Sublimea

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2020-10-27 19:01
1

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1603822814419

Petti

Manipulazio Estrategiak, 2020

Harkaitz Cano

*Zart

Bidasoako Petti handdi-k disko kontzeptual baterako letrak eskatu zizkion Orio-Urumeako Zaldi ttikia-ri. Hiru ibai eta sorleku bera: Nafarroa Garaia. Izokinak amua jarri zion aingirari. “Lagunak dira benaz, laguntasuna atezuan jartzen dutenak”, pentsu dut.

Zaldi ttiki-aren arrastoak sakonak dira eta Sylvain Timsitek interneten emandako urratsetan –Noam Chomskyren pentsamenduan oinarrituta– segitu zuen. Sistemaren manipulazio estrategiak destilatu zituen eta Petti handdi-k eskubideen murrizketak, emozioak, beldurrak, desioak, bulkadak edota hausnarketa arrazionalak doinuz jantzi eta jariarazi ditu.

Aitzinerat egin aitzin: zailtasunak ditut lan honek buruan eragin didana atondu eta paperean paratzeko. Sublimea da lana. Planteamendu ausarta, mozkina aparta. Manipulazio estrategiak diskoa euskal marmita da, biribil-biribila. Marmita ez da guztiz borobila, horregatik biribila.

Marmitak mamia mamitsuaz egin dit gainezka. Seaskako –ustezko– jakintzaz mozorrotuta –ez jantzita–, antena parabolikoak biluztu eta hustu nau ispilu aitzinean. Miraila da, ispilua da, baina ez da miraria. Mirariak ez dira berez gertatzen, lanak dakartzan mirailak dira benetakoak, edo benetakoenak.

Diskoko hamar kantak hamaika aldiz entzun ditut, Bonus Track-i esker hamaikagarrenez. Alabaina, hamaika aldiz entzunda ere, ez dut artean behar adina entzun, ez dut marmita borobil honek dakarren uzta guztia behar bezala dastatu orainokoan. Marmita presio-eltzea begitandu zait, presioaren in-presioaz –zirraragarria– euskal tupina honek dakarren mamiaren lehenbiziko geruza baino ez dut ahogozatu orainokoan. Eltze-tupina-espreso mamitsua, geruzaz geruza barneratzeko zain daukat!

Aitzinaren ostean, aitortza: 12-14 urte nituela hasi nintzen “musika ezagutzen”, etxeko kantariak doi-doia: Laboa, Lete, Lertxundi. Espainiatik heldu zitzaizkigun Los Bravos eta enparauak. Zoriak munduan barrena eraman gintuen: hamaika talde (The Beatles…) heldu zitzaizkigun. Haiena zen aura eta haiek transmititu loria, berdingabea. Etxekoen ez estatukoen musikek ez ziguten ematen haiek ekartzen zuten zoria. Euskal popa eta rocka sortu gabe zeuden anartean. Geroxeago heldu ziren Errobi, Niko Etxart edota Koska eta Itoiz… talde apartekoak. Heldu zirenerako baina, talde onak izanagatik, nerabe eta gazte garaiko lilura ase ninduten munduko hamaika taldek jadaneko, hamaika musika airek eta soinuek.

Ingelesez eta euskaraz entzuteak ez zuen “magia” bera. Adinaren esnobismoa? Ez dut horrela gogoratzen, ez dut hala bizi nuenik uste. Gerora, egiari zor, emeki-emeki ikasi nuen baloratzen, baita ohartu ere, euskaraz ere egiten ahal zela rock pop edota hainbat musika-mota duintasunez, belarrian kirrik egin gabe.

Musika maite dut, musikari esker bizirik naiz, musika eta kantuari esker ere banaiz, baina ez naiz musikaz taxuzko deus esateko formatua. Alabaina, musika eragin emozioek inbaditzen naute zeharo. Disko hau entzuten ari naizenean, zer erranik ez!

Petti ezagutu nuenean pentsatu nuen: iraganean jira-biraka ibili zitzaidan arima erratu bat piztu da nire inguruan. Manipulazio estrategiak entzuten ari naiz, Petti entzuten dut, eta ez dut sentitzen nire gazte garaiko ezein kantari Petti-ren gainetik, ezta Eric Burdon bera ere. Nork bere mitoak!

Kantak entzuten ditut eta: Herbie Hancock, Jefferson Airplane, Tom Waits… edota Jimi Hendrix (Joseba Irazoki) entzun ditut, besteak beste. Ez ditzadan alderaketa gehiago egin, gorrotagarriak baitira (*):

Manipulazio estrategiak diskoaren zioa, Harkaitz Canok esplikatu du diskoan, zioa eta nondik norakoak. Itzela. Letra bakoitzak itzala laga digu. Disko kontzeptuala da. Erretratu sozial paregabea. Bego! Ez nadin errepika, ez laudoriotan ito. Egundo ez dut honen tamainako euskal diskorik entzun (eta badira asko eta onak. Hain ziur, honek ezabatu ditu une batez aurreko haiek nire gogotik). Erran nahi baitut, gutxitan entzun dut, aldez aurretiko landutako letrak horren ongi egokituriko musikaz, hitzek eskatzen duten musikak mezua horren ederki apailatua.

Diskoan hamar kanta dira, baina hamaikak osatuta dago. Hiru kantek lerroburua bera dute: Helduentzako sehaska kanta (I. II. III). Alabaina, kanta bakoitza mundu bat da, eta denak baltzuan daude munduan.

1. Zaldi emozionalak. Halaxe gara, zigorrak zigor, hala zaldia nola gizaberea. Zaldiak trostan hipodromoan, hitzen sortzaileak hantxe du sehaska. Zigorra sentitu dut larruan, emozioek zigortutako arrazoiduna. Emozioek gaindituta, bizitzaren langak gainditzeak ezarritako zigorra.

2. Diotenez. Sublimea, zoragarria. Pianoa eta gitarra, biko maitatua. Diotenez bihar hobeto egongo gara, Petti-k ezetz dio. Nik diot baietz. Kanta esperantzakoa, esperantza gaitza dela jakinikan. Kantak eraman nazala gaur arte bezala, biharkoan.

3. Helduentzako sehaska kanta (I). Erritmo karibetar, kanta autobiografikoa. Lasartearrarren hitzak dira, baina izan liteke beratarrenak, badute zerbaitetan antza Oria ibaiakoak eta Bidasoakoak. Hegaka naramate doinuek, Larbururen & Petti-ren ahots artean Angel Unzuren gitarraren akordeek ez dute parerikan.

4. Inozoak ispilua bila. Ahotsa, gitarra, pianoa, biolina, txeloa, biolina eta biola, hori nota salda sorta: ispilua osorik dago, miraila paregabea. Inozo ni, ispilu zurrupatzaile hori, ispiluaren distirak ez ezik, kantak salatu nau, erreinuko ergel hori. Ispilua lurrundu zait. Bisaia kamustu.

5. Errurik gabeko habia. Petti-k barne-bildu nau bere albora. Errun ez duen oiloa naiz. Nabil nabilenez, oilo hegalari. Petti-ren Wasta-k durduzatu nau. Larburuk dardarka nago, txitoa baino ez nauzue. Larbururen haizea aise dabil, bera da arrosa bera da arantza, bateria-jolearen danbadak nire baitako bihozkadak.

6. Helduentzako sehaska kanta (I). Berriz ere, sehaskan. Seaska baina eraldatu da, amnesia hilgarri sorrarazlea da sehaska engoitik. Telebistak agintzen du, berak bihurtu du sehaska kartzela eta gatazka. Biolinen aireak eta Larburu & Petti-ren ahotsak ederrak dira, lasartearraren hitzak durduzagarriak.

7. Zure begia, haien zizare. Indarrez heldu da kanta, ozen. Pantailaren menpe nago halere, mundu hau zingira tetrikoa da, lugrubea. Zingiran cookiak dabiltza, begietan sartu zaizkit, zizareak legez, eta geldirik nago, geldi. Zeren zain nago? Saxoak sastatuta aterako al naiz zingira horretatik?

8. Ordaindu kezkak. Erritmo geldoa, pisua, izenik gabeko kezka ez da benetakoa. Ez dezagun kezkak ordaindu, gureak ez direnean. Kezkak kezka, zorrak zor, arazoa eragileak prestu du soluzioa. Mundu madarikatua. Petti aratz eta Handdi!

9. Ergelen gelan. Soinu apokaliptikoa, siniestroa. Ergelen gela gure goait dago, munduak ez du atarramendurik, “gure buruaz beste egin ezinik”, suizidatzea debekatuta dago. Anari-ren Aurrekari penalek espetxeratuta naukate ergelen gelan, manipulazio estrategiek funtzionatu dute.

10. Nola ezetz? Ez dator gaizki galdera. Irazokik burmuinak pixkanaka mailatu dizkit, pixka bat pixkanaka. Gogorra. Desesperazioa. Nola ezetz? Borreroak deus puskatu gabe, erdibitu nau. Papurtuta nago.

11. Bonus track. Helduentzako sehaska kanta. (II + I). Nola da errana? Ez dago biga, higa barik. Adikzioa sortzen du Petti Handdia-k. Satan bila dabil. Lolita probokatzaile. Ergelen gelan sartzeko bonus track eskaini digu Petti & Cano bikoak. Haurrentzat zen sehaska, helduentzat nazka. Gatazkaren soluzioa vintage da.

Post Scriptum: berant nabil, ibili ere. Beti berant eta beti heldu nahian. Arazo zaharrak ahazteko arazo berriak goait dauzkat. Zer prezio ordain dezaket? Ez naiz estrategietan iaioa ez jaioa manipulazioetarako. Larri nabil horregatik, ni ere naiz zatia eta osoa, ni ere nauzue arazoa eta nik daukat soluzioa. Alabaina, ni bainaiz zatia ni banaiz osoa.

(*) Hauek musikari paregabeak:

Taldea: Petti eta Joseba Irazoki Agirre. Igor eta Iñigo Telletxea.

Juantxo Zeberio Etxetxipia, piano, teklatuak. Angel Unzulu, gitarrak. Gorka Benitez Mitxelena, saxoa.

Hari laukotea: Miren Zeberio Etxetxipia: biolina. Alejandro Saul Martinez: txeloa. Mikel Urdangarin Castro: biolina. Imanol Martinez Hervias: biola.

Gonbidatuak: Toño Muro Jurio, Raul Gartzia Etxeberria, Maite Larburu Garmendia. Bat-bedera, denok baltzuan, disko sublime honen egileak.

Alain Urrutiak apailatua.

Obra sublime honen aita Harkaitz Cano Jauregi lasartear-donostiarra, ama berriz Petti bidasoarra.


Utzi iruzkina: