TAO TE KING (XXII/XXIII) Lao Tse

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2020-12-17 08:24

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1608190223827

XXII

Umiliatua goratua izanen da.
Okertua zuzendua.
Hutsa betea.
Zaharra berritua.
Aratz eta xumea lortua,
alabaina, korapilatsuak eta hedatsuak anabasa ekarriko dute.

Hori dela-eta, jakintsua batasunari atxikitzen zaio
eta hori da munduaren eredua.
Agertzen ez delako da nabarmena.
Gordetzen ez delako da distiratsua.
Harrotzen ez delako ohorea du merezi.
Inposatzen ez delako da manuaren jabe.
Inork ez dio eraso egiten, berak inori ez baitio gerra egiten.
“Umiliatua goratua izanen da” erran zaharraren eleak
hutsalak al dira, akaso?
Horregatik beragatik,
jakintsuak bere handitasuna
gordeko du.

XXIII

Gutxitxo mintzatzea naturala da.

Urakanak ez du goiz osoa irauten,
ez euri-jasak ere egun osoa.
Zeinek eragiten ditu izakari hauek?
Zeruak eta lurrak.
Zeruko eta lurreko izakariek ezin badute betiereko iraun,
nolatan iraunen gizakienak?

Horiek horrela, Taori jarraitzen dionak
Taorekin bat egiten du.
Bertutearen atzetik doanak
bertutearekin bat egiten du.
Urriari atxikitzen zaionak
urriarekin bat egiten du.
Gauza hauetako batekin bat datorrenak
haren abegia izanen du.
Alta, honi guztiari ez zaio ospe nahikorik ematen.


Utzi iruzkina: