TAO TE KING (XIV/XV) Lao Tse
XIV
Ikusezintzat jotzen dugu, begiraturik ere ez baita ikusten.
Entzunezintzat jotzen dugu, aditurik ere ez baita entzuten.
Ukiezintzat jotzen dugu, ukiturik ere ez baita sentitzen.
Hiru aldarte hauek ulertezinak dira eta bakarrean batzen.
Goian ez da argitsua,
behean ez da iluna.
Betierekoa da eta ezin da izendatu,
Izakarien ez-izanera itzultzen da.
Eiterik gabeko eitea da
eta irudirik gabeko irudia.
Nahasia eta eustezina da.
Aurrez aurre ez duzu bere aurpegia ikusten,
ez atzetik bere bizkarra ere.
Antzinako Taori leial zaionak
egungo izateari eusten dio.
Antzinako jatorria ezagutzen duenak
Taoren funtsa dauka.
XV
Antzinako guztizko jakintsuak
hain ziren sotilak, burutsuak eta sakonak
ezen ezin ahal zuten ezagunak izan.
Ezagunak izan ahal ez zutenez gero,
euren deskribapena baino ezin da egin:
zentzudunak ziren,
neguan erreka zeharkatzen dutenak antzo;
zuhurrak, ezker-eskuinari soz,
auzoen beldur dagoena legez;
isilak, ostalaria bezala;
aldaberak, urtzen den hormaren antzera;
sendoak, zurezko enborrak antzo;
zabalak, haranaren erara;
nahasiak, ur uherrak bezala.
Nor daiteke, gelditasunean, uherretatik
argitasunera astiro igaro?
Nor daiteke, higikortasunean, jabalduratik
ekintzara astiro igaro?
Tao horri jarraitzen dionak
ez du guztizko izan nahi.
Guztizko ez izanik,
antzinakotasunean geldi daiteke
zaharberritu gabe.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: