TAO TE KING (XX/XXI) Lao Tse
XX
Ez ikasi eta ez duzu buruhausterik izanen.
Zer aldea dago baietza eta ezetzaren artean?
Zer aldea dago ongiaren eta gaizkiaren artean?
Ez da posible gizakiek beldurra diotenari izurik ez izatea.
Ez dago jakintza guztia inguratzerik.
Mundu guztia sutu egiten da, baita gozatu egin ere,
sakrifizio handi bat ikustean bezala,
edo udaberrian dorre batera igotzean bezala.
Soilik neroni geratzen naiz geldirik,
artean, irri egiten ez dakiten jaioberriak antzo.
Nora jo ez dakienaren antzera, etxerik ez daukanaren gisara.
Mundu guztia oparotasunean bizi da,
soilik neronek irudi dut gabeturik.
Ene gogoa artegatuta dago,
ez ikasi batena bezala.
Mundu guztia da argitsua,
soilik ni nago ilunpean.
Mundu guztia da abegitsua,
soilik ni naiz dorpea.
Itsas zabalera jitoan doanak antzo.
Mundu guztiak badauka zer eginik,
soilik ni naiz ezgauza.
Ni ez beste naiz gainontzekoekiko ezberdina,
elikatzen nauen Ama biziki estimatzen dudalako.
XXI
Bertute ororen handitasuna
Taori dion fideltasunean dago.
Tao zerbait nahasia eta ukiezina da.
Nahasia eta ukaezina da, eiteak baditu ordea.
Nahasia da baina distiratsua, gauza anitz biltzen baitu.
Sakona eta iluna da, baina funtsa izan badu.
Funts hori benetakoa da.
Antzina-antzinatik
eusten dio bere izenari.
Izate guztien jatorria da.
Nola ezagutu izate guztien jatorria?
Bere baitatik.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: