Tonbetan ezkutatzen den laminari (2. konfinamendua)

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2020-11-01 08:27

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1604216088183

Urriaren 29 da, Hendaian. COVID-19 dela eta bigarren konfinamendua edo etxeratze agindua betetzen ari gara. Lehena, iragan martxoan “bizi” izan genuen. Oraingo hau, goizean bederen, aurreneko hura baino “lasaiagoa” doa karriketan, polizien kontrolei dagokionez. Orduko hartan, polizia suerte guztiez gain, militarrak ere ikusi genituen patruilatzen. Baliteke, opor garaia izaki, gobernuak turistei etxeratzeko emandako epeagatik izatea “lasaitasuna”.

Oinez jaitsi naiz hondartzara. Berehala nabari dut neurri berrien eragina. Autoak ibili badabiltza, hiriko busak ere bai –hutsik–, baina jenderik apenas dagoen. Ez dut nire parean inor gurutzatu hogei minutuko ibilaldian, gazte bat izan da salbuespena, txakur bat zeraman berari tiraka.

Hendaiako Ondarraitz plaia gainezka egon da azkenaldi honetan, ipar euskal kostaldeak Kaliforniaren jitea hartu du. Nik – ezagutzen ez dudan– Britania Handiko itsasertzaren eite hartu diot, erran nahi baitut, surf plantxa galtzarbean zeramaten asko eta asko ingelesez mintzo ziren.

Hondartzara iritsi naiz, eta aurreneko egunarekin alderatuta, apenas zebilen inor… Ostiralean, Belharra delako olatu erraldoia ikusteko milaka jende hurbildu zen itsas erlaitzetara, kornisa deitu parajera. Moisesek Itsas Gorrian barrena ihes izan zuenean –Faraoiaren armadak segika zuela– gibelean zeraman jendetza heldu zitzaidan akordura. Hori eromena! Orduko eta gaurko eroak ez gara antzekoak, ezta?

Nahiz eta Berria egunkaria eskuratzeko baino ez naizen etxetik irten, Ondarraitzen barrena menturatu naiz, bakoitzak bere eroa! Eroa edota zoroa!

Paseoan nindoala, atzoko eguna heldu zait pentsamendura: atzo Irati pagadira joan ginen (bi lagun eta hirurok) onddoen xerka eta menturan. Ale bat bera ez genuen ekarri. Baina ederki pasa genuen.

Hondartzako ertzera heldu naiz, eta lagun lamina baten mezua jaso dut tonbetan: “Behin entzun nuen itsaso bazterrean hustu egiten garela. Mendian berriz, energiaz bete. Betetzeko hustu egin behar da askotan. Hustutzeko beharrez nago”.

Eskerrik asko, lamina hori!

 

 


Utzi iruzkina: