TAO TE KING (LVI/LVII) Lao Tse
LVI
Ezagutzen duena ez da mintzo
eta mintzo denak ez du ezagutzen.
Zirrikituak kukutzen ditu,
ateak hesten,
lazdurak arintzen,
nahaste-borrastea desegiten,
zohardurak jabaltzen,
hautsarekin bat egiten du,
horra hor batasun misteriotsua.
Ez zaio erakarri ahal;
ez errefusatu;
ez on egin ez kalterik ere;
ez zaio ohoratu ahal
ezta gutxietsi ere.
Horregatik, munduko baliotsuena da.
LVII
Zuzentasunez gobernatzen da estatua.
Zorroztasunez borrokatzen da gerran.
Eta aritu gabe mundua konkistatzen.
Nolatan dakit?
Honexegatik:
Zenbat eta debeku eta muga gehiago izan,
are eta txiroagoa izanen da herria.
Zenbat eta arma gehiago izan,
desordena are handiagoa izanen da erresuman.
Are eta maltzurkeria gehiago izan,
eginkizunak are eta arraroagoak izaten dira.
Zenbat eta lege eta dekretu gehiago izan
lapur gehiago agertzen da.
Horregatik jakintsuak hauxe dio:
Nik ez dut deus egiten
eta herria berez aurreratzen da.
Geldirik egoten naiz eta herria berez ontzen da.
Ni ez naiz tratuan ari izaten
eta herria berez aberasten da.
Nik ez dut ezer desiratzen
eta herria xume bihurtzen da berez.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: