Patxi Andion: Zimiko bat isiltasunean (eta XXXVIII)
Zimiko bat dakart isiltasunean
Iazko irailean abiatu nuen jarduna. Patxi Andion kantaria bidean agertu zitzaidala adierazi nuen, baita haren kantutegiko hainbat kanta ekarriko nuela –nire buruari– agindu ere. XXXVIII kanta ekarri ditut BEGIZOLIA honetara, euren letrak euskaraz ekarri ere.
Askoz kanta gehiago ere laga zigun Patxi Andion “euskal kantari” madrildarrak. Madrildar beharrean, agian, gaztelarra esatea hobe. Ez dakit. Bizirik balego gustura galdetuko nioke bere identitatearen inguruan.
Ekarri izanaren zergatia azaldu nuen. Besteak beste, urretxuarra naizen aldetik, harekiko atxikimenduagatik, eta bereziki, Jose Maria Iparragirreren kantaz osatutako disko bikain hura eskertu aldera. Baita –dena ezin da esan, ez esan behar ere, baina errana gera dadin: Samaritana kantak –bidean bide nindoala– gatibatu ninduelako.
Hilda dago, ordea. Ez naiz bere biografian barneratuko. Ez bere obra artistikoa baloratuko. Lerro bat baino ez: gazte garaian pentsatu izan nuen baino askoz musikari-kantari “hobeagoa” begitandu zait orain.
Obra oparoa osatu zuen, bai kantari gisa, baita letra egile gisara ere. Ez dute/dugu inoiz letren “egile” bezala nabarmendu. Usteak uste, aburuak aburu, bere kanta askotako letrak aintzat hartzeko modukoak dira. Zinez eta benaz hartzeko ere.
Nigan bego Patxi Andion! Eta nahi izatera, zugan egon dadin ere!
***
Zimiko bat isiltasunean
Misterio bat bailitzan utz dezagun bazterrean
Nire bertso biluzien gainean, DNI euren alboan
Etorkizuna ez dago nire nahikarietan txertatuta
Ezta zapatak ezeren erantzule izan ere.
Ez dut aholku gehiagorik onartzen
Bertan behera gelditzeko ordua daukat
Ispiluan ez da aldaketa nabarmenik ageri
Mirailean ez da aldaketa agerikorik nabari.
Semea hazten ari duzu artean
Eta isiltasunean zimiko bat
Nire semeak hazten segitzen du
Zimiko suerte bat isiltasunean.
Bizitza ametsak zenbatzen iragan dut
Bertso zenbaitek estutua, nire ahotsa haize truke salduaz
Nire konplexuen prestidigitadore izaki publikoaren aurrean
azken finean eta funtsean nik ere bihotz onesta baitaukat.
Ez dut gomendio gehiagorik onartzen
Bertan behera gelditzeko ordua daukat
Ispiluan ez da aldaketa nabarmenik ageri
Mirailean ez da aldaketa agerikorik nabari.
Semea hazten ari zait artean
Eta isiltasunean zimiko bat
Nire semeak hazten segitzen du
Zimiko suerte bat isiltasunean.
Inkontzienteki banoa joan, arimaren jokoa
Nirekin daramadana laga dut: hitzaren balorea
Horra hor nire zapatak, nire ohitura txarren lekuko
Joan banoa joaki, joaki naiz daborduko
Uztazue balkoia hiru egunez zabalik.

Iruzkinak
Utzi iruzkina: