Eleak tentuz hartu eta mainaz irakurri beharrekoa. Hain da sarria trinkoa eta mardula!

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2025-12-25 15:58

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1766776618056

Katona

Antxiñe Mendizabal Aranburu

Consonni

Katona

Katon elea –gaztelaniazko Catónetik eratorria–, ez da zehatza. Ene gardiz, jakina. Gaztetan, Eso es de Catón erraten genuen. Esamolde horrek adierazten zuena zehatz-mehatz jakin gabe. Ipuin-eleberri honetan ikasiko duzu
–ikas dezakezu– zer den katona.

Josi eta josi

Ipuin elemenia bat ikasiko duzu Katonan barrena menturatuz gero. Idazleak lihoak irun nola, irun egin ditu eleak. Ehundaka ele ehundu ditu eta ipuin sorta bat sortu. Herri ipuinez zein erranairuz ehundutako ipuin zaharren ildoan ipuin berriak ernarazi ditu. Ipuin berriek, berriz, eleberria osatu dute. Jantzi bat –oihalez oihal– josten den nola halaxe ehundu du Antxiñe Mendizabal Aranburu idazleak Katona eleberria.

Nobela autografikoa 

Nobela duzu Katona. Elea munta handikoa da eleberri menturatu honetan. Arriskuak hartu ditu idazleak. Mitoen zoriarekin eta malurarekin konjuratu da. Herri jakintzan zilipurdikatu da, herri-jakintzaz jantzi eta mozorrotu da.
     Idazleak –narratzailea eta protagonista–, hamaika izen ipini dizkio bere buruari, inork ezagutu ez dezan.

Arriskuak arrisku

Idazleek ipuinak irutean arriskuak hartzen dituzte. Ipuinak egiazkoak al dira? Egiazkoak izan behar al dira? Irrealak eta errealak, irrealaren ifrentzua eta errealaren aurkia behar ote? Ipuinak izatetik eleberriak izatera bidean arriskuak biderkatzen dira. Idazleak arriskuak zeharkatu –edota saihestu– eta gainditu behar izaten ditu.
    Aintziñe idazle pertsonaiak istorio anitzen izenak dantzan paratu ditu. Izenek, halaber, pertsonaien izanak dantzarazi dituzte halabeharrean.

Izenak izen, izanak izan, zenbat pertsona(ia) daude Antxiñeren baitan? Erran nahi baitut, Maria Antigua, Antigua, Marianti, Antya, Aintziñe izenak aski ote dira Antxiñeren izanean menturatzeko? Izena duenak izana du. Izanak izena du. Zenbat izen kabitzen dira izan bakar baten baitan? Dena dela ere, honatx augurio bat: “Idazlea, idatzi bitartean, idazkera bera baino ez da”.

Arriskuak arrisku (bis)

Katona eleberriko mendi zabalak, hala nola ibar meharrak ezagutzen ditut, gutxi-asko. Bertako (h)aran buruetan eta (h)arandi goietan ibilki nauzu, guti-asko ibili horietan ere. Adibide baterako, Sorgintzulo-n barrenean ere ibili izana naiz; batzuetan oharkabean –jakingabean– ibili banaiz ere. Erran nahi baitut, ez da berdin eleberri baten alde erreala ezagututa –amiñi bat bada ere– berau irakurtzea. Hartara, ni ere arriskuak hartzen ari naiz Katona eleberria interpretatzean. Kritika landu bat egitetik urrun, jainkoak lagundu nazala berau arduraz iruzkintzen.

Iruzkinik iruzkin

Idazlea hitzen lapurra duzu, berben ohoin edota eleen ebasle. Iruzkin-egileok 
–irun-egile bera ere– idazlearen eleen harrapakari bihurtu ohi zaigu, halaber. Honatx, augurio bat ez ezik, premonizio bat: “Ez dago idazlearen bizitzaren sentimenduetan sustraiturik ez dagoen kontakizunik”. Ez horixe! Ipuin bat umotzeko ongarria pazientziaz ondu beharra dago: "Idazlearen bizitzeko denbora idazteko denbora duzu". Bai horixe!

Katona hamaika –bider hamaika– pertsonaiaz osatutako dago. Horietako askok mitologian dute euren jatorria. Beraz, jite horrelakoak pertsonaia fantastikoak dituzu: Mari, Txerren, Aingeru guardakoa… Eleberri honetakoak, kasu. Hamaika amandreak dituzu joan-jinean ere bai, aitzina-gibelean. Malefizioak asko dira eta askotarikoak. Sorginkeria eta begizko anitz antzeman ditzakezu, hala berean. Horiek guztiak interpretatzeko eta egoki taxutzeko irakurle abila behar duzu izan, alajaina.

Katonako pertsonaia andana bizitza errealekoak dituzu: Iñaki, Itsaso eta Aritz. Ama ahantzi gabe, prefosta. Protagonistaren bizitzan berebizikoak. Berealdiko pertsonaiak dituzu ere: Antya, Doltza eta Otsanda. Bertzeak bertze. Parrasta baitira, alafede. Bizitza errealetik ekarritako pertsonak al dira? Pertsonaiak bihurturiko pertsona errealak ote? Erran nahi baitut, jite berezikoa egin zait pertsonaien izaera ezberdinen amalgama. Euskal izaera amalgama den bezalakoxea, egin ere. Horregatik beragatik, eleberri ausart eta arriskutsua begitandu zait Katona.

“Gezurrak zintzo esatearen artea omen da literatura”. Aintziñe duzu eleberri honetako protagonista. Idazlea da. Idazleak Ni izendatzen duenean hirugarren pertsona sortzen omen du. Orduan jaiotzen ei da literatura. Nia, berez, oztopo bide da. Hirugarren pertsonaren bidez sortzen bide da literatura. Antxiñeri, agidanez, haurra zela irakurtzen ikasi zuen unetik hirugarren pertsona(ia) sortzen hasi zitzaion. Katona eleberria lekuko.

Hainbat atalez eta txatalez osatutakoa duzu Katona. Anatema duzu atal horietako bat. Idazleak munduan eta bizitzarekiko hartu –nahi eta gura– ֪duen jarreraren isla da atal hori. Anatema erlijio bateko talde, doktrina edota idealismoaren aurkako afrontua da. Idazleaz haratago eta honatago, Antxiñe Mendizabal Aranburuk bere burua dogma orotik at kokatzen saiatu dela pentsu dut.

Euskal mitologian barrena joaki –greziar eta kristau mitologiaren erreferentziak ere badituzu ipuinotan; Efesoko pasarte gogoan–, euskaldun fededunen komuniotik paseaz –mundu paganoaren ekarpenak barne–, aro modernora bitarte, aro modernoaren osteraino ekarri gaitu Katonak. Katona, euskaldunon pentsamendu
filosofikoaz –erranairuak, atsotitzak, ipuinak– ederto batean jantzita dago. Iraganeko –antzinako, naski– euskarazko ele-ondareaz baliaturik, joan badoan mundu batetik erreskatatutako altxorra duzu. Kronos jainko ezaguna izan ez ezik, Kairos jainkoaren aukera landu eta ondu du idazle zumarragarrak –zumarragarra-ezkiotarra, apika–. Tenpoaren kantitatean baino tenpoaren kalitatean erreparatu du Aintziñe idazleak. Testuaren beraren musikaltasunari kasu eginez, hots. 

Iruzkinez iruzkin (bis)

…raitara tratalari tratalari; raitara tratalari tratalari. Aintziñe legez edo antzean nabilkizue neroni. Ez zerurako ez lurrerako. Sagar-bihotza duen idazle femenino honi segida eman nahian, kasu egin nahi diot, baita idazle femeninoari zein feministari kasu egin ere. Lur orlegiren baten xerka nabilkizue iruzkin hau ongarritu ahal izateko. Nork bere eleak eleberri baten gainean paratzen dituenean, arriskuak hartzen baititu. Ongarria ez da oro, neurriz eta tentuz erabiltzen ikasi ezean. Katona eleberria tentu handiz hartu beharra duzue. Eleak tentuz hartu eta mainaz irakurri beharrekoa. Hain da sarria trinkoa eta mardula!

Katonak hainbat kontu idoki dizkit. Idoki lehenik eta iradoki ondorenean.
Atal bakoitzeko paragrafo bakoitzak –lerro bakoitzak– ildo-parrasta bat zabaldu dit. Hain da hostotsua zeharkatu dudan basoa. Hain da sarria trinkoa eta mardula ibilitako oihana.

“Pipitaki-papataki; nik dakidana nork daki? Zer da inolaz ere harrapatzerik ez dagoena, eta bera gabe ezin bizi dena?”. Mozoloarena eginen dut: haizea! Baita, hara, are mozoloago ere azalduko naiz: literatura!

“Idaztea da airean errotzea”. Literatura haizea bezalakoxea da.
Idazleak ezin du bera gabe bizi, alta bada, ez du inoiz irrikatzen duena harrapatzea lortzen. Idazleak eleberriak idazten ditu –edo beste literatura genero bat– ez baitago lurrean –munduan, naski– nahi eta behar lukeen moduan errotuta.

Iradokizunak iradokizun

Sorgin-hizkuntza ikasi eta sorgin-hizkuntzan izkiriatu nahi nituzke nik ere, literatura-iruzkinok. Hartara, Antxiñe Mendizabal Aranburu idazleak darabilen prosa poetikoaren trinkotasunez idatziko nituzke ele hauek ere. Eleberri fantasioso-ameslari-errealista honek kezka gisako bat sorrarazi dit, ordea. Bat baino gehiago, hain ziur ere. Batto baino ez dut aipatuko. Eta da: literatura izan dadin, ez da nahiko idazlea eta liburua izatea. Irakurlea behar du literaturak. Eta berau interpretatuko duen inor ere bai. Kritikaria edo iruzkin-egilea, alegia.

Oker egon ninteke. Hainbat hobe. Bai horixe! Nago baina, Katona eleberria ez ote den joan badoan mundu baten ondare soila. Erran nahi baitut, eleberria honek euskara hizkuntzaren funtsa eta mamia badauzka berarekin, alta, ondare hori bildua izan arren, ondare soila izatearekin –literatura gordailua, alegia– ez da aski literatura loratu dadin.

Oker banengo hainbat hobe, hala nahi nuke ostera ere. Nago, Antxiñe Mendizabal Aranburu iraganeko ondarearen jabe izateaz batera, ondare hori bizi eta ondare horrekin bere burua jantzi izan duen belaunaldi bateko azkeneko pertsonatariko bat ote den –ez bakarra, bistan da–. Nago, hala berean, literatura ez dela aski belaunaldi berriak txoriak legetxe menturatzeko. Askatasuneranzko bidean laguntzeko ezinbestekoa den literaturari geroz eta bide estuagoak auguratzen eta sumatzen dizkiot eta.

Belaunaldi berriak ez daude iragan berri den munduan errotuta –nire gardiz hori ere–. Heldu den mundua
–belaunaldi berriek umotuko duten mundua– sortze bidean ari da, ari duzu. Alabaina, horratx ene itauna akaso inpertinentea: egungo literatura gauza al da –heldu den– mundua kuestionatzeko eta ongarriztatzeko?

Beno, bueno, bon, tira... Ezkorrenetan ezkorrena, idazleari nire eskerrak luzatzen dizkiot Katona eleberria ontzeko izan –eta erakutsi– duen pazientziarengatik. Baita belaunaldi berriko irakurleei gomendatu ere, altxorra ez ezik, Katonan hizkuntza eta literatura gordailu moldeko bat kausitu baitezakete.   

*** 

Ipuin baten hasmenta post-datan, eleberri baten asturu

Bazen behin idazle bat, egunez gutar eta gauez nitar izkiriatzen zuena. Txoriei haizearen gainean nola, hala joan ohi zitzaizkion orduak eta orenak. Senarrak, errementariak, berriz, “hego-haizea lapurra da” ziotson. “Lumak, eleak bezalaxe, haizeak eramaten ditu”.
    Idazleak ongi zekienez, bizitzak heriotza zor du. Hala zioen usu: etorkizun ziur-bakarra izateko heriotza onartzea da, modu bakarra kaosarekin bat egiteko, adeitsuki bat egiteko ere. 
    Idazleak euren liburuetan bizi dira, eta liburuen irakurleak eta interpreteak maitaleak bihurtu gaitezke. Hala Aingeru guardakoa nola Txerren modukoak bihurtu ere.
    Honatx, amaitzeko, ipuin honen ikaspena: etorkizuneko irakurleek ez dute idazlearen izena ezagutuko Katona eleberria irakurri arte.
    Hala bazen, ez bazen, hala izan dadila!


Utzi iruzkina: