Xintxuketan, itsas txuri-beltzaren kulunkan
Hutsaren hatsa, 2020
(Elkar / UsoPop Diskak)
Xintxuketan, itsas txuri-beltzaren kulunkan
Nor da Aguxtin Alkhat? Enetako, bertsolari izan zen Ernesten semea. Xan-en anaia. Lerro bakar batean identifikatzeko: Armendaritze herriko folk eta pop-rock musikaria.
Entzuna nuen, han-hemenka, irratietan, bere kantaren bat edo bertze. Eta hara, doinu horien harian Hutsaren hatsa-ren peskizetan jarri nuen aditasuna. Larrabetzuko lagun batek erran zidan:
– “Mikel, entzun duzu Aguxtin Alkhat-en azken lana?”.
– “Erosi dut, baina artean ez naiz adi-adi jarri”.
–“Hau herria! Halako lan puska egin eta hutsaren hautsa ezagutu ere ez!
Diskoa eskuratu nuen eta hori ustekabea, ustekabe ederra. Bi disko zetozen batera, CD digitala eta biniloa. Txuri-beltzean. Klara Alberdiren lanaren ikusmiran, itsasoaren izariak merezi duen argazkiez profitatu nuen. Aspaldiko partez, biniloa laztandu nuen: A aldea / B aldea. 4 + 4 kanta. Borobil handi bat nuen eskuetan. CDa eta biniloa gauza bera ote? Ez. Beste dimentsio batean ageri zaigu horizontea. Kantaria bakardadean zerumugari so antzeman nuen.
Eta pentsatu nuen: ekiteko molde hau egilearen nahikari ausarta duzu. Diskoaren kostua ez da, bada, apala izanen. Alta, Aguxtin ez da musikari profesionala. Aipatu lagunak hauxe ere erran zidan: “Hori duintasuna!”. Ez nuen jakin Alkhat “musikaz” bizitzeko zer egiten duen. Aitak bezala, naski: xintxuketan.
Hona Aguxtin Alkhaten xintxuketan jaso ditudan bibrazioak.
A aldea
Mundua aldrebes aitzina doa emeki eta in-crescendo. Argia egunsentian urratu nola esnatzen doa kanta, mundura iratzartzen laguntzen gaitu. Doinu doia heldu da, ahotsak eta gitarrak babestua, erreposki bateria eta gitarra apala. Mundua aldrebes hau ez bagenu, ez genuke ez kanta hau, ez hutsaren hatsa sentitzeko xantza.
Utzi aske izaiten, urrutiko portuak gure zain daude. Gitarra eta bateriaren hotsek ekarri dute Aguxtin barkuaren erritmora, itsasoaren iraultzara burua emana ari duzu. Gitarra jalgi da olatuen artean: “Faltsuen Erresuman ezin da gorde, dena dago itxuran lotsaren orde”. Ihes doa marinel menditarra, hiria gibelean utzita.
Gauza oro… Belaontzia azkar doa, haatik, ez da artean itsas zerumugan amildu Gauza oro-ren kulunka ikaragarria da. “Ez zuen inoiz ikusi itsasoan olaturik…”. Kanta bakoitza esperientzia bat da. “Ez zitzaion hain itsusi argazkitan ikusirik”. Orain irriz dabil. Esperantzako kanta da, alaia. Gauza oro aldatzen da. Kantak aldatu nau. Gitarra joleak izeki dizu bihotza, Alkhatek arima.
Hutsaren hatsa… Kamila Zubeldiaren ahots beroaren laztana eta Alkhaten ahots errimea. Larrazken koloreak kontrastatu dira itsas koloreetan. Gitarren kadentzia goxoak kulunkatzen gaitu. Tanpez, Julien Labaten gitarraren orroak inarrosi gaitu, ez dago etenik, lazgarriki... hunkigarri ari duzu. Ederrak notak, ederrak bateria kolpeak, ederra Alkhaten ortzi muga: “Gauaren atean argia ikusi, ta haruntz joan nahi du”. Sendo doa, sendoa da kanta.
B aldea
Erre hitza... Kolpeka datoz musikariak, bakoitzaren jo tinkoan bermatzen du ahotsa Aguxtinek: kantaren hitzen eragina, garrasi eta mina, ulertu ezina. Kantaren dohaina, lagunen geriza. Ez dago tregoarik! Merkea da bizitza, merkeago hitza. Gitarra saminduak erre egiten dizkigu gorputz azala eta buruaren mintza.
Ezinaren izenean, eskifaia osorik dator gogor eta tinko, jo errimea berriz ere. Etenik ez dago hutsaren erresuman, ez gauez eta egunez: Arbola azala zilatzen dituzten notak aditzen ditugu, gure barne barneraino sartu da kanta leherkari hau. Laburra bezain sarkorra, erritmo zalua, lehen maitatu genuena betirako gorrotatzera garamatza, zerumuga amildegia latza da.
Esku eta lumek. Bateria gitarra eta ahotsa, errepika ederrak danborrenak: “Mila ta mila aukeren bila, iritzi guzien baltsan” kulunkatzen gaitu kantak. Airos ari gara dantzan, gure esku eta lumek, ahizpa anai ta lumek. Denok dugu zereginik. Itxaropena ez balitz gaitza!? Eta ilusioa lipar lausotua!?
Ai ama blues… Kiki Graciet-en aho soinua karrankariaren abarora marruskatzen gaitu Aguxtinek. Kirrinkari ari da blues man nafarra. Galdea inposatzen da: “Ai ama blues, nora goaz, zeri buruz?”. Gitarraren urradurak gure bihotzen negar zurrunak isilarazi ditu. Zertan gira? Noren erruz?
Zortzi kanta, zenbaki biribila. Eskaintza xumea eta tinkoa da. Sortzaileak menditik itsasora ateratzea berebizikoa da, itsasoan barrena mundua zeharkatzea. Aguxtin Alkhatek eskifaia sendo osatzea eta itsasoratzea bat izan da: batera doaz eta bat-bedera da baltsan. Olatuen urruma dantzut, kanten aire xehea eta itsasoaren errimea kulunkan aditzea plazerra da.
Herri honetako sortzaileek merezi dute itsasoan barrena jitoan abiatzea. Lagundu ditzagun baina itzultzen, ez dute naufragioen petzero izan behar! Ez ditzagun itotzen laga, haien emana hain preziatua izanda.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: