TAO TE KING (LVIII/LIX) Lao Tse
LVIII
Gobernua alferra denean,
herria zintzoa da.
Gobernua langilea denean,
herria alferra.
Zorigaitza zoriontasunean datza
eta zoriona ezbeharrean.
Nork ezagutzen du erdigunea?
Ez dago araurik.
Zintzotasunak nabarmenkeria dakar
eta ontasunak gehiegikeria.
Aspaldikoa da gizakiak bere burua horregatik
engainatzen duela.
Hartara, jakintsua zorrotza da baina ez erabatekoa,
ertz askotarikoa da baina ez du zauritzen,
irmoa da baina ez harroa,
argia da baina ez du itsusten.
LIX
Gizakien eta zeruaren aldeko gobernamenduan,
moderazioa da hoberena.
Moderazioak oro menperatzen du.
Besteen menpean jartzen denak
zernahi bertute biltzen du.
Bertutez osaturik,
garaile jalgitzen da denetan.
Denetan garaile izaki,
helmuga susmagaitzetara iristen da,
erresumaz jabetzeraino iritsi ere.
Erresumaren Ama erdietsiz gero,
luzaz iraun dezake.
Sustrai sakon eta eustarri sendoaren bidea da,
ikusmen iraunkor eta bizitze luzearena.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: