Gizakiak bere izate soilaren bidez "salba" al dezake bere burua?
Sapiens (Gizadiaren historia labur bat)
Sar hitza
Sapiens (Gizadiaren historia labur bat) liburu mardulak dozena bat urte bete du, Yuval Noah Harari historialariaren lana duzu. Iruzkindu asmo dudan euskarazko edizioak, berriz, 2019an ikusi zuen argia (Elkar argitaletxea). Andoni Sagarna eta Xabier Kintanaren itzulpena. Estimagarria oso. Egiari zor, iruzkina baino sintesi bat eginen dut.
Sapiens historiaz ari zaizu, zientziaz berebat. Best-seller duzu. Milioika irakurleren arreta bereganatu duen liburua. Ez naiz liburu tankera hauen
irakurle –lehen aldikoz irakurtzen dudan arte, noski–. Har dezadan salbuespen gisa, baita nire testu hau ere.
Homo sapiens delakoaz ari duzu saiogilea. Sapiensa, Neandertalgo gizakiari nagusitu zitzaion nonbait eta hura ordezkatu. Edonola ere, gure arbaso hori (Neanderthal delakoa) garrantzirik gabeko animalia izan zen. Hala dio, filosofo gisara ere ekarria den Yuval Noah Harari idazleak.
Liburu honen protagonista nagusia Homo sapiensa da. Protagonista esan dut, hots, pertsonaia, historia –fikzioa tarteko– sortutako paradigma baita. Liburua, ez da fikziozkoa, noski, saiakera da, historiaren gaineko saioa. Horra paradoxa. Egileak liburu hau Gizadiaren historia labur bat bezala ekarri du, eta neronek, azken funtsean, historiaren sintesi luze bat egin dut.
Sintesiaren lehenbiziko atala
Tesia: Sapiens ikerketa liburu bat da. Giza-historia aztertzen du eta hainbat galdera pausatu. Besteak beste: zer harreman dute historiak eta biologiak? Zein da aldea Homo sapiens eta beste animalien artean? Bada justiziarik historian? Historiak badu noranzkorik? Jendea zoriontsuagoa da historia igaro ahala? Hona, egilearen ondorioa: kontentatzeko ezintasuna sano errotuta dago gizaterian eta gure eboluzioari lotuta dago.
Ikaspena: gizakion iraultza kognitiboa duela 70.000 urte inguru hasi zen. 12.000 urte dira laborantzaren iraultza abiatu zela. Iraultza zientifikoa orain dela 500 urte baino ez zen hasi. Alta, bost mendetan gizakiok esperimentatu dugun eboluzioa aurreko milurteko aurreikuspen guztiak gainditu ditu. XXI. mendeaz geroztik heldu dena, berriz, kontrolaezina da. Homo sapiensa, saiogileak dioenez, harrapakaria edota predatzailea izan zen. Hura desagertu zen. Guk ere, halaxe eginen al dugu? Bide horretan goazela baietsiko nuke. Aitzina egin baino lehen: Sapiens delakoak, batez ere, bere hizkuntza bereziari esker konkistatu zuen mundua.
Jakinduriaren arbola. Duela 70.000 urte Sapiensak ez zeukan egungo gure espeziearen trebetasun kognitiboa, baina, antza, gauza “bereziak” egiten zituen beste espezien aldean. Iraultza kognitiboa garatzen hasi zen, jakinduriaren arbola gisako bat marraztea posibilitatu diguna. Bitarteko horrek, animalia bakoitzak hizkuntz suerte bat duela, esaterako. Hots, hizkuntzak egin gaitu garen bezala izaten. Hizkuntza duzu Sapiens animalia soziala egiten lagundu zuena.
Esamesen teoria. Sapiensaren hizkuntza-kodea esamesaka aritzea legez ulertu behar dugu. Gaur egunera etorrita, giza komunikazio gehienak: telefono-deiak, emailak, whatsappak, txioak, egunkarietako zutabeak esamesak dira. Artikulu hau ere bai. Historialari honen ustetan, fikzioa duzu Sapiensaren hizkuntzaren ezaugarri bereziena. Alegia, deus ez. Alabaina, bistan denez, fikzioak gu distraitzen gaitu, baita engainatu ere. Haatik, fikzioak ahalbidetu digu, ez bakarrik gauzak imajinatzea, baizik eta hori modu kolektiboan egitea.
Fikzioaren ondorioa gara. Giza-espeziea jendartean antolatu izanaren gakoa edo baliabideetako bat, nagusia agian, fikzioa izan da. Erran nahi baita, mitoek berebiziko eragina izan dutela erkidegoetan; fikzioa eta mitoa kidekoak dira. Gaur egunera etorrita, gure erakunde modernoek oinarri berbera dute. Egungo legelariek erkidego primitiboetako ipuinlariek baino askoz “ipuin arraroak” kontatzen dizkigute. Politikariek zer esanik ez.
Egungo multinazionalak, mundua gidatzen eta kontrolatzen dutenak, “fikzio legal” batean funtsatuta daude. Izan, benetan, ez dira. Ez dira existitzen. Korporazio deitu horiek, Corpus (gorputz) hitzetik heldu zaigu. Baina, itxuraz, hagitz ironikoa da beren gauzapena, gorpuzkera, izan ere, korporazio horiek ez dute halakorik. Aitzitik, gure imajinario kolektiboa da sozietate erraldoi horien oinarri sendoena. Hau da, gakoa da guk sinestea. Ez dira lehenbizi sortutako sozietate edota erakundeak, jainkoak, nazioak, estatuak halaxe sortuta izan dira. Alegia, sinesmenak mugitu izan da giza-historia eta giza-espeziea.
Fikzioak, konstruktu sozialak edota errealitate imajinarioak ditugu, munduko egungo egituren euskarriak. Iraultza kognitiboaz geroztik, denbora joan ahala, irudimenezko errealitatea gero eta indartsuagoa –boteretsuagoa– bihurtu da. Antigoalean Sapiensak garatu zuen imajinarioak ahalbidetu zuen bizirik irautea. Jauzi itzela da, baina gaur egungo entitateen grazia halakoxea dugu nonbait. Internet eta Googleren irudimenezko grazia, sapiensaren imajinarioaren segidan heldu da.
Gizakiok istoriok kontatu ahala mitoak aldatuz joan dira. Horra gure izatea. Mito modernoa da, konparazioenera, 1978ko Frantziako Iraultza. Haren aurretiko erregeen jainkoengandik profitatzen genituen eskubideen mitoak, populuaren subiranotasunaren mitoan sinestera igaro ginen. Historian barrena, holako aldaketak eman izan dira, iraultza kognitiboak deritzeguna, Sapiensa izan da eboluzio horretan hobeki moldatu zena. Sapiensak gai izan ziren beren egitura sozialak aldatzeko. Berriz diogu, “arrakasta” edo “aldaketa” tribuko espirituei buruzko istorioak kontatzean datza. Gaur egungo merkataritza-sare globala fikziozko entitatean dugun konfiantzan oinarritzen da. Erlijioaren fedea delakoa egungo laikoen konfiantza da. Konfiantza hitzaren erroan fedea dago. Fede eta konfiantza eboluzioaren hari-lotzailea gisa ulertu behar dugu.
Iraultza kognitiboa: Sapiensak informazioa transmititzeko zuen gaitasunak, harreman sozialak garatzea ahalbidetu zuenak, eboluzioaren poderioz, egungo tribuen espiritua garatzea ekarri du. Tribua nazioa izaki, konparazioenera. Nazioa estatua bilakatua dugu egun. Ondorioz, erantzukizuna duten sozietateak antolatzea ekarri duena, giza-eskubideak deritzogunak sortuz. Horixe da “kultura”. Iraultza kognitiboa dugu gizakia historia biologiatik independentea bihurrarazi duena. Iraultza kognitiboa biologiaren eta historiaren arteko erlazioa da. Baina, Sapiensak nola iragan milurteko gizakiok joko konplexuak sortu ditugu fikzioari esker, fikzioa asmatzeko gaitasunari esker. Hor dago gakoa. Data bat dago historian, gogoan izan beharrekoa, Laborantzaren iraultza eman zen zenekoa: duela 12.000 urtean emana. Iraultza kognitiboaren sorrerakoa.
Historia ulertuz batera, giza izaera eta honen psikologia dugu aztergai. Psikologia ebolutiboa ulertzea berebizikoa da. Erran nahi baita, burmuinak eta gogamena ehizan egokitu ziren, baita egokitu ere laborantzan. Garai hartako gizakiak, geroko industrializazioan eta horren osteko garaian egokitu zen gizaki horrek gatazkak eta sexualitatea bizi zituen. Gaur egun ere, askotan, alienatuak eta deprimituak sentitzen gara. Adituek diotenez, ehiztari lehenik eta biltzaile gero izan zen gizaki haren inkontzientearekin bizi gara egun.
Adituen esanetan –Harari historialariaren harian– antzinako ehiztari-biltzaile jendarte haiek komunalagoak ziren egun jendarte modernoak deitzen ditugunak baino. Ordukoetan berdintasun handiagoak ziren. Antza, egungo jendarteko harreman monogamoak eta familia nuklearrak egungo gizarteari eman diote bere idiosinkrasia. Alabaina, egungo baino komunalagoak izanik ere, aniztasun etniko eta kulturala hagitz zabala eta handia zen. Milaka hizkuntza eta kultura izan dira historian. Iraultza kognitiboaren ondarea dituzu berauek. Berriz ere, azpimarragarria baita oso, haiek denak fikzioa agertu izanaren poderioz gizarte komunalagoak bezala ekarriak dira. Sapiensaren ezaugarri bat: ez ziren soilik janari edota material bila ibiltzen, jakinduria helburu zuten.
Espiritua eta gogamena, gure “mentala” alegia. Artean ez zeuden aingeru ez deabru. Gizakiak ziren, puntu. Gerora etorri zen animismoa, hots, naturako –izadiko– gauzei, objektuei, gertakariei arima egozten hasten zaizkie gizaki haiek. Horra, erlijioaren sorrera. Eta sinesmenarena. Animaliak, landareak edo naturako fenomeno naturalek kontzientzia eta sentimenduak dituzte, eta gizakia haiekin harremanetan hasi ziren. Gizaki denak ez ziren halakoak, alegia, animismoa ez da erlijio jakin bat. Milaka erlijioen, sekten eta fede ezberdinen izen generiko duzu. Alta bada, garai hartako gizakiak animistak zirela esatea, geroko milurteko gizarteetan teistak zirela esatea bezala da. Hau da, gizakiok, aroz aro, mundu-ikuskera komun bat izan dugu. Ordena unibertsal komun moduko bat. Bistan da, horiek guztiak historiaren interpretazio baten barruan kokatu behar dira.
Liburuaren egilearen premisa hau hartu dugu aintzat: “Homo sapiensak serieko hiltzaile ekologiko baten itxura osoa dauka”. Beraz, besteak beste, ez sinetsi ere gure arbasoak naturarekin harmonian bizi zirela delako ustea. Ekologisten sinesmenak omen dira. Homo sapiensa espezierik hilgarriena izan da. Beraz, begi-bistakoa, gu haren ondorengoa gara. Baleak, atunak edo izurdeak desagertuko dira, mamutak desagertu ziren legez.
Bigarren atala
Egungo mundua eta joan deneko hiru mendeetan ezagutu ditugun iraultzen taiua hartzeko Laborantzaren iraultza aintzat hartu behar dugu. Gizakion bizimoduan eragin zuen aldaketa hori bezalakorik ez da izan gizakion historian. Ordea –Harari historialariaren aburuz–, laborantzaren iraultza historian iruzurrik handiena da. Zertan datza aburu hau? Bada, honetantxe: Homo erectusa edota Homo ergastersa ez bezala, baita Homo neanderthala ez bezala –baita milurtekoz milurteko, Sapiensak egin zuen bezala, egiari zor– azken honek jarduera hori duela 10.000 urte inguru aldatu zuen. Hots, animalia eta landare-espezie gutxi batzuen bizitza manipulatzen hasi zenean. Horra aipatu Iraultza Handia.
Laborantzaren iraultza aurrerapauso itzela izan zen gizadiarentzat. Tira, baiezpen hori, gerora ezagutu ditugun iraultzei buruzko iritzi bat da. Bat besterik ez. Iraultzen ondorioei buruzko ikuspegiak asko eta askotarikoak baitira. Aditu zenbaitek, halere, gizakion garunetan aurrerapauso eman zela diote. Alegia, giza-eboluzioan gero eta jende adimentsuagoa sortzen hasi zela, giza-garunen eragin ebolutibo baten eraginez. Ondorioz, gizakiek ardia etxekotu zuten, baita gariaren hazia landu ere. Hartara, ehiztari-biltzaileen bizimodu nekagarria, arriskutsua eta gogorra alboratu zuten. Bada, hori antza, ipuina besterik ez da. Fantasia. Ez dago eboluzio horri buruzko inolako frogarik, jende-laboraria aurreko jende-ehiztaria baino adimentsuagoa bihurtu zela esateko. Labur zurrenean: pentsamendu hori iruzurra da. Ez bilatu ordea, errudunik errege-erregina, apaiza-serora edota merkatarien artean. Errudunak Sapiensa etxekotu zuten animalia eta landare-espezie batzuk izan ziren: garia, arroza eta patatak. Eta ardiak, besteak beste.
Gizakiak mundua eraldatu baino, landare-espezien eta animalien eraldaketak gaituzte gizakiok transformatu. Bitartekoak, alegia. Haatik, transformazio hura funtsatua izan zen –hainbatentzat kontu objektiboa–: laborantzaren iraultzak baldintza okerragoetan jende gehiago mantentzeko gaitasuna izan zuen. Harrigarria badirudi ere, orduan hasten da luxuaren jendartea ernetzen. Perretxikoak eta intxaurrak biltzen bizitzetik, oreinak eta untxiak ehizatzen bizitzetik, lurra lantzen hasten direnean, ura karreatzen halabeharrean. Trantsizio hura datatan zehaztea zaila omen da. Urte askoko trantsizioa izan baitzen. Badago ondorio bat, azpimarratu eta oso aintzat hartzekoa: gizakiei sisteman immunologikoa ahuldu zitzaien. Eta konstatazio bat: gizakiak ez du bere eboluzioan atzera egiterik. Premisa hau giza-eboluzioan konstante bat da.
Gizadiaren historiaren irakurketa asko dago, bistan da, eta egungo mundua kudeatzen dutenek hain ziur ere
–XXI. mendeko elite ekonomikoek ez dute bat egiten–, ez dute bat egiten iraultza eraldatzaile hura txarra izan zela baiezteko, edo ezezteko. Iraultza haren biktimak asko izan zirela ez dago dudarik, iraultza eta gerra guztietan eurrez dira biktimak. Baina, tamalez, eboluzioaren ikuspegiak iraultzaren alde arrakastatsua seinalatzen du fermuki, hau da, ugaltzea eta irautea hartzen ditu kontuan, norbanakoen sufrimendua edota zoriona ez dira era berean baloratzen. Arrakasta eta norbanakoaren arteko kontraesana da lehenbiziko iraultza hark laga zuen ikaspena. Ikasbide garrantzizko hori bizi izan genuen, baina hark ez du giza-eboluzioan eragin determinante edo eraginkorrik. Labur zurrean: iraultza hark gertakari eztabaidagarria izaten segitzen du.
Laborantzaren ondorengoan, gizakia alienaziorantz abiatu zen. Agintariak eta eliteak agertu ziren, nonahi agertu ere. Elite haiek, laborarien kontura bizitzen hasiz batera, laborarien janari-soberakinetatik bizitzen hasi ziren jende multzoak “sortu” ziren. Aurreko aroan ez bezala, norbanakoa bere ehizatik eta naturatik bizitzetik eskasian bizitzera pasa zen. Botere molde horrek Erromatar Errepublika K. a. lehen mendean goia jo zuen. Botereak badu zeri heldu ordea, jendartea mitoen bitartez alienatu zuten orduko eliteek. Mitoen ahala eta indarra izugarriak izan dira. Mitoak inperio osoen euskarri izan ziren mendez mende.
Azken mendetara etorrita, hona orduko legatu bat: gizaki guztiak berdinak diren ideia mito bat da. Frantziako Iraultzaren eta AEBetako deklarazioaren osteko mito bat. Biologiaren zientziaren arabera, pertsonok ez gara “berdinak” izan. Berdintasunaren ideia eta kreazioaren ideia kateatu ez ezik, katramilatu dira. Eboluzioa desberdintasunean oinarritzen da, ez berdintasunean. Biologiak ez du eskubideez ulertzen. “Askatasuna” jendeok asmatua da. Gure irudimenean baino ez da existitzen. Atsegina bilatzea gizakion nahieran dago, baina, askatasuna eta zoriona heldu ezinak dira. Horra giza-historian sorrarazitako ezbaia: giza-berdintasuna eta giza-eskubideak parekatu al daitezke?
Argitu aldera: eliteak, plebeioak eta esklaboak ez dira berez desberdinak. Baina historiaren bilakabidean gizakiek, gehienek, halaxe sinetsi dute. Horrek ekarri du jendarte egonkor eta oparoa ahalbidetzea. Mitoek hori gauzatzea posible egin dute. Horrela sortu zen piramide soziala eta halaxe mantentzen da gaur egun ere. Mitoak aldatu dira, bestelako mitoak sortu dira, sortu ditugu. Edozein dela ordenatzen duena, sistema kapitalista edo komunista, demokraziaren edo erlijioaren ildoko ordena dela, ordena ez dela “imajinatua” sinetsarazi digute. Jendartea sostengatzen duen ordena jainkoek sortutako errealitate objektibo bat da. Halaxe bizi dugu gaur egun. Jendeak berdintasunean sinesten du. Adibide bat: egungo aberatsek –beste orduz ez bezala– langile-klasearen jatorrizko arropak janzten dituzte. Denok berdinak garela sinestaraziz.
Ondorioz, hiru ezaugarri: ordena imajinatua mundu materialean txertatuta dago. Ordena imajinatuak gure desirei forma ematen die. Ordena imajinatua intersubjektiboa da. Kontua hauxe: zer alde dago “objektibo”, “subjektibo” eta “intersubjektibo” artean? Lehenbizikoa giza-kontzientzian eta beregain existitzen da. Bigarrena, gizabanako bakar baten kontzientziari eta sinesteei atxikita dago. Hirugarrena, gizabanako askoren kontzientzia subjektiboak lotzen ditu, hots, komunikazio-sarean existitzen da. Alta, “erakunde” bat eratzeko, alderdi politikoa dela, mugimendu ideologikoa edota erlijio talde bat dela, esaterako, ekimen horiek mito partekatu baten beharra dute: sinesmen partekatu bat. Hiru ordena imajinatu bat eta horietan sinemen bateratu bat bera dira. Historiaren bilakabideak hauxe erakutsi digu: behin eratu ostean, ez dago ordena imajinatutik irtetzerik. Demagun, estatu baten lege-sistemak ez dauka ahalmenik giza kontzientzian sortutako ordena imajinatua desegiteko.
Horiek horrela, honaino iritsi gara, labur zurrean adierazia: gizakion bizitzaren antolamenduan burokrazia nagusitu da, pertsonen arteko harreman librearen kaltetan, baita pentsamendu erabatekoaren (holistikoa) kaltetan ere. Idazketa izan da gizakien pentsamoldea eta mundu-ikusketa aldarazi dituena. Idazketa esatean, zenbakien hizkuntza da metodo burokratikotara eraman duena, naturatik aldenduz eta pentsatzeko moldea aldaraziz. Paradoxa gisa har dezakegu, beste bat, idazketa giza kontzientziaren zerbitzurako jaio zen, baina gero eta indar gehiagoz, gure kontzientziaren nagusia bihurtu da.
Laborantzaren iraultzaren ostean, gizakiak ordena-imajinatuan barne-bildu ziren, eta idazketa-sistema sortu. Bada, azken asmakuntza bi horiek gure ondare biologikoen lekua hartu zuten, gure biologiak laga zituen hutsuenak bete zituzten. Haatik, nahi batzuek horiek “bedeinkazio” gisako zerbait legez hartu zuten, eratutako ordenak ez dira neutroak ez justuak ere. Uste hau, Harari-rena duzu, noski. Izan ere, ez dezagun ahantz, ordena horiek
giza-imajinazioan sostengatzen direla.
Antzinako filosofo hainbatek esklabo eta pertsonen artean ezberdintasun biologikoak zeudela mantendu zuten, Aristotelesek, kasu. Hau da, lege eta arau batzuek pertsona batzuk esklabo bihurtu zuten, beste batzuk nagusi. Pentsa dezakegu jendartea eratzeko jokabide horiek gainditu direla, baina ez da arras horrela. Gaur gaurkoz, familia pobre batean jaiotako pertsona bat –are gehiago kontinente txiroagoetan– nekez iristen da pobreziatik ateratzera, oso bakan izaten da hori. Erran nahi baita, gaur egun ere, nagusiki, gizarte konplexuek –XXI. mendean areago konplexua bilakatzen ari dena– ordena imajinatuaren beharra daukate, hierarkia imajinatuak, alegia, bereizketa inoiz baino handiago sortzen ari da planetako bizilagunen artean.
Mundua txikia da, baita handia ere aldi berean. Jendarte guztiak hierarkia imajinatuetan funtsatuta daude, baina hierarkia moldeak ez dira taxu berekoak. Alegia, berbarako, ezin ditugu Asiako eta Mendebaldeko jendarteak “zaku” berean sartu. Ipar Ameriketako jendartearen taxua eta antolaketa, bere historiaren bilakabidearen ondorioa da. Esklabotasuna (tasun atzizkia doilorra da gero) AEBetako jendeen idiosinkrasian dago, europarrengan berriz, doi-doia edo ez dago batere. Noski, esklabotasunaren onarpena mitoen eraginaren indarrez txertatu zen ordena-imajinatuan, eta onartua izan zen Amerikako kulturan –iparraldean, batez ere, eta indar gehiagoz), baita mendebaldeko kulturan ere. Hau da, gu geu, erlijio kristau-katolikoaren eta sistema kapitalistaren umeok ez diogu “mito arrazistari” aitzi egin. Lege arrazista ez dira desagertu, ezta praktika arrazistak ere. Horiek guztiak gure ohitura sozialetan sano txertatura daude.
Historiaren azterketa labur baten azterketa egiten ari naiz. Haatik, motzean erranik, hierarkia soziopolitiko gehienek ez dute oinarri logikorik ez biologikorik. Horien azpian mitoak daude. Mitoen ezaugarri bat, euren iraunkortasuna da. Mitoak gurekin bizi dira, gurea artean, gure baitan. Irudimenaren fantasiak egitura sozial doilorrak sorrarazi ditu, baita botere erlazioetan berealdiko marka eragin ere.
Hierarkiak hizpide, gizon eta emakumearen artekoa berebizikoa da garena deskribatzeko, genero hierarkiaren arabera eraiki baitugu geure izatea. Galdera hau, nonbait, inposatu da gure garaian: gizonen eta emakumeen arteko zatiketa –hartu-emanen eraikuntza– irudimenaren emaitza ote? Erantzuna ez da bi eleetan ematekoa. Arestian aipatutako jendarte askotarikoek biologiarekin zer ikusirik ez duten kultura, lege eta arau geruza anitz pilatu dituzte elkarren gainean. Hainbatean, hainbat jendartetan, errealitate biologikoa ez dute aurreiritzi kultura gisara hartu. Berbarako: hainbat giza kulturak bidezkotzat ez ezik, sozialki eraikitzailetzat hartu izan zituzten harreman homosexualak. Gaur egun, orduko ildo edota jite hartan ari gara mendebaldean. Tarteko galdera bat, ondorioa edo: zer da biologiak zertua eta zer da mito biologikoaren bitartez halaxe dena justifikatzen saiatzen garena? Ondorioa: “Biologiak onartzen du eta kulturak debekatzen”.
Biologiaren ikuspegitik, ez dago naturala ez denik. Guk geuk, kristau-katolizismoaren ondorengook, “natura” eta “naturala ez dena” kontzeptuak kristau teologiatik hartu ditugu, ez biologiatik. “Sexua eta generoa” hizpide, kasurako, “gizon” eta “emakume” hitzek kategoria sozialak izendatzen dituzte eta ez kategoria biologikoak. Adituek, kategoria biologikoa den “sexua” eta kategoria kulturala den “generoa” bereizten dituzte. Sexua haur-jolasa omen da, generoa berriz kontu serioa. Laborantzaren iraultzaz gero, jendarte gehienetan gizonek munta gehiago izan dute emakumeek baino. Horren ondorioz dugu egungo jendarte patriarkala. Historian, bistan da, gutxi batzuk izan arren, alfa posiziora iritsi diren emakumeak badaude. Alabaina, kulturaz kultura, diskriminazioa begi-bistakoa izan da, zein bere neurrian eta moldean. “Gizon” eta “emakumea”-ren definizio zehatzak izan gabe, dena dela ere, gizontasunari eman zaio balio handiagoa emakumetasunari baino. Batzuen uztez, arrazoi biologiko unibertsalen kausaz edo horien kariaz izan da. Edonola ere, ez dago ezberdintasun hori bermatzen duen taxuzko arrazoirik. Teoria asko izanagatik, ez bide dago konbentzitzen duen bakarra.
Giza-historia deskribatzerakoan, trebetasun fisikoaren eta botere sozialaren arteko erlazioa ez da behar bezala azaldu izan. Jendarte gehienetan, klase apalenak dira eskulana egiten dutenak. Sapiensen kasuan, ordea, bere trebetasun mentalak eta trebetasun sozialek goian jarri bide zuten. Teoriarik teoria, hainbaten ustetan, nagusitasun maskulinoa ez da indarraren ondorioa izan, oldartzearen ondorioa baizik. Sapiensak ez ziren indartsuak, lankidetzan kopuru handitan jarduteko gai izan ziren, ordea. Zentzu horretan, emakumea (emeek) lankidetzan jarduteko trebetasun gehiago erakutsi dute historian barrena, gizonezkoek (arrek) baino. Harari-ren iritziz, sistema patriarkala funtsik gabeko mitoetan oinarriturik dago, eta ez errealitate biologikoetan. Ondorioz, badago hauxe galdetzea: zerk esplikatzen du sistema patriarkalaren unibertsaltasuna horren egonkor eta iraunkor iraun izana?
Gizadiaren bateratasunaz, bi hitz: zer gara? Bada, konstruktu imajinatuak. Mitoek eta fikzioek arautu dute gure pentsaera, eta horren arabera gure jokaera. Ez gara, beraz, sen natural batez “eraikitako” pertsona. Gure “kultura” sen artifizialez osatu izan da. XX. mendera iritsita ere, adituek kultura oro osatua eta harmoniatsua zela kontsideratu izan dute, bere esentzia ez zela aldatzen. XXI. mendean, kultura orok bere sineste, arau eta balioak etengabe aldatzen direla baietsi dute ikertzaile horiek, baita guk hala barneratu eta iritzi berekoak bihurtu ere. Bistan denez, gizakiek esperimentatu dituzten ordena guztiek barne kontraesanak dituzte. Erdi Aroko nobleek, Frantziako Iraultzako iraultzaileek, AEBetako independentzia gerra egileek, denek ezagutu izan dute “kultura”ren esentziaren eraldaketa. Nork erran dezake kontrakoa, XXI. mendean abiatu den mundializazioa teknologikoan murgilduta gauden honetan? Ez dezagun pentsa, ordea, azken eraldaketa hau, itzela izanagatik, aurrekoen gainetik dagoenik? Edo bai?
Ikaspena: kultura global bakarra ez da homogeneoa. Zibilizazioen-talka garaia heldu dela diote. Ondorio bat baietsi daiteke: gaur egun gorren arteko elkarrizketa garaia bizi dugu.
Ikuspegi globala landu beharra. Iraganari begira diezaiogun. Oraingo mundializazioa ez da mende baten joan-etorrian gauzatu. Egungo “kultura”-ren genesia inperioek hazi eta zabaldu zuten, haren ostean, egungo “kultura” hau merkataritza areagotu zenean ernamuindu zen. Estatu modernoek “kultura” hori arautu dute orain arte. Estatu modernoak ordea, Europan eta orobat mendebalde osoan krisi larrian daude. Merkatu libreek estatu modernoa menpe hartu dute. Diruaren usaina zabaldu eta gailendu da planeta osoan. Ez da gauza berria. Estatu modernoaren sorrera garaian, Errenazimenduan, XV. mendean, horren ernamuindua zabaltzen hasi zen. Alta, data horrek
–aurreikusi dugunez– ez du egungo “kultura”-ren hasiera markatu, laborantzaren iraultzaren garaiak baizik. Alegia, laborariek ez bezala, ehiztari-biltzaileek ez zuten dirurik. “Kultura” haren ostean hasten da egungo diruaren
–monetaren– kultura gauzatzen, ordenatzen, garatzen. Orduko “dirua”, fisikoa, “maskorra” edo “suharria” izaki. Ondasun truke garaia hasi zen orduan.
“Maskorra” trukerako adibidetzat hartu dugu eta geroago “zigarreta” hartzen ahal dugu. Egun, dirua da trukerako baliabide unibertsala. Dirua baina, ez da errealitate materiala. Konstruktu psikologikoa da dirua. Konfiantza da diru mota guztien lehengaia. Lehengai horrek bermatu zituen harreman politiko, sozial eta ekonomikoaren sare konplexua eta iraunkorra. Alabaina, hona diruak pertsonengan laga dituen markak:
– Diruak kulturen mugak hautsi eta gainditu ditu.
– Dirua sistema inpertsonaletan bermatu eta egonkortu da.
– Jendartearen “kultura” diruan oinarritzen da, ezezagunekiko lankidetza eta ezagutza errazten du.
– Haatik, giza balioak eta harreman intimoak usteldu egiten ditu.
– Gizadiaren historia ekonomikoa “dantza” delikatua da.
– Egungo mundua, gizadiaren bateratze prozesu ekonomiko hutsa legez ulertzen dugu pertsonok.
– Horregatik agian, egungo “kulturaren balio hutsa”.
XXI. mendeko ia pertsona guztiak inperioren ondoregoak gara. Luzetsi gabe. Bat: inperioa da ordena politikoa ezartzen duena. Bi: inperioek muga malguak dituzte eta zabaltzeko gogo ezin asea. Kultura aniztasunak eta lurralde-malgutasunak izaera berezia eman izan diete inperioei, baita, ondorioz, historian rol berezi bat eman ere. Historian erreparaturik, tamainak ez du axolarik. Inperio handiak eta txikiak izan dira. Inperio gaiztoak eta onak. Hala ote? Izan ere, “inperialista” hitz itsusia da egun, “faxista”ren aldean, kasu. Rankinean azpian dago hala ere. Hona ezaugarri maximalista zenbait:
– Epe luzera ezinezkoa da herri konkistatu asko taxuz gobernatzea.
– Taxuz gobernatuta ere, herri guztiek dute autodeterminazio-eskubidea.
Historiak baina, ez du lehen maxima erabat baiesten. Eta bigarrena, –hala dio Hararik– oso problematikoa izan da. Hau da, inperio asko suntsitu ostean, herri askok ez dute askatasuna erdietsi. Hau da, inperioek ez dutela deus baliozkorik esatea ez dirudi objektiboa. Eta, hala berean, inperioaren eraginez konstruitu diren hainbat “giza kultura” arbuiatzea.
“Zure onerako ari gara”. Horra inperioaren lema. Ederto txertatua gure gogamenean. Konkisten izaera erromantikoa sutsu itsatsirik daramagu. Konkistatzailea ez zen gaizki ikusia izan beste orduz, konkistatuaren dohainak iradoki izan dizkio maitemindu ahalguztidunari. Konkistatzea hitz seduzitzaileari maitasun-kutsua dario. Gure kulturaren eta izaeraren “estigma” da. Egungo mundializazioa ez da kontu berria, antigoaleko konkista-moldearen eboluzioaren ondorioa da. Askorentzat “ondarea”.
Harrezkero, gizadia banatu egin omen zen: “gu” eta “haiek”. Guk hizkuntza, erlijioa eta usadioak partekatzen ditugu, baina haiek, besteak, ez dira gure ardura. Gu ezberdinak gara eta ez diegu ezer zor haiei. Gu gara jatorrizko herria. Esklusibotasun etniko horrekin sortu dira ideologia inperialistak. Ekinaren ekinez, haiek bihurtzen gara gu. Bistan da, horretarako sinesmen indartsua garatu behar da. Elite inperialistek ez dute euren dohainen dudarik izan, guztien onerako ari ziren uste osoz jardun dute. Iraganeko inperioak nola, horrela jardun dute iragan mende berrikoak, inperio sobietarrak edota iparramerikarrak. Haien kulturaren asimilazioan datza gure onberatasuna.
XXI. mendera heldu gara eta hemen azaltzea joko litzaizkiguken arrazoiak direla medio, konkisten ondorioz sortu ziren koloniak deskolonizatzeko garaia bizi dugu. Edonola dela ere, konkistatutako kulturak eta herriak ez dira izatera irits zitezkeenak. Munduko kulturek, oro har eta handi-handika, iragan mendeetan gailendutako ideologien iturrietatik elikatu dira: kapitalismoa dela, komunismoa dela, liberalismoa dela, nazionalismoa dela edota feminismoa dela.
Historiako zintzoak eta gaiztoak. Dilema horretan hezi eta hazi gara. Eta haiek, izan ginenok, marra gorri batez ebazten dute/dugu historia guk: zintzo eta gaizto izaeraren arabera. Ez dago bietarik. Inperioak gaiztoak baldin badira definizioz, gu zer izan gara? Horiek horrela, komeni da historia irakurtzeko eta interpretatzeko prisma guztiak aintzat hartzea. Komeni eta baitezpadakoa zaigu gaur egungo inperio moldearen idiosinkrasia ulertzea –ulertzea ez da onartzea, noski–. Estatuen independentzia galtze bidean badaude ere, enpresari, ingeniari eta legelarien esku dago gaur egun inperioa. Merkatuaren eskubideak eskubide zibilen gainean daude dagoeneko. Estatu modernoa gainbehera dator, estatuak ez du ekonomia erregularizatzen, merkatu libre liberal –inperio suerte ikusiezin– batek o-inperatzen du.
Antigoaletik heldu diren erlijioen legeak izan dira inperioen euskarri, euskarri eta oinpekoen asimilagarri. Erlijio politeistak eta monoteistak tarteko, judaismoak, kristautasunak edota islamismoak ez dute euren jainko ez den beste onartzen. Jainko bakarraren ideiak iraun du mendez mende, onaren eta gaizkiaren artean gerra ikaragarriak zabalduz. Erlijio hauek naturaz gaindiko dauden beste ente (izaki) batzuengan sinetsi dute. Fedea da euskarri eta besteak asimilatzeko bitartekoa.
Fedeak mendiak mugitzen dituela ikasarazi ziguten. Alta bada, desira da pertsona mugitzen duena. Gure jarduerak eta jokamoldeak gure desira kontrolaezinen arabera garatzen dira. Desirari eta irrikari aitzi egin ahal dion bakarra gogamena da –pentsamendua, adimena… – ez da bera menpe har dezakeen jainkorik. Erlijioek konkistatu izan dute pertsona, baita arautu ere. Areago, euren baloreen eta balioen ordena zerrendatu dute. Erlijioek ez dute gizakia ordenatzeko behiala zuten munta eta eragina, baina erlijio-olde berriak sortu dira munduan: zientzia erlijio moduko bat bihurtu dugu. Badira hala ere, erlijio berri moduko asko, horietako bat kirola. Kirolaren erpinean futbola dago. Adibide bat da. Merkataritzaren legearen arau, futbola opio moduko bat da. Erlijioen fedeak nola, futbolarekiko fedeak –mendebaldeko jendarteaz ari gara batez ere– jendarteak mugitzen ditu.
Inperioak, merkataritza eta erlijioa. Zeinek bere taxua, denak unibertsalak. Sapiens izan zen hura, planetan barrena sakabanatua, hark bezala, egungo gizakiok izaera unibertsal delako etiketa daramagu itsatsirik. Izan ere, Internetek bihurtu gaitu unibertsal. Gurea jendarte globala da aspaldian jada. Historiaren bidegurutze batean gaude, beste bide-gurutzatu bat. Historia baina determinatuta heldu zaigu, mundua kaos batean garatzen da, gure ezagutza mugatuak ulertzen ez dituen kasua batzuek determinatua. Politika kaos bat da, merkatua kaos bat da, erlijioak kaotikoak dira… Milurteko berrian eraikitzen ari den inperioa, aurreko inperioen eta kulturen ildoan kaotikoa da. Haatik, munduaren bilakaera ez da eteten. Egungo bidegurutzea gaindiezina dela iragarri dezakegu, historiaren noria itzulikatzea eragiten dituen arrazoiak misteriotsuak dira. Gizakia izaki zinez misteriotsua da berez.
Hirugarren atala
Iraultzak iraultza, zientifikoa da gaur egun bizi duguna. Modernitatearekin hasi zena eta amaierarik ez duena, gaur gaurkoz. Alta, iraultza zientifikoa ez bide da izan, ezagueraren iraultza bat. Ezjakinak garela jabetzeak irauli zuen mundua. Aintzinako tradizioek bi ezjakintasun mota besterik ez zituzten onartzen. Jakituriaren arabera, gizabanako batek munta handiko zerbait zegoela jakitean zegoen gakoa. Jakituria hori lortzeko berak baino gehiago zekien bati galdetzea besterik ez zuen. Demagun, herriko apaizari. Bigarren ezjakintasunaren arabera, “tradizio oso bat” ezjakina izan zitekeen muntarik gabeko gauzetan.
Zientzia modernoaren arora iritsi ginen, eta ezjakintasuna onartzeko jarrerak espiritu irekiago batez ekin zioten jakintzari: molde dinamikoagoaz, egokiagoaz eta ikertzeko gogo biziz. Hots, kultura modernoa prestuago izan da bere ezjakintasuna onartzeko. Erran nahi baita, egia absolutuan ez sinesteak ordezkatu du aintzinako fedea.
Jakina, erlijioaren fedearen dogma ahuldu da, eta aldi berean, zientziaren abarora dogma moduko bat sortu. Ikerkuntza zientifikoak ahalguztiduntzat hartu du bere ekimena eta era berean antzinako jakituria gutxietsi. Bazituen motiboak horrela jokatzeko: erlijioak makiavelismoz jardun baitu. Munduaren norabidea, ongiaren eta gaizkiaren arteko borroka zelai batean jokatua izan zen. Honelako maximetan ari dira biak: indar gaizto batek materia sorrarazi zuen, indar on batek espiritua sortu zuen berriz. Badaukagu gure historiaren nondik norakoaren berri, gurea istorioz osatutako historia da.
Filosofia suerte guztiak baina, zokoratu izan dira. Gaur egun matematika nagusitu da: logika. Zientzia zehatzak ikastea da guztizkoa. Jaidura horrenbesterako denez gero, horrenbesterako denez munduaren joak, hizkuntza eta psikologia matematikan oinarritzen ari dira. Jakitea boterea da. Antzina nola, kultura modernoa jakintzaren boterean funtsatzen da. Gizakiok gauza asko ez dakigunez jakitun, ezjakintasuna onartzeaz batera, benetako aurrerapena zientziaren bidez heldu zitekeela sinetsi dugu itsu-itsurik. Baita gizakiontzako heriotzaren arazo gaindiezina, zientziaren bitartez gainditu daitekeela sinetsi ere bai. Zientziari fedea eta erlijioaren fedea, hein handiko gurariak dira, naski. Zientzia modernoa eta kapitalismoa. Horra hor, Europa mundu modernoaren aitzindaria bilakatzeko bitartekoak: Aro Modernoaren hasieran eta mundu modernoaren ondoren. Honatx bi gakoak: zientzia modernoa eta kapitalismoa. Elkarren osagarriak. Ez da kointzidentzia izan, inperialismo europarrak XXI. mendeko mundu postmodernoari laga dion heredentzia da, hagitz garrantzitsua.
Zientzia modernoaren eta europar inperialismoaren arteko lotura gauzatzeko teknologia izan zen funtsezkoa XIX. eta XX. mendeetan. Ez hainbeste Aro Modernoaren hasieran, eragina mugatua izan baitzen. Aldaketa edo faktore eragingarriak, landaren bila aritu ziren botanikariak eta koloniak bilatzen zituzten itsasturiak izan ziren. Itsas harantz zegoenari buruzko irrikak edo jakingurak ekarri zuten aldaketa. Esploratzaileak izan ziren munduaren aldaketan eragingarrienak. Mendez mendeko bilaketak mundu berri bat ekarri zuen, Charles Darwin artzain anglikano dugu iraultza haren izen eta izana, besteak beste. Iragan mendean berriz, 1969ko uztailaren 20an, Neil Armstrongek eta Buzz Aldrinek oinak ilargian jarri izana –Apollo 11 delakoaren bitartez– giza-historiaren berealdiko urrats gisara ekarria da.
Zientzia modernoak eta inperio modernoak. XX. mendera arte, kultura ez-europarrek ez zuten ikuspen benetako globala. Ostertzaz harago zegoen zerbait hobeagoa edota garrantzikoa zela pentsatu, eta, zerbait hori ikertu eta menderatzea jomuga bihurtu zen. Europar modernoentzako, inperio bat eraikitzea proiektu zientifikoa zen, eta diziplina zientifiko bat ezartzea proiektu inperiala. Zientzialariek proiektu inperialei ezagutza praktikoak, justifikazio ideologikoa eta tresna teknologikoak eskaini zizkieten. Inperioen laguntzarik gabe, zalantzazkoa da zientzia modernoak aurrerabide luzea urratuko ote zuen. Egiari zor, erakunde guztiak ez dira inperioen mesedetan jardun, europar inperioak loratu ziren zientzia kanpoko beste zenbait faktoreri esker. Dena den, honen guztiaren gibelean indar berezia dago: kapitalismoa. Mendez mendeko aurkikuntzak, Kolonena, James Cookena, Armstrongenak ez ziren gauzatuko dirua irabaztea bilatzen duten negozio-gizon haiek gabe.
Kapitalismoa. Horra hor iragan mendean eta milurteko berri honetako hastapenean guztizko sistema: diruaren berme-emaile edota kredo berriaren bermatzailea. Nola eutsi bestela zientziari, nola eutsi iragan inperioen jardunak sortzen ari diren bestelako inperio suerte batzuen sustatzeari. Kapitalismoa eta hazkuntza, biak ala biak, elkarren eskutik doaz. Historiaren bilakabidean, aldi gehienetan, ekonomiak neurri berbera izan zuen, hazkuntza neurtu bat alegia. Egungo globalizazioan, mundializazioan, hazkuntzaren garapena kontrolaezina bihurtu da. Sistema piramidal erraldoia nagusitu da, itxuraz, ekonomia moderno guztia iruzurra da, hala diote ekonomialariek, alabaina, izatez ez omen da iruzurra, giza irudimenaren ahalmen harrigarriaren ordaina baizik. Konfiantzan –fede suerte bat– oinarritua. Munduan mugitzen diren diru gehienen euskarria sendoa.
Orainaldia eraikitzen dugu, etorkizunaren kontura. Jendeak irudimenezko ondasunak diru mota batekin ordezkatzea erabaki zuen: kreditua. Halaxe deitu zioten. Hitz horren gako eta magia hauxe izaki: orainaldia eraikitzeko aukera ematen digu, etorkizunaren kontura. Kreditua eta konfiantza. Horra ekonomia modernoaren bi euskarri. Kontua da, ekonomiaren hazkuntzak bere mugak dituela –tira, hori aitortu beharko luke sistemak berak–, energia eta lehengaiak beharrezkoak ditu, izan ere, horiek agortuz gero akabo sistema, akabo kreditua, fini konfiantza. Galdera hauxe: lehengaiak eta energiaren mugak nork zehazten/erabakitzen ditu? Sistema kapitalista noria bat da, dinamo bat, berez energia sortzen duena, lehengaiak ere agortu ahala sorrarazten duena. Logika absurdua da. Baina, horixe paradoxa, gizakion hautu absurduak hala dira, antza. Munduaren nora edo noriak Absurdistan delako eremu batera eramanen gaitu, eta paradigmak paradigma, paradisu moduko bat izanen dugu Absurdistan. Zenbatentzako paradisua izanen ote “gure” Absurdistan? Bakar batzuen Absurdistan!
Anartean, gogoetak izan ezik, buruketak egiten jarraituko dugu. Zenbat buru hainbat buru! Antza denez, jendea ez dago energiak agortuko direnen beldur, ez da hori kezka. Bestelakoa da ezinegona eta kezka: energia eta lehengaiak izanen ditugu –partekatze justu bestalde– baina planeta osoko beharretara –pertsonon beharretara lehenbizi– egokitzeko, moldatzeko, behar den jakituria izanen al da? Lehengaien urritasunen kezkaren gainetik, lehengaien eta energien ustiaketen ondorioak dira kezka. Ideia baten egiteko, hauxe: gaur egun, energia modernoen ondorioz sortzen diren hondakinak –materia kaltegarri kontrolaezinak–, gai kimikoak, hala nola plastikoak, gaur egungo 30 miloi tonakoa da, horixe ekoizpen globala. Ekoizpena ere bada hori bera. Ikuspegiak ikuspegi, eragile norberak bereak baditu, ikuspegi subjektiboa eta objektiboa sartzen dira jokoan. Jokoa ez da errenta dio gure esaera zahar batek. Jokoa nork kontrolatzen duen arabera betiere.
Naturan eraturiko premiak subjektiboa izaten jarraitzen du. Adibide bat, esanguratsua: abelazkuntza. Abelazkuntza baina tragedia bat da –ekonomia industrialaren ondoriozkoez ari gara–. Animalientzako oroz gaindi tragikoa. Teoriaz, ekonomia modernoa premia objektiboez arduratzen da, baita asko arduratu ere. Baina animalien beharrizan subjektiboez ahantzi egiten da. Eta segidan, gehiengoa merkatuaren logikan eta zurrunbiloan nabigatzen dugu. Premisa bat, aspaldikoa, egitate objektiboa: lehen aldiz giza historian, eskaintzak eskariari gaina hartu dio. Aro berri honek badu abizen bat: erosketa. Erosketen aroa da gurea. Ekonomia kapitalista modernoak ezin du ekoizteko noria gerarazi. Arazoa ez da ekoiztea, arazoa da erosleak behar dituela. Horra beste hitz gako bat: kontsumismoa. Hitza izan ezik, jarduera. Homo sapiens hartatik Homo kontsumitzailea izatera iritsi gara. Honen atzean, badirudi, gizakiak pairatu duen eskasiak –urri aroak, gose aldiak, gerrateak– urritasunetik eta gutxitasunetik ateratzeko gaixotasun moduko bat eragin digu. Urritasunaren sindromea nozitzen dugu. Kontsumismoa da horren adierazle. Kontsumismoa gaixotasun moderno bat dela onartzeko gauza al gara? Erantzuna, askoren artean bat: jende gehienarentzat ideal kapitalista-kontsumista arrakastaren adierazlea da.
Iraultza geldiezina da. Homo sapiensak mundua bere premietara egokitu zuen, eta neurri batean bederen, haren ondorengoek hainbat espezie desagerrarazi zituzten, hainbat habitat molde suntsitu ere. Gure planeta ez da duela 7.000 bat milioi urteko hura. Gizadia munduaz jabetu da. Degradazio ekologikoa begi-bistakoa da. Alabaina, lehen aipatu urritasuna, baliabideen urritasuna ez da apaldu. Ez ditzagun biak zaku berean sartu. Izan ere, “natura suntsitzea” baino, “natura aldatzea” da planetan gertatu dena.
Munduaren bilakaera hipotesi ideal honetan oinarritzen da: gure ezjakintasuna onartu eta gure baliabideak ikerkuntzan inbertitzen badugu, gauzek hobera eginen dute edo egin dezakete. Ideia hori aro modernoaren sorreran dago. Ekinaren ekinez eta poderioz, ekonomiaren maxima dugu gaur egun. Duela bost mendetik datorren inertzia edo joera dugu. Arestian erran bezala, konfiantza suerte bat sortu zen, konfiantza kredituaren funtsa izaki. Kontua hauxe: egun mundua kreditu eta konfiantza oinarritzen da handi batean. Alta bada, hauxe koska: gobernuak eta merkataritza enpresak, konparazioenera, baita ekimen edo pertsona pribatuak aise demonio lortzen dituzte kreditu handiak, epe luzera begira eta interes txikian. Aspaldian premisa zena, egitate objektiboa da gaur egun. Altruismo molde bat sortu da munduan, behialako egoismoa-ren antonimoa. Egun halakoxea ote?
Oharra: sinonimoak sinonimo, kidekorik kideko, hona beste bat: giza depredatzailea eta giza kontsumitzailea. Kidekoak.
Erlijio berri bat dugu ekonomia suerte hau. Zientzia modernoaren garapenean funtsekoa, eragin ikaragarria duena. Hots, “laborategian” ari den jendearen esku dago munduaren nora: bioteknologia nanoteknologia. Ez dirudi garai erosoak datozenik. Itzul gaitezen politikaren eremura. Kapitalista ortodoxoenen arabera –horiek dira borrokalarienak, honezkero ez da uste bat, ekimen zoro bat da– kapitalak aske ibili behar du politikaren gainean ibil dadin, politikan eragiteko. “Ez dadin inolaz ere politika kapitalaren gainean ezarri” diote. Pentsamolde hau nagusitu da dagoeneko: politika ekonomiko zentzukoena politika eta ekonomia elkarrenganik daudenean gautzen da. Merkatu askearen kredoak horrela errezatzen du. Ekonomia kudeatzaile guztizkoek hauxe esate diet gobernariei: “Ez egin deus. Ekonomia da jainkoa”. Bai zera!
Jainkoa denez gero, tokian tokiko zerua dago. Baita zerua dagoenez gero, infernua ere ondo-ondoan egon ere. Egungo ekonomiaren guruek ez dute ikusi nahi, hain begi-bistakoa dena: kapitalista diruzaleak diruaren monopolioaren jabeak direla. Antzina, ez hain antzina ere, esklaboak egon ziren bezala, "sistema aske" baten ondorioz hura ere. Antzinako errege tiranoak edota ideologo arrazistak, euren politika, kultura eta jardueren ondoren sorrarazitako dibergentziak, desorekak eta sufrimenduak giza idiosinkrasiaren izate naturala legez atxiki nahi dute gaur egun ere.
Erlijio berriaren edo kapitalismoaren “eragozpena”: hain da aske “eragozpen gabe jardunean” erortzea, merkatu askeko kapitalismoaren eragozpen gabea bizitzea, ezin duela bere "iragazkiak" garbitasunez erdietsi dituela agertu, eta are gutxiago, areago bada, ezin duela irabazpen edo ekoizpenen banakuntza argiki agertu edo azaldu. XIX. mendean kapitalismoaren etika duda-mudazkoa bazen, XX.garrenean agerian geratu zen, XXI. mendean berriz, milurteko baten abian, kapitalismoak ez duela etikarik erran genezake. Gaizki errana alafede, kapitalismoak badu etika bat. Esaldi bakar batera ekarrita, hauxe: kapitalismoak sorrarazi duen etikaren arabera, mundu berri bat sorrarazi du, haatik, kapitalista ez den inor ez da gai mundu berean funtzionatzeko.
Kapitalismoaren gurpilak izarigabeak dira. Bere industriaren errotak itsas haundietako urak mugitzen ditu. Hain da handia lortu duen konfiantza, ekonomia modernoaren noriaren gisara, gelditzerik ez daukan konfiantzazko haize batek mugituta dago. Galdera hauxe duzu: konfiantzak iraunen du planetako gaiak, ura edo haizea esaterako, iraunen duen bitartean. Energia eta gaiak behar ditu. Mugagabeak ote horiek? Mundua ozeano bete-energiaren aparretan bizi da. Mugarik ez dago? Ez dugu bada erran, jakintasunean mugatutako garela, hots, ezjakinak garela? Jendea ez bada jakintzaren jabe, duda-mudan jarri du energien mugagabetasuna. Nor ez da, ezjakintasunean izanik ere, energia eta lehengaiak agortzearen beldur? Fosil guztiak agortuz gero, hondamendian jausiko gara. Baina, hara, arestian errana, energia eskasa baino, berau menderatzeko eta premietara moldatzeko gaitasun eskasa erakusten ari gara.
Gizabanakoaren askapenak prezio bat dauka. Eboluzioaren ildoan, milioika urteko bilakabidean, komunitate bateko –erkidegoko– bateko gisa bizitzeko eta pentsatzeko diseinatu gaituzte. Azken bi mendeotan berriz, gizabanako alienatuak bihurtu gara. Milurteko hasmentan are nabariago ageri dugu jite hori. Estatuaren eraginak bere kaltea izan du horretan. Familia berealdiko nukleo izan da bilakaera horretan, familia-harremanak izan dira horren ardatz. Guraso eta seme-alaben arteko harremanak zeharo aldatu dira, bigarren hauen harremana/heziketa estatuaren esku pasatu baitzen. Gurasoen agintea “sakratua” zen. Aldaketa harrezkero –estatua krisian bizi den arren– estatuaren “sakraltasuna” izugarria izan da. Elizaren sakraltasunetik estatuaren sakraltasunera igaro gara. Gurasoen agintaritzak atzera egin du nabarmen. Seme-alaben bizitza ongi joanez gero, estatuaren arrakasta duzu, okerbidean sartuz gero gurasoena.
Erkidego imajinatuak. Estatuek iraganean erresumek, inperioek eta elizek egin zuten legez, haien ildoan, –erlijioak gizakion arima-espirituaz arduratzen dira– “erkidego imajinatuen” ideia sorrarazi edo bultzarazi dituzte. Egun, kapitalismo liberalaren garai gorrian –oximorona balio bekigu–, nazioaren ideia eta merkatuaren ideiaren premiei lotu gaituzte. Komunitate imajinatu baten idiosinkrasia nazioa eta merkatua dira, bi ardatz horien inguruan osatzen/gorpuzten da tribuaren imajinazioa. Kontsumismoa eta nazionalismoa dira irudimenaren eragileak. Nazioa, noski, irudimenezko izaera hori ezkutatzen kamuflatzen saiatzen da. Nazioak ez dira sortu eta egin ezerezetik, bistan da. Nazio gehienek entitate natural bat izan dute, baina estatuak izaera horiek desitxuratu ditu, desegin ditu. Gaur egungo estatu gehienen izaera industria-iraultzaren ondorioa dira. Gaur egun, erkidego naturalak kontsumitzaile-tribuek eklipsatu dituzte.
Laborantzaren iraultza eta iraultza industriala tarteko, euren bilakaeraren ondorioz eta eraginez, munduaren orden soziala aldatuz joan da, aldatu da arras. Orden soziala gogorra izan da beti, zurruna. Eginkortasuna eta jarraitutasuna bermatzen zuen. Ordena suerte horiko bukatu da. Iragan mendera arte, erabili izan den “horrela da, izan da, eta izanen da” delakoa fini da. Aldaketa sozialak, astiro-astiro, aldaketa txikien metaketaren ondoren gauzatu izan dira –izan ziren–. Egungo munduan dagoen ezaugarri finkoena hauxe dugu: aldaketa etengabea da. Inork ez daki, ez adituenek ez zientifikoek zer-nolako mundua izanen dugun hogei urte barru. Lehenengoek mende baterako edo birako iragarpenak egiten zituztelarik.
Bake garaia omen da egungoa. Hori adierazi eta edonork erranen digu: “Bai zera, eta Ukrainako inbasioa, eta Gazako suntsiketa?”. Bai horixe. Eta hala ere, iragan mendeko mundu-gerra handien aldean gerra-foko batzuk baino ez dira. Kontraesan horrekin bizitzen asmatu behar dugu. Eta, bistan da, estatuen indarrez lortu bada balizko bakea, Si vis pacem, para bellum delakoaren harian eta arieran, estatuek ez dute “tokian tokiko krimenen indizea” behar bezala aipatzen. Indizeak ezaugarri altuak dira. Estatuen izatearen ondorioz ez al dira bada: bideetan hiltzen direnen erantzule, emakumearekiko gizonezkoen indarkeriaaren ondoriozko hilketak... Btzuk aipatuarren. Dena dela ere, ez da aise hori kontzeptualizatzea, kontestualizatzea...
Inperioen atzerakaden ondorioz izandako hildakoak –Britaniar Inperioak Indian eragindako, Vietnam, Aljeria, Sobietar Batasunaren eraisketa, Balkanetako genozidioak–, dudarik gabe, munduaren bilakaeran izandako aldaketak itzelak izan dira. Boteretsuek, eliteek, ederki eragiten dute komunitatearen imajinarioan, egungo bakeari Pax atomica deritzote. Eufemismo hori ezaguna egiteko zaigu Pax romana gogoan baitugu. Zer da garai modernoa? Horra galdera. Zentzugabeko hilketa garaia ote? Galdera bati beste galdera batez erantzuten zaionean, erantzun ziurrik edo sendorik ez dela ohartzen gara. Beraz, erantzuna, kasu honetan ere, unearen arabera da, gunearen arabera ulertu behar da. Planeta, nahiz eta geroz eta globalizatuagoa izan, ez da gune bakarra ezta uniforme ere. Gaur baikorrak izatea dagokigu, bihar berriz ezkorrak. Errealitatera hurbiltzeko jite beharrezkoak biak ala biak.
Natura suntsitzen ari omen gara. Iraultzak izan ditugu hizpide: Homo Sapiens delakoak egin zuen berea: habitatak suntsitu eta espeziak desagerrarazi zituen, mundua bere beharretara moldatzeko. Laborantza iraultza, industria-iraultza… Gaur egungoa, iraultza digitala eta teknologiko alimalea bizi dugu. Ekologiari egi(te)n diogun kalteaz aritzen gara sarri, baita baliabideen urritasuna gero eta ebidentagoa dela erran ere. Baina, gure ezjakintasunean, biak nahasten ditugu gauza beraz jardunen bagenu legez. Natura suntsitzen ari omen gara. A priori zuzena dirudi, omen eta ei. Prozesu bat bizi dugu, milioi urteetako prozesua. Harari-ren hitzetan, ez da suntsitze bat ematen ari, natura ezin baita suntsitu. Natura aldatzen ari da. Horixe bere premisa. Dinosauroak desagertu ziren, eta gu ere desagertuko gara, baina natura ez da desagertuko –hori nire aburua–.
Zoriontsuak al gara? Orden soziala erabat aldatu da, politika alegia, normala da, eguneroko bizimodua eta giza psikologia aldatuz doan neurrian aldatzen da gure idiosinkrasia. Hainbeste premisen eta baiezpen kategorikoen segidan, galderak berriz. Zoriontsuak al gara? Nazionalismoak edo gaur garaitu den liberalismoak, egungo politikaren ardatz nagusiak, ideologia horien –eta beste batzuenak ere bai, gehienenak– eta euren programa politikoak giza zorionaren egiazki jatorriari buruzko ideietan oinarritzen da, baina ez garrantzia dutelako, aitzitik, ez dute apenas garrantzirik. Komunistak, kapitalistak, nazionalistak, nork bere maxima dauka: azken honek autodeterminazioa, lehenak proletarioaren diktadura, erdikoak merkatu librea. Hirurek egiten gaituzte zoriontsu. Hipotesiak dira, noski, idealismoan funtsatuta.
Luzaz jardun genezake ideologiak delakoen gainean. Zein eragin izan dute horiek guztiek gizakiaren zoriontasunean? Hona ustezko ondorio bat: ez dago zoriontasuna neurtzea, ez baitago sistema politiko baten onurei lotzea zeharo eta sinpleki. Badago kontsiderazio moduko bat egitea: giza ahalmenak handitu dira historian barrena. Alta bada, aurrerapena delakoa kondaira ere bat da. Sinistu daiteke, historian sinesten dugun legez, izan ere, gaitasuna, jarrera edota trebetasunean hobetu dugu, baina horrek ez du bizimodu hobeagoa ekarri baitezpada. Izan ere, iraultza edota hauen gibelean dauden idealismoaren baitan asmakuntza bat dago, ilusio bat, itzal beltza ere bihurtu daiteke ilusioa, idealismoa zulo beltz bat da. Eta itzal beltz hori ikusteko gai ez denak seta erromantiko batez jarduten du, eta hori aurrerapena delakoan erabat sinestea dogmatikoa bihurtzen du.
Boterea eta zoriontasuna. Iraultza zientifikoaren garaian gaude, orain arte ez da korrelazio argirik boterearen eta zoriontasunaren artean izan. Zein da neurri egoki bat hartzeko modua, bada, hartzen dugun jarrera, jarrera nolakoa argitasuna halakoa, jarreraren nolakotasuna ñabardurak egitearen arabera gauzatzen da. Erran dezagun, iragan mende erdialdean “urrezko aro laburrak” bizi zituela gure zibilizazioak. Egiari zor, aro horiek ez dira mende honen erdialdean aurre ikusten, ezta antzekoak ere. Zein da horren neurgailua: kontsumo ausartegia. Giza ondasunen zutabeak eraisten edo birrintzen ari garela begi-bistakoa da. Ondorio edo aburu bat: zoriona ez dago neurtzerik.
Ongizate subjektiboa. Aberatsa izateak ez du erran nahi zoriontsua izatea. Aberatsaz ari gara, jite materialistari dagokion aberatsaz. Egin dezagun zoriontasunaren neurria osasuna bailitzan. Aberatsa ez da beti osasuntsuagoa. Izan ere, faktore sozialek, etikoek eta espiritualek zoriontasunean eragiten dute biziki, baldintza materialek adina, edota gehiago ere. Nola neurtu ordea? Badago kontzeptu bat “ongizate subjektiboa” bezala ekarria. Zertan datza berau? Hainbat baiezpenen bitartez deskribatuko dugu: “Naizen bezalakoa izatea gustatzen zait”. “Bizitza oso esker onekoa dela sentitzen dut”. “Bizitza ona da”. Etorkizunari baikor so egiten diot. Horien arabera zoriontasuna kontzeptualizatzen ahal dugu. Dudarik ez dago, diruak zoriontasunean laguntzen duela. Baina, ez dago ororen buru zoriontasun erabatekorik, ez perfekturik. Jite materialistako zoriontasuna subjektiboa da oso. Urreak urre. Oro ez da urre.
Historiaren gainean irakurtzen ari gara, berau interpretatzen. Ez da erraza bistan da. profetek eta filosofoek eta poetek honako hauxe erran badute ere, hau da, “norberak duenarekin asebeterik egotea askoz garrantzitsuago da, nahi dena baino gehiago lortzea baino”. Maxima hori ez da munduan gailendu ordea, jaidura hori ez da gizakion jardueren gain-gainean. Kontua hauxe: zoriontasuna ez da aberastasunaren, osasunaren eta gizarte-harremanen moduko baldintza objektiboen arabera gauzatzen. Hala balitz, historia ikertu eta aise interpretatu genezake. Historia gibelean, geroa aitzinean, zerk zertzen du zoriona? Itxaropenak? Geroa zertzen eta gauzatzen duten komunikabideek eta hauen izatea bermatzen duten publizitate industrian bermatzen bada, badago zoriontasuna ebaluatzerik?
Hedabideez harago jadaneko. Etorkizuneko zoriontasuna ez dago hedabideen eskuetan soilik –suerte guztietako sare sozialak barne– biologiak baldintzatzen du edo gidatzen du edo eragiten du gure zoriontasunean. Faktore kimiko eta genetikoek badute munta handia jadaneko. Historian barrena, milurteko askotan gauzatu den gure gogamenaren eta emozioen izana, giza eboluzioaren ondorioz, ez dira dagoeneko izan direnak, mekanismo biokimikoek gero eta gehiago “gobernatzen” dute gure burua, hots, bilakatu garena. Berba batzuk segidan, ari garenaz ohar gaitezen: serotonina, dopamina, oxitozina… Horiek ere osatzen dute gure sistema biologia, edo horiek determinatzen dute gure izana. Honezkero, ez dago gure zoriontasuna determinatuko duen hautabide naturalik.
Bizitzaren esanahia. Bizitzaren funtsa. Zoriontasunaren gakoak geure sistema biokimikoaren eskuetan badago, engoitik, iraganean bizi izandako gertaera politikoek, iraultzek, estatuen inboluzioek, ideologien eta aldaketa sozialek ez dute modu berean gure izaeran eragingo. Biokimikak manipulatuta gaude. Izan ere –jauzi bat emanda gure jardueran– plazera eta zoriona hitz kidekoak legez hartu dira, halakoxetzat jotzen eta halatsu bizi ditugu: biokimika manipulatutako gizakiok gara. Galdera potoloa. Zoriona nork bere burua engainatzearen araberako kontua al da? Alegia, zoriontsuagoak bagara sentsazio atsegin kopuruaren arabera, geure sistema biokimikoaren arabera biziko gara. Gure ustez, zoriontasuna bestelakorik bada, bestelako mekanismo bat eraiki beharko dugu ezinbestean. Has gaitezen, plazera eta zoriona kidekotzat hartu al ditugu? Izan ere, hori da jendarte liberal kapitalista kontsumistan garaitu dena. Gaur egungo logika nagusiaren arabera, liberalismoak gizabanakoen sentimendu subjektiboak kontrolatzen ditu. Egungo agintaritzak –elite boteretsuek– sentimendu subjektibo horiek bere egin ditu, horiek dira euren politikaren bermea eta oinarria, gure nahikarien iturria kontrolatzen dute, gure irriken asetzaileak izaki.
“Zoriona” da gaurko jendartearen izaeraren idiosinkrasiaren gaia, gaietakoa bat. Ez da bakarra, baina bai adierazgarria, gisa izatearen neurgailua dugu. Alegia, osasuna, maitasuna edo askatasuna beste nonbait edo beste esfera batean daude egun, antza. Honako hauxe gailendu da: zoriona nork bere burua engainatzearen araberakoa da edo ondorioa. Etsigarria. Horren arabera, zer? Bada, zoriontsuagoak izateko gure sistema biokimikoa eraldatu eta aurrera. Horren guztiaren atzean, gaurko erlijio nagusia dago, hots, liberalismoa. Egungo norbanakoen sentimenduak, betiere subjektiboak, santututa daude liberalismoari esker. Nondik elikatzen dira sentimendu horiek? Bada, boteretik. Agintaritzaren iturrietatik. Anaia Nagusia dugu hor. Arreba Nagusia ere dei dezakegu, ezta? Gure izatea, arrazoibideetatik landa, sentimenduetan funtsatzen da. Naiz, sentitzen dudana. Ona edo gaiztoa sentitu zaitezke, eta halakoa zarela uste. Hala izanik ere, orain arteko kulturen eragileak, pentsatzeko moduek sentimenduez ez fidatzeaz gomendatu digute. Giza alienazioa ez da gaur egungo jaidura, antzinatik heldu zaigu, baina liberalismoaren doktrinaren eragina erlijioen eta filosofien eraginaren gainetik dago dagoeneko. Maxima bat: “Zoriona norberaren baitatik hasten da”. Beste mantra bat ote? Ez. Kontua hauxe: liberalismoak ederto manipulatzen gaituela, baita zorionaren zioa aldarazi ere. Baita gu haren nahikerien xendran eraman ere, alafede. Erran nahi baita: ideiei “ongi etorri” eman behar zaie, ideiak baina ongi taxutu behar dira. Historia ulertzekotan berau gauzatu duten ideiak zentzuz eta artez ulertu behar baitira.
XXI. mendearen eta milurteko berriaren ariora. Homo sapiens izan dugu aztergai, haren bilakaera. Gu garena alegia. Bukatu al da sapiensa? Dirudienez, sapiens, gu alegia, ez gara guk markatutako muga biologikoki zehaztuetatik irteteko gauza. Bestera erranik: aipatu muga horiek gainditzen ari gara. Biologoak, mundu osokoak, gure diseinu adimenduaren mugimenduaren aurkako borrokan korapilatuta ari dira. Hots, adimenezko diseinu molde hau hautespen naturala ordezkatzen ari da. Ordezkapen hori, ingeniaritza biologikoaren bidez, ziborgen ingeniaritzaren edo bizitza ez-organikoaren ingeniaritzaren bitartez gauzatzen ari da. Beraz, kontzientzia esperimentatzeko moldea aldatu al da? Hainbat ikerlek Neanderthalen itzulera iragarri dute. Kontuak kontu, kontzientzia mota berri baten sorrera garaian abiatu gara. Izan garen sapiensaren bestelako gizaki bilakatuko dena. Neanderthal delakoa ez da itzuliko, bistan da, alabaina hura akabatu zuen sapiensa bukatzear bide dago. Edo bukatzeko zorian ote? Zoriak zori, Homo bionikoa izan daiteke Homo sapiensaren ondorengoa. Beste bizitza molde bat ernatzen ari da. Bizitza deitzerik ote? Goiko klaseen nahikarien arabera, bai. Zientziak hartu duen nora eta duen ahalmena dela medio gertu ikusten dute mundu zoriontsuago bat, baita immortalak izan daitezkeela sinistu ere. Eta eszenatoki hori ez da zientzia-fikziozkoa.
70.000 urteren ondoren –inork pentsa dezake– Sapiensak berea egin du. Eraldaketa hori gertatzea arriskutsua ote? Erlijioak eta ideologiak esperimentatu dituzten eboluzioak ikusita, nazioen eta klaseen bilakatzearen ildoan, beste gizaki bat gauzatzeko bidea zabaldu da. Bestelako bide bat urratzen hasi gara. Galderak jalgitzen dira, horiexek dauden bitartean, eta erantzuna bilatzeko nahikaria deino, gizaki molde bat biziko da, ezta? Galderak ez dira zailak, erantzunak dira landu beharrekoak: zer egin nahi dugu gure buruaz? Hots, zer bihurtu nahi dugu? Zein da gure nahikaria? Gizakiak –handi-handika harturik– pentsatzen segitzeko nahikarik al du? Edo arrazoibidean landu eta urratu duen bidea agortu al zaio?
Yuval Noah Harariren Sapiens liburuaren epilogoan badago konstatazio bat: Jainko bihurtu den animaliak gara. Alabaina, ba al dago deus (deus ex maxina) arriskugarriagorik zer nahi duen ez dakien jainko asegabe eta axolagabe bat baino?
Galdera, hauxe nirea: gizakiak bere izate soilaren bidez "salba" al dezake bere burua?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: