TAO TE KING (LXVI/LXVII) Lao Tse
LXVI
Ibaiak eta itsasoak Ehun Haranetako errege-erreginak dira,
beherean daude-eta.
Horregatik izan daitezke haran guztietako errege-erreginak.
Horrela, gizakia baino gehiago izan nahi duen jakintsuak
bere hitzak beheititzen ditu.
Herriaren buruzagi izateko
atzean geratzen da.
Horrela, jakintsua goian egoten da
eta herriak ez du bere zama sentitzen.
Lehenbiziko tokian egoten da
eta ez du herria gogaitzen.
Mundu guztiak gartsuki altxatzen du,
hartaz unatu gabe.
Inor konbatitzen ez duenez
inork ez du hura erasotzen.
LXVII
Munduan handia naizela diote denek
eta ez dut horrela ematen.
Handia naizelako
ez dut horrela ematen.
Halako itxura emango banu, horrela izateari utziko niokeen,
eta aspalditik txikia izango nintzateke.
Hiru dira gordetzen ditudan altxorrak:
lehena maitasuna da,
moderazioa bigarrena,
apaltasuna hirugarrena.
Maitasunari esker adoretsua izan naiteke.
Moderazioari esker, eskuzabala.
Apaltasunari esker, lehena.
Baina maitasunik gabe ezin da adoretsua izan,
moderaziorik gabe eskuzabala,
apaltasunik gabe lehena.
Bestela hilobirako bide egiten da.
Maitasunez oldartzen dena gailentzen da.
Maitasunez eusten diona sendoa da.
Zeruak salbatua dena maitasunak gerizatua da.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: