Printzipe Txikia oroit

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2021-07-15 10:10

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1626338578030

Printze txikia

Antoine de Saint-Exupéry

Itzultzailea: Patxi Zubizarreta

Elkar (Salamandra)

France Culture irratiaren sintonian nindoan, autoan. Antoine de Saint-Exupéry idazle gogoangarriaren Le Petit Prince liburua hizpide zuten esatariek. Esaldi batek bereganatu zuen nire arreta: “Printze txikia da frantziarrek gehien irakurritako liburua”. Hori eta beste kontu batzuk aditu nituen arretaz, alafede. Konparaziora, laurehun eta berrogeita hamazazpi hizkuntzatara (dialektoak barne) itzulita dago. Biblia da liburu itzuliena, Printze txikia, berriz, bigarrena.

Bitxikeriak bitxikeria, aspaldi irakurri nuen El principito berriz irakurtzeko enbeia eragin zidan irrati saioak. Patxi Zubizarreta idazleak itzulitako Printzipe txikian murgildu naiz berriz ere. Egia esan, ez dakit zenbat bider irakurri dudan liburua. Baina, azken irakurraldia egin ostean, aitorpen hau egin behar dut: inpresioa daukat egundaino ez dudala behin ere taxuz eta ganoraz liburua irakurri. Bestela erranik, berriz ere irakurrita, liburu berri bat irakurri dudala erranen nuke.

Liburuaren interpretazioa eginen dizuet. Hori egiteko Mariasun Landa idazlearen guztizko laguntza hartu dut. Bera baita haur literaturan aditua. Aditua ez ezik, aritua. Aurretik galdera bat gailendu zait ostera: Printzipe txikia haurrentzako liburua al da?

Galdeak galde, hona Mariasun Landak dioena:Printzipe txikia mundua eta bizitza deskubritzen dituen ume baten ibilbide iniziatikoaren kontakizuna da”.

Istorioa zazpi pertsonaiaren bidez garatua eta kontatua da: erregea, harroputza, azeria, edalea, negozio gizona, farozaina eta geografoa. Horiekin batera narratzailea dago, Antoine de Saint Exupéryren alter ego delakoa, antza, eta hartaz, munduko gizakia ezagutzen dugu.

Liburuak helduen munduaren berekoikeria, ohikeria eta elkartasun eza irudikatzen ditu. Autoreak erregistro poetikoak eta sinbolismoak baliatzen ditu horretarako. Istorioa aski ezkorra da. Izan ere, Printze txikia bere asteroidera ilusiorik gabe itzultzen da, helduen munduaz gogaituta bere haurtzarora itzultzen da. Haurtzaroaren nostalgia ageri zaio pertsonaiari.

Liburuan hainbat azpimarra egin dut. Honatx horietako batzuk, oharpen gisara batzuk eta ikaspen gisara bestetzuk:

Azeriak honela dio:
– “Hezten diren gauzak baino ez dira ezagutzen”.

Printze txikiak:

– “Haurrek bakarrik dakite zeren bila dabiltzan”.
– “Gizakiek bost mila arrosa hazten dituzte lorategi berean, eta hala ere, ezin dute bilatzen dutena aurkitu”.
– “Jendeak berdinak ez diren izarrak nahi ditu. Bidariarentzat, izarrak gidariak dira. Beste batzuentzat, argi txikiak baino ez. Jakintsuentzat, arazoak dira. Merkatariarentzat urrea dira. Alta bada, izar guzti-guztiak isilean daude. Zuk izanen dituzuen izarrak ez ditu beste inork izanen.

Ikaspenak hauek, askoren artean hauek ere:

– Bihotzarekin baino ez dugu ongi ikusten. Funtsezkoa ikusezina da begien aurrean.
– Zure arrosarengatik galdu duzun denborak egiten du arrosa horren garrantzitsua.
– Ez zara oso urrun joanen, zuzenbidea zure buruari soilik aplikatuta.
– Etxeratu duzunaren erantzule eta arduraduna zu zara betiko.


Utzi iruzkina: