Tunelaren ostean: Begizolia
Katebegia gibelean Begizolia aitzinatzean. Bost hilabete iragan dira, arrazoiak arrazoi, Kabetegia bloga eten zela. “Bizitzak nola, tunel guztiek dute beren hasiera, denek dute amaiera. Gero eta barrurago joan are ilunagoa, gero eta aurrerago joan are argiagoa”, idatzi nuen orduan. Baita, amaitzea hastea dela idatzi ere.
Katebegia hartatik Begizolia hau (adimena prest, entzumena zoli, mintzoa labur). Begiak zoli, belarriak prest, oraindik ere hobeto entzuten ikasi behar dudalakoan bainago, baita hitzak tamainan erabiltzen ikasi ere. Katebegia-n, politikaren eta literaturaren (h)egian jardun nuen, besteak beste. Begizolia honetan halatsu ariko naiz ere. Egiaren xerka hegian ibili ohi naiz.
Egia eta erreala sinonimoak dira, hor nonbait; errealari sinesmen jitea kenduz gero. Erreala, errealitatea –hainbat aldiz errana–, biziki krudela da, errealitatea ezagutzea ez da gure esku, eta ezagutuko bagenu, ezin genuke jasan. Errealitatea beldurgarria baita. Eta gu pertsonok zerbait bagara, beste izaera artean, beldurra gara.
Beraz, erreala iritsi ezin dugunez, irrealean bizi gara, surrealismoan bizi ere. Begizolia-rako hautatutako irudiak erakustera –aditzera– ematen digunez, errealean ezin bizi, irrealean bizitzen ikasi behar dugu; eta nihaurek artean bizirauteko surrealismo dosi batzuk hartu beharko ditut.
Ez da baitezpada ere hala izan behar. Exageratu gabe. Denbora eta bizitza ez dira alferrik igarotzen, bestelako burutapenak azalduko zaizkit, naski. Hala espero eta desio!
Ongi etorri! Hunki jin!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: