TAO TE KING (XXX/XXXI) Lao Tse
XXX
Taori kasu eginez gobernatzen duenak
ez du mundua armez menperatzen,
kontrakoa bihurtzeko joera duen usantza baita.
Tropak kanpatu zuten hartan
sasiak eta arantzak ez beste ernaberritu daitezke,
eta armaden ondoren, ez-urteak heldu dira.
Hartara, gizaki zintzoa lortutakoarekin konformatzen da
indarkeria erabili gabe.
Bere burua goratu gabe hartzen du dena,
harrotu gabe,
tematu gabe,
aberastu gabe.
Zeren eta, izakariak, heldutasunera heldu direnean,
zahartzen hasten baitira.
Hau, Taoren aurkako den guztiari gertatzen zaio.
XXXI
Armak zoritxarreko gerra-tresnak dira.
Taoren jendea ez da haietaz inoiz baliatzen.
Jende dohatsuak ohoreko lekutzat jotzen du ezkerra,
haatik, armak daramatzanean eskuinean egoten da.
Armak zoritxarreko gerra-tresnak dira,
batere ez egokiak zorioneko jendearentzat.
Beharrezko direnean erabiltzen ditu soil-soilik,
baita tentuz erabili ere, garaipenean poztu gabe.
Garaipenarekin pozten dena jendearen
heriotzarekin gozatzen duena da.
Eta jendeak hiltzen plazer sentitzen duena
ez da munduan nagusitzen ahal.
Gertaera handietan ohoreko lekua ezkerra da,
eta eskuina, aldiz, gertaera tristeetan.
Buruzagi-ordea ezkerrean kokatzen da,
eta buruzagia eskuinean,
leku berezia hileta eginkizunetan.
Hil duenak
tristuraz eta dolorez egin behar du negar.
Gerrateko garaipenari
hileta eginkizunak segitu behar dio.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: