Ravenna aldia hainbat eletan

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2025-08-18 12:40

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1755515371047

Ez ohiko testua duzu honako hau. Begizolia delako honetan, eskuarki, literaturaren gainean jardun ohi dut. Oraingoan, berriz, bidaia baten aldiaz ariko naiz. Italiako Emilia-Romagna eskualdean emandako aldi labur baten esperientziaz. Hamaika gau iragan dut Ravenna hirian. Behin etxeraturik, bizitakoa hitzetan adierazteko enbeiak hartu nau. Idatzi bai, baina publikatzerik? Bai, zera! Horixe galdera. Hara, ezbaian bada ere, aitzina egin dut.

Italia

Zer da Italia? Zer da Italia euskaldunontzat? Zer da Italia niretzat? Zaila zait erantzutea. Hamaika arrapostu eman nezake. Haatik, hamaika bidaia egin beharko nuke bertara funtsezko zerbait errateko. Hirugarren aldia izan dut azkeneko hau. Erroma, Toscana (Florentzia, Siena, Lucca…) eta Venezia bisitatuta nituen bertze orduz. Oraingo aldi honekin amiñi bat osatu dut Italiari buruzko nire ideia.

Idealizazioa (I)

Erraza da Italia –handi-handika– maitatzea, aise berau idealizatzea. Lehen aldikoz egon nintzenean, handik bueltan, hauxe erran nien ingurumariko lagunei: “Toscanako herri tipienean Euskal Herri osoan dagoen artea aurkitu dezakezue. Bada, pentsa Erroman”. Ez nuen Euskal Herria gutxietsi nahi, ezta orain ere. Baina, halaxe duzu. Nire ustez, noski.  Eta segidan... bla, bla, blagan: Italia eta Grezia gure kulturaren sehaskak ditugu. Euskaldunon kristau-katoliko-latino-greziarren jitea begi-bistakoa da. Edota, begi-bistan ez bada, hagitz barneratua.

Idealizazioa (II)

Euskaldunon jitea aipatu dut. Alabaina, XXI. mendeaz geroztik, gure jite eta izaera hori aldatzen hasia da. Ezta? Mendebaldarrok –europar mendebaldarrok– XX. mendeaz geroztik, iparramerikar-anglosaxoiaren kulturaren –iparramerikar inperioaren menpe– arabera ari gara, halaxe hezi eta hazi baikaituzte hein handi batean; euskaldunok barne. Kultura kristau-katoliko-latino-greziarraren eragina eta idealizazioa “gainditu” gabe bizi gara, estatubatuarren kulturaren ariora.

Emilia-Romagnara bidaia lau zertzeladatan

Ravenna: Mosaikoen hiria. Dante Alighieri bertan duzu ehortzirik. Hirigune tipia eta goxoa. Biblioteka apartekoa dauka; Classence izenekoa. Bitxikeria gisako bat: Nazioarteko Literaturaren txokoetan nenbilela, Espainiakoan eta Frantziakoan so eginik, Bernardo Atxagaren edota Itxaro Bordaren libururen bat euren artean zegokeenez miatu nuen. Bada ez. Ez zegoen euskal literaturaren erakusgarririk. "Atx! Ez gara nazio bat munduan", pentsatu nuen.

Bolonia: bero sargoria zen bisita egunean. Caldo. Katedralak, elizak… haietan freskura. Piazza Maggiore delakoan shermo ekran edo pantaila erraldoi bat zegoen, eta, tenore hartan, aulki pila bat hutsik hari so. "Arteak arte, XX. mendeko arte espresio zabalduenak leku izaten segitzen du Italian", pentsu nuen. Mosaikoek ere toki zabala dute, prefosta. Eraiki handien arteko karrika artean ibilkari –karrika estuak, eguzkiaren babesleku–, ostatu herrikoi batean ase nuen gorputzak exijitua.

Rimini: Federico Felliniren sorterria. Fellini Museum delakora bisita ezinbestekoa nuen. Museo bat ez ezik, bi dituzue. Elkarren ondoan ia-ia. La dolce vita, Amarcord, La Strada, 8½ (italieraz: Otto e mezzo, euskaraz Zortzi eta erdi…). Bere obra oparoren lagina. Film horietakoren bat berrikusiko dudalakoan kaleratu nintzen. Al forno! Bero zapan ibilki, Joel gaztetxoak atenditu ninduen ostatu-terraza batean. Gioel, naski. Atsegina hagitz. Zein polita attèndere berba!

Cesenatico: aurreko hirien aldean, herrixka. Halaz ere, kasu, hogei mila lagun bizi dira bertan. Marco Pantani txirrindulari zenduaren sorterria. Tira, Interneten sartu naiz eta Pantani Cesena herriko edo hirikoa dela irakurri dut. Idoloen xantza, nonbait. Mitoak. Idealizazioak.
     Kontutxo bat: Cesenatico herria ezagutu dut tokiko adiskideei esker, baita San Leo eta Pennabilli herrixkak ere; bertzeak bertze.

Aburu bat edo bertze

Ravennako Il Giardino Roccioso ostatuan egokitu naiz. Lorenzo eta Paolaren etxe-ostatu-museo-tipi bat; Kimete izeneko italiar-albaniar tarteko. Hamaika aburu konta nezake, ordea, bizipen edota abururen bat edo bertze ematearekin aski eta sobera, ezta?

Jagoitikoz, ez espainierak ez frantseserak dute “tokirik” Italian. Latinezko erroak dituzten hizkuntza horiek ez dira honezkero, italieraren alboko –lehenengo edo bigarrengo– hizkuntzak. Ingelesa dute duzue nagusi: 20-30-40 urtekoen artean hizkuntz arras zabaldua.  

Nongoa naizen aditzera eman dudanean, Paese Basco ez da ezaguna, Basque Country ere ez. Handi-handika ari naiz –edo gaingiroki nahi baduzue–, turista ibili bainaiz. Alta, bada, Hendaiako euskalduna naizela erranik, Espainia aldeko Pais Vasco eta Frantziako Pays Basque artean dagoen herria aipaturik:“Cioè, metà spagnolo metá francese!”. Aburuak aburu, burutapenak zuen esku.

Halaz ere, gozatu dut. Berbarako, trenez mugitu naiz hiriz hiri, herriz herri. Gurean duela 30-40 urte mugitzen nintzen legetxe sentitu naiz. Egun baino askoz askeago, alajaina. Alegia, billetea baliozkotu beharrik gabe mugitu naiz zenbaitetan.
    Estatuak estatu, italiarren jite anarkikoa amiñi bat bizirik dago. Jakina, nork nola ulertzen duen hori ere.

Por(t)zierto, batzuentzat in(t)zierto, honatx:

Anarkia (antzinako grezierazko jatorri duten an aurrizkitik eza adierazten duena eta arkia atzizkitik –hierarkia–) aginpiderik eta hierarkiarik gabeko gizartea izendatzeko erabiltzen den terminoa da. Era gaitzesgarrian, gizarte kaosa, nahasmendua eta anomia izendatzeko ere erabili izan da.

Lagun eta adiskideei esker

Bistan da, bistan denez, herrialde bat lagunen bitartez ezagutzea bestelako esperientzia da. Lagungarria da eta hainbatetan sostengu berealdikoa. Adinak adin, iraganeko idealizazioak gainditzeko lagungarria. Emilia-Romagna herrialdea ezagutu dut Corrado Masacciri esker –baita bere senideei esker ere; Lidia ondarroar barne–. 


– Corrado Masacci txotxongilolaria

– “Mintzoa erabili gabe antzekoak gara denok”

Post scriptum

Hamaika argazki egin dut, behialako txangoetan baino gutxiago halarik ere. Bakarra ekarri dut honatx. Batekin aski eta sobera delakoan!

Cesenaticoko portu-kanala duzue; Leonardo da Vinciren lana.


Utzi iruzkina: