TAO TE KING (LXIV/LXV) Lao Tse

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2021-01-15 08:20

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1610695718216

LXIV

Geldirik dagoena erraz da atxikitzen,
gertatu ez dena erraz da ebazten,
hauskorra dena erraz da hausten,
xehe dena erraz da hedatzen.

Ohartaraz ezazue gertatu baino lehen,
eta anabasa izan aurretik antolatu.

Besoez ozta-ozta uztar daitekeen arbola,
hazitxo batetik ernamuindu zen.
Bederatzi solairuko dorrea,
lur pila batetik hasi zen.
“Li”ren milako egunen bidaia
urrats batez hasi zen.
Ekiten duenak porrot egiten du.
Daukanak galtzen du.
Horregatik, jakintsuak ez du ezer egiten
eta ez du frakasatzen;
ez dauka ezer,
eta ezer ez du galtzen.

Gizakiak obra hondatu ohi du amaitzerakoan.
Hasierari nola amaierari kasu eginez,
ez litzateke inolako obrarik galduko.
Horregatik, jakintsua saiatzen da ezer ez desiratzen
eta baliotsuena gutxiesten.
Ez-ikasten ikasten du,
besteek jadanik ibili duten bidetik itzultzen da,
eta hartara, obratzen ausartu barik,
izaki guztien berezko bilakaera faboratzen du.

 LXV

Taori jarraitzen zioten zaharrek
ez zuten herria ilustratzen;
aitzitik, iraunarazten zuten haren apaltasunean.

Herri bat nekeza bada gobernatzeko,
errua bizkorrena da.
Adimenduz gobernatzen duenak
estatua hondoratzen du.
Maltzurkeriaz baliatu gabe gobernatzen duenak
estatua aberasten du.

Bi gauza hauek ezagutzea
egiazko araua ezagutzea da.
Arau hau ezagutzea
bertute misteriotsuaren jabea izatea da.

Bertute misteriotsua sakona eta zabala da;
gauza guztien ifrentzua, ordea,
berari esker den-dena harmonizatzen da.


Utzi iruzkina: