TAO TE KING (XXVIII/XXIX) Lao Tse
XXVIII
Nork bere gizontasunaren esentzia ezagutzea,
emetasunaren printzipioari eutsiz,
munduaren errekastoa izatea bezalakoa da.
Munduaren errekastoa deino
betiereko bertuteak ez du abandonatuko,
eta haurtzarora itzuliko da.
Nork bere zuritasuna ezagutzea,
iluntasunean biziz,
munduaren eredua izatea bezalakoa da.
Munduaren eredua bezala deino,
betiereko bertutea ez da harengan aldatuko,
eta absolutura itzuliko da.
Bere loria ezagutzen duena,
zoritxarrean iraunez,
munduaren harana bezalakoa da.
Munduaren harana deino,
Betiereko bertuteak aseko du,
eta xumetasunera itzuliko da.
Xumeak, banatzen denean,
lanabes guztiak moldatzen ditu.
Jakintsuak gobernatzen duenean
ministrari guztiak gidatzen ditu,
eta horrela batasunari eusten dio.
XXIX
Mundua gobernatu nahi duena
eta berau eraldatu,
porrotaren bidean abian da.
Mundua maneiatu ezin daitekeen ontzi espirituala da.
Maneiatzen duenak txartzen du, daukanak galtzen du.
Zeren eta, izakariak ere,
batzuk aurretik doaz,
bestetzuk atzetik.
Batzuek eztiki ufatzen dute, indarrez besteek.
Batzuk kementsuak dira, bestetzuk ahulak.
Batzuek irauten dute eta besteak erortzen.
Horregatik, jakintsuak gehiegikeria oro errefusatzen du,
joriari itzuri egiten dio
eta exhuberantzia oro apalarazten.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: