TAO TE KING (XLVI/XLVII) Lao Tse
XLVI
Munduan Taok agintzen duenean,
gerrarako zaldiek ongarria garraiatzen dute.
Munduan Tao ez dagoenean
gerrarako zaldiak ugari dira aldirietan.
Ez dago hutsegite handiagorik desioei amore ematea baino.
Ez dago ezbehar handiagorik aseezina izatea baino.
Ez dago grina txarragorik gutiziatsua izatea baino.
Kontentatzen dakiena
beti dago ase.
XLVII
Ataritik atera gabe
mundua da ezagutzen.
Leihotik begiratu gabe
zerurako bidea ikusten.
Are eta urrunago joan,
eta are gutxiago da ikasten.
Horrela, jakintsuak
ez du urratsik ematen, eta iristen da,
ez du begiratzen eta ezagutzen du,
ez du jarduten eta konplitzen du.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: