paroles, paroles, paroles… (hitzak, berbak, eleak. Konpromisoa /Engaiamendua). Bizitza utopiaz kargaturiko poema bat da. Poesia egunero oharkabean eskuetan eztanda egiten digun pizgarri/bizipen bat da. Bernardo Atxagaren Etiopia gogoangarria akorduan, itaun hau jauzi zait: Europia deneko Europa honetan ba al dago astelehenik?

Orokorrean

Maleta poemak, Sortaldekoak-en lehenak, nostalgiaz ez ezik, minez, malenkoniaz eta herriminez inpregnatu nau. Heldu diren –datozen– poemen aieru eta susmo. Petrolioak (txapapoteak) gure itsasertzeko harriak inpregnatu ohi dituen legez. Harrizko herri hauskor hau kausitu dut liburuan. Gerra Hotzaren artean eta ostean, historia zahar eta berriko gerrateen suek kiskalitako herria. Aburu-iruzkin hau ere halakoxea duzu.

Poesia liburu honetan ez dago soilik gure herria, bistan da. Agidanez, ez dago-eta bakarrik ibil daitekeen herria. Herri honen ehunak eta hariak, beste herrietako xendretan eta uberetan txirikordatzen/uztartzen dira. Batzuetan herrien sena ondu egiten duzu, beste batzuetan ez. Ez betiere. Eternitatea unean uneko bizipena baita. Gunerik gabekoa.

Hedoi Etxarte poeta sailkatzekotan –ez naiz ziur hori egiteaz, inor sailkatzea arrunt itsusia delako– bere poesia infraerrealismoan kokatuko nuke. Adituen arabera, errealismo suerte horretako poetak infras bezala ezagutuak izan ziren iragan mendean. Hedoi Etxarte poetak infraerrealisten demari atxikia segitzen du gau(r) egun. “Volarle la tapa de los sesos a la cultura oficial / Kultura ofizialaren adimen-estalkia leherraraztea” lemari eusten dio irmoki.


Utzi iruzkina: