Poesiaren loria, bizitza partekatzearen zoria!

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2021-02-22 07:44

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1613978410455

Jose Angel Irigaray

Isiltasunaz hunatago (Hitzendatzearen mentura)

Pamiela, 2020 (Poesia)

Argisentian. Menturan. Lur gainean. Bidaiak eta geltokiak. Triatean. Gaubeilan. Kalean zehar. Ilunabarrean. Isiltasunaren mugan. Jose Angel Irigaray poetaren enegarren liburuaren atalak dituzu, Isiltasunaz hunatago. Hitz-endatzearen mentura osatzen dutenak.

Liburuaren egituratzeak berak Irigaray poetaren aiurria ematen digu. Atalak ez dira atal, ez konbentzioko atalak behintzat. Poetak deus izendatu barik, hitz-endatzea lehenesten du. Ene uste zuloan, horixe lehenbiziko ezaugarria. Tira, nola gerta hori ere, hunatago edo haratago joanez gero, askotariko bidezidorrak zabaltzen baititu poesia-bidaia honek.

Hunatago edo haratago joan, inon ez dago isiltasunik. Hitza da, alta bada, isiltasun sakratua hautsi dezakeena. Hala sentitu dut Irigaray-enean. Irigaray-enean edota Irigaray-home-an. Hitz-endatzeaz ari naizenez, Irigarayren bidean, eta bidaian, poeta bidaiaria eta geldiezina izaki, kolore bat gailentzen zait: bluia, blues doinuez eta musikaz heldu dena. Azula. Ipar hemisferiora joan ahala iluntzen doan blue hori.

Bidaiaria da, bidean doa, eta bidaideak ez dituzu edonolakoak. Horixe nire sentimena. Irigaray poeta eruditua da, eta bere irakurketek zirimolan daramate. Uste dut uste, usteak ustel, bidaian doala, bidean hitzak largatzeko usaia dituela, solteak diren hitzak, egunen batean, menturaz, elkarren segidan nolabaiteko lotura eta segida hartuko duten hitzak, berbak eta eleak, zenbaitetan poeta bera desolatzen dutenak.

Hots, desolatua, eguzkiz kanpo, eguzkiz at geratzen ote den inpresioa daukat. Bere pentsamendutik lekora joan nahian dabil, bere idealismoetatik landa ibili. Arrazionaltasunetik libratu nahi dituen hitzak ditu maite. Maite eta behar dituen hitzak dituzu Irigarayrenak. Konparaziora, poema baten txatala, garai bateko bidaian sortuagatik, bidaiako motxilako poltsikoan denbora luze egon daiteke, desolatua. Inoiz edo behin, eguzkira edota argitara jalgiko dena.

Atalez atal, txatalez txatal, honatx nire hainbat aburu:

Argisentian abiatu zen, munduarekin hitzordua zuen, etxe home bat kausitzeko menturan, supazter bat bederen. Sorkuntza da bere zina, bideko zinak eta minak, alabaina poetarentzat hizkuntza zorkuntza ote den nago.

Menturan, pentsalaria eta idealista izaki, despentsamenduaren poesian saiatzea zor diogu poetari. Eros & Thanatos: aurreko bidaietan (liburuetan) legez, bi berba horiek Irigaray poetaren aiurrikoak dituzu: “…toki guztiak leku eta ez-leku… mundu… orotan loratzen dira ifernua eta paradisua”. Bazterrik bazter, marjinalean ote dabil? Agian, antigoaleko elurrak ez ditu topatzen eta etorkizunekoak ez ditu igurikatzen. Malura beti present, poetaren home-an. Leiho urdin baten abaroan babestu ohi du bere aiurria. Haatik, paisaia desolatuak berriztatuko ditu biharamunean.

Lur gainean dabil horregatik, hitzen zirimolan betiere, zaharrak nola berriak maite ditu, ele baliokideak. Poeta gogaideak lagun, Lao Tse-ren “zuhurraren jarduera borrokatu gabe ekitea da” lema, horixe du dema. Ez da ziur poema bihurtzen dituen hitz-ez, naski, giza miseria ez baita aise adierazten hitz poetikoen bidez: “Gose-egarriak haurren begietan agertzen duen tragedia, gure giza-iruzurra da”. Alegia, deus ez!

Bidez bide, gerla bidean eta baketan direnak ageri dira (zaizkio poetari) bidaian, etsaiak ahal nola burkideak. Hitz-endatzeko modu bat: musika doitua eridetea. “Maitea ments izanagatik –edo izateagatik– ahots erlastuan kantu bilakatu zaizu xuxurla”. Poetikoagorik ba ote?

Bidaiak eta geltokiak… Nahi adina geltoki aurki dezakegu Irigarayren bidaian. Alabaina, nihaurk lema bat dut gogoan: “Jakintsuago bizitzaz, gutxiago idazten”. Despentsamenduaren lurraldearen xerka doa eta gu harekin joan ere. Alabaina, gaztigatuta gaude poesiaren maitaleok: “Zoriona irestezin da”. Bide eginen dugu, baina pentsamendu soilaren bidez inoiz iristen ez den iraultzako trenari begira eginen dugu aitzina. Hura inoiz ez gure ondotik iragan gabe, haren menturan.

Triatean… Zer ote triatea? Hara, horren gaindi dabil poeta. Segi eta xerka. Aintzat hartu haatik, paradisura bidean ifernua ere eriden dezakegula. Antzezle izanen gara, gure bidaiaren antzezle, giza-kondizioaren baitan ditugun amets, oldar, herra, grina eta fantasiak, guztiak borborka. “Giza-existentzia antzaldatua horiengandiko itzuribidean”. Irigarairyren alboan, musika edo kantua gurekin ditugu bide osoan.

Kalean zehar zabiltza, poeta lagun, Mediterraneoan, Veneziako paradisuan, antzerkian nola olgetan. Bidaideak ez dituzu edozein ez edonor. Poetak ditugu, eta poetak lagunak, Irigaray-k gaztigatzen digu eta gaitu: “Mundua ez da era horretan aldatzen”, baina “agian agian, egün batez…”. Nork daki ezta?

Ilunabarrean, engoitik orain, aurrietatik aiurria osatzen, lurralde galduetatik bueltan “oroitahanzturaren mugan” dabil poeta. Idatzi ez duen poesiak sesiturik. Ezin amorerik eman ordea, “edan ase arte beretik” hitz-endatu beharrez eleen eratzaile eta xerkatzaile. Hitz-endaezinak diren pentsamenduak, hitz-endaezinak diren paisaiak, hitz-endaezinezko bizipenak, isiltasunaz hunatago daudenak menturan.

Isiltasunaren mugan egoten bizitzen ikasi behar du poetak, baita guk ere, hala desiratuz gero, poetaren gogaideok.

Argisentian-eko goiz hartan etxetik partitu haurra pasa da poetaren beraren “ondotik”. Ez omen du ezagutu, ez ikusi, arrotz zaio…

Alabaina, gu poetaren bidaideak izaki, gogaideak batzuetan, berak bizitua partekatu ahal izan dugu. Poesiaren loria, bizitza partekatzearen zoria!


Utzi iruzkina: