Ponparik gabe joandako Ennio Morricone in memoriam

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2020-11-04 09:49
1

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1604480434576

Ennio Morricone & Dulce Pontes

Focus, 2003

Musikaren pasioa sentitzen dugunok, musika pasioz bizi dugunok, melomanook, baditugu hainbat disko kuttun. Ez dira horregatik, zure bizitzan gehien entzun duzun musikarien diskoa. Dulce Pontes da kasua. Kantari eta musikari aparta izan arren, bada, ez dut beste musikari batzuk bezainbeste entzun.

Ennio Morricone-ren kasua bestelakoa da. Bere musika eurrez entzuteaz beste, jende askoren bizitzaren soinu-banda da, edo hori da nire kasua. Ez da bakarra noski, baina hagitz adierazgarria edonola ere. Erroman jaio eta Erroman hil zen italiar musikariak uhin aire eta doinu zoragarriak laga dizkigu.

Ennio Morricone & Dulce Pontes (Focus) lanak, aipatutako bi sortzaile hauen izen daramatza. Aintzat hartzeko moduko lana, gozatzekoa.

Ennio Morricone, handi-handika, Sergio Leone zinema zuzendariaren filmen musikagilea da, baita haren txikitako eta eskolako laguna ere. Leone, Morricone legez, erromatarra, nerabezaroan Benito Mussoliniren faxismo pean hezituak biak ala biak. Leone nire zinemagile kuttuna da, eta Bazen Behin Amerikan filma nire maiteen artean, film gogokoen eta begikoa. Ez bakarrik bere filmen artean, zinema historia osoan film bakarra hautatu beharko banu, hori nirea. Sergio Leoneren jarraitzaile porrokatua naiz.

Alta, hitz hauen sujeta nagusia ez da Sergio Leone, Ennio Morricone baizik. (Dulce Pontes izanen da egunen batean agian). Morricone aurtengo uztailaren 6an zendu zen. Berak hala eskatuta, familia artean joan zen, isil-isilean. Ponparik gabe. Filmetan bere musika nola, ondo baino hobeto egokituta beti, egokiro joan zen erromatar maisua.

Melomanoa naiz, baina ez musika aditua. Alabaina, disko honek barne-biltzen duena adierazteko, bere osotasunean eta kantak banan-bana, tesi moduko bat beharko litzateke. Hainbat musikarien kasuan –eta bereziki zinemaren soinu-bandaren egileen kasuan–, beren musikaren bitartez ikusi genituen irudiak txertatuta daramatzagu, giza historiaren lekuko dira. Bada, buru eta bihotz, Ennio Morriconeren musika.

Nire aburuz eta gustuz, Sergio Leone da Ameriketako Estatu Batuen (AEBak) historia eta sorrera ulertzeko zinemagile onenetako bat. Eta ezbairik gabe, Ennio Morriconek haren filmei emaniko giroa, ezinbestekoa Ipar Amerika ulertzeko.

Azken hitzak, Dulce Pontes-entzat. Kantari aparta da. Fado kantari gisa ezagutu nuen, baina ederto erakutsi du popean bidean eta musika klasikoan aritzeko gaitasun itzela. Izugarria halaber, musika diferentetan hizkuntza diferentez moldatzeko ahalmena. Eleak sobran daude. Eskuratu diskoa. Ez zara zapuztuko.

P. S. Erran gabe doa, disko honetako Morricone musika eta Pontesen kantak ez dira Sergio Leonen filmetako soilik. Badira beste film interesgarriak ere zinemaren historian, noski, Morriconeren musikak areago interesgarriak bihurtzen dituztenak.


Utzi iruzkina: