Palestinar herritarrak nola, halaxe tokian tokikoak: ondradu naifak

Palestinar herritarrak nola, halaxe tokian tokikoak: ondradu naifak Begizolia | 2026-10-15 19:19

Palestinar herritarrak nola, halaxe tokian tokikoak: ondradu naifak

Olibondoaren herria / Palestinako gatazka ulertzeko hamar gako

Egilea: Markel Elortza / Marrazkiak: Maitane Azurmendi

Elkar, 2026

Sarrera gisan

Irlandako The Toublesekin batera, Israel-Palestina gatazka da Euskal Herrian “sona” handiena duena. Areago, 2023 urteaz geroztik, Israelgo Gobernuak Palestinaren aurkako Genozidioa ezarri ostean. Horiek biak, noski, Euskal Gatazka delakoa aintzat harturik. Hara, delakoa idatzi dut, berariaz idatzi ere.

“Gure” gatazkaz ari nauzue, bistan da. “Gure” idatzi behar al nuen? Nago askori ez diola ez “gure”-k, ez “delakoa”-k graziarik egiten. Niri ere ez. Alabaina, euskalduna izanik, hobekien ezagutu pairatu eta “interpretatu” dudan gatazka izanagatik, “gure” eta “delakoa” izan dira sarritan erabili izan ditudan esamoldeak. Ezinbestean.

Delakoa erakuslea erabili dut, funtsean, euskal gatazkaren beraren definizioa zehaztugabea izan baitzait sarritan maiz. Iraganeko (nire) kazetaritza-jardueraz ari naiz batik-bat. Gure izenordaina, berriz, hainbat bider erabili izan dut. Izan ere, eta sarritan maiz ere, balizko irakurle anitzek, gatazka delakoa, gure gatazka, Euskal Herria-Espainia-Frantzia izendapenera mugatu izaten baitzuten –eta baitute–. Hartara, euskaldunok gure artean –eguneroko bizitzan– nozitzen dugun gatazkaren existentzia gutxituz edo minimizatuz.

Bistan da, gurean, gatazkaren eragileak, eragile nagusiak, Espainia eta Frantzia –izan– dira. Haatik, hori horrela izateak ez du euskaldunon arteko molda-ezinezko-tasuna zuritzen, ez eta gatazka gure izatearen parte ez bailitzan bizitzen laguntzen. Horiek kontuan hartuta ekin diot Markel Elortzaren Olibondoaren herria lekukotasun-kronika-saio honi.

Gatazka ulertzeko hamar gako

Izenburuaren azpikoak bereganatu zuen liburuarekiko nire arreta. Telebista, irrati, prentsa edota sare sozialetatik heldu ohi zaigun bonbardaketa-antzuari kasu egin beharrean, hara, pentsatu nuen: liburu horrek gatazka apur bat gehiago ulertzen lagunduko dit, naski. Eta bai, lagundu dit, noski. Honatx, hainbat irakaspen, banan-banan.

1. Theodor Herzl (1860-1904), sionismoaren sortzailearen harian: sionismoaren joera guztiek –sozialistak barne– kolonizazioaren eta esklusibitate etnikoaren logika bera partekatu izan dute, iraganean zein gaur egun.

2. Rosa Luxemburg (1871-1919), iraultzaile sozialista juduaren bidean: Sionismoa ez da judaismoa. Judaismoa ez da soilik erlijioa, mila urtez iraun duen identitate kolektibo bat ere bada. Judu proletariotzaren klase-ordezkariek irmoki egiten diote aurre sionisten jarrerari. Sionismoa utopia kaltegarria eta atzerakoia da.

3. Gertrude Bell (1868-1926), arkeologo eta funtzionario britainiarraren ildoan: palestinarren eta israeldarren arteko gatazka 1948 piztu zen. Alabaina, Lehen Mundu Gerrara arte joan behar dugu, orduan hasi baitzen Ekialde Hurbila kontzeptu eurozentrikoa delakoa mamitzen. Britaniarren konplizitatea erabatekoa izan da israeldar-palestinar prozesua ulertzeko; britaniarrak israeldarren aldeko konplizeak izaki, jakina.

4. Golda Meir (1898-1978) Israelgo lehen ministroaren ariora: “1969an [egungo lurraldean] palestinarrik ez zegoela” adierazi zuen. “Historia zaharra” ez bide zuten historialariek idatzi, gerran parte hartu zuten soldaduek eta politikariek baizik. Analisi politikoa murritza egin da palestinarren historiaz. Israelgo eskoletan gaur egun irakasten den historia gerra-operaziotan funtsatuta dago.

5. Ruth Klüger (1931-2020) idazle juduaren iragarpena: “Ez da inoiz bake justiziarik izango, gure segurtasuna beste herri baten sufrimenduan oinarritzen bada”. Bi estaturen irtenbidea –ez eta estatu bakarrarena– ez bide da irtenbidea. Israelen deskolonizazioa edota estatu bakarrean eskubide politikoen parekotasuna zentzuduna litzatekeen arren, egungo Israelgo Gobernuarekin horiek –daukan nazioarteko babesarekin– utopiak dira.

6. Benny Morris (1948) historialari sionistaren maxima: “Ez dut uste 1948ko kanporaketak gerra-krimenak izan zirenik. Ezin da tortilla egin arrautzak hautsi gabe. Batzuetan, eskuak zikindu behar dira”. Sionistentzat 1948, arabiar-israeldar gerra garaipenaren urtea izan zen: Garaipen urtea. Palestinarrentzat Nakba edo Hondamendia urtea.

7. Andrei Gromyko (1909-1989), Sobietar Batasunaren ordezkaria NBEn: “1947an, Europako Mendebaldeko estatuetako bakar bat ere ez zen gai izan judu herriaren oinarrizko eskubideak defendatzeko”. Historia paradoxaz paradoxa, paradigmaz paradigma –nork berea– osatzen da, bistan da, bistan denez. Estatuak hipokrisiaz eta interes geopolitikoen arabera ezartzen dira. Nazio Batuen Erakundea (NBE) ez da gai izan Israelgo Estatuak palestinarrei ezarri Genozidioa geldiarazteko.

8. Jassir Arafat (1929-2004), Palestinaren Askapenerako Erakundeko (PAE) presidenteak: “Palestinaren kausa ez da bi erlijioren edo bi nazionalismoren arteko gatazkatik sortu. Gure herria deserrotzearen eta sakabanatu izanaren ondorioa da”. Lehen Intifada –Harriaren Intifada– 1987an piztu zen –nahiz eta palestinarrentzat lehena 1936ko Arabiar Matxinada Handia izan–; harrez gero sortu edo eratu zen Hamas. Aintzat hartzeko kontua: Israelek hauspotu eta finantzatu bide zuen Hamasen sorrera PAE ahultzeko. Ur haietatik gaurko lohia: Nakbatik Apartheidera iragan da palestinar herria.

9. David Ben Gurion (1886-1973), Israelgo lehen ministroak bere egunerokoan idatzia 1948an: “Ahal dugun guztia egin behar dugu palestinarrak inoiz itzuliko ez direla bermatzeko. Zaharrak hil egingo dira eta gazteek ahaztu egingo dute”. Palestina herri iheslari bat bihurrarazi dute. Errefuxiatuen arazoa etenik gabeko fenomenoa da.

10. Leila Khaled (1944), Palestinaren Askapenerako Herri Fronteko militantea: “Batzuk etorri ziren eta gure lurrak hartu zituzten, gu kanporatuz edota kanpalekuetan bizitzera behartuz. Hori terrorismoa da. Terrorismo horri aurre egiteko eta haren ondorioak geldiarazteko baliabidea guztiak erabiltzea, berriz, hori borroka da”. Bai ote? Terrorismoak terrorismo, borrokak borroka, zein da palestinarren etorkizuna? Palestinak ba al du izaterik? Ba al du estatu izaterik? Bai ote?

Gakoak gako, korapiloak korapilo

Baliteke neronek gakoak eman beharrean paragrafo-sorta korapilatu bat eskaini izana. Edonola den ere, liburura jo eta sionismoaren ideologiaz ikasiko duzue. Palestinarren erresistentzia eta errefuxiatuen nondik norakoaz hobeto informatuko zarete. Israelen eta herri arabiarren arteko gerraren auziak ezagutzea komeni zaigu, bistan  da; baita nazioarte-politika eta estatuen jarrerak eta bake-akordioen zailtasunen zergatiaz apur bat gehiago gogoetatzea komeni ere. Izanez ere, zer direla-eta handitu –izan– dira giza eskubideen urraketak, baita palestinarren Apartheida gauzatu ere?

Hiztegia

Liburuak hiztegi interesgarri bat eskaintzen digu. Gatazka ulertzeko hitz gakoak. Gatazka oro ulertzeko hitzak, gakoak izaten dira. Israel-Palestina gatazka ulertzeko sorta tipi bat aldatuko dut hona, dasta gisara:

– Aliya: “Igoera” erran nahi du hebreeraz.
– Fatah: “Irekiera”, “konkista” edota “garaipena” arabieraz.
– Eretz: “Lurraldea”, “herrialdea”, “lurra” edo “zorua” erran nahi du hebreeraz.
– Intifada: “Altxamendua” arabieraz.
– Nakba: “Hondamendia”, arabieraz; bistan da.
– Hamas: Hamas izena Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduaren akronimoa da. Esanguratsua egin zait akronimoarena. Herri ekimenen izendapenak akronimoak bihurtzen ari dira, ari gara, ari zaizkigu.

Burutapen sorta bat

Olibondoaren herria liburua irakurri aitzin nituen –eta ondoren izaten jarraitzen ditudan– hainbat burutapen ekarri nahi izan dut iruzkin hau osatu aldera. Burutapen naifak hain ziur ere. Nire ikuspenak, horregatik.

– A) Harriaren Intifada delako hura gogoratzen zait sarritan: nerabe batek tiragoma batez nola egiten zion buru tanketa israeldar bati.
– B) Hamasek 2023ko urriaren 7an israeldarren aurka egin zuen erasoan-sarraskian –berean eta ondoren– erabili zuen armamentua daukat gogoan. Ikaragarria. 
– C) Harriaren Intifada izenekoaren tiragomak eta Hamaseko milizianoen armamentu sofistikatuak kontrastatzen zaizkit oraindik ere pentsamenduan.
– Ç) Arabiar Liga osatzen duten estatu arabiarrek ez dute palestinarrak beti babesten, inolaz ere –halaxe ematen digu aditzera Markel Elortzak Olibondoaren herria liburuan–.
– D) Palestinarrak arabiarrak dira, jakina, baina palestinarren aberria eta estatu arabiar bakoitzaren aberria ez dira aberri bera. Anaitasun arabiarra delakoa sofisma bat da.
– E) Nazien garaiko judutarren anaitasuna hura legez, arabiarren anaitasun moldea diruak fraguatua da egun.
– F) Anaitasuna ordez Ahizpatasun arabiarra deitu genezake ere, ezta? Alta bada, galdetu iezaiezue arabiarrei, euren Ala jainkoari ea zer iruditzen zaien ahizpatasuna adiera. Galdetu halaber, judutarren Jahve jainkoari.
– G) Izanez ere, judutarrak eta palestinarrak jainkoak batzen ditu –norberaren jainkoak alegia; jainko musulmanak zein judutarrak–.
– H) Aldiz, eurozentrismo ahalguztidunak –estatubatuarrak barne– aspaldi galdu zuen bere jainkoaren xedea –jainko kristaua lagun–. "Gurea"-n dirua da jainkoa. Ororen gainetik, erran nahi dut.
– I) Dirua egiteko makinaren maxima, hauxe: Deus ex machina.
– J) Dirurik ez dago merkataritza sendorik gabe. Merkataritzaren sendotasuna, berriz, gerrarako armamentu sofistikatuan bermatzen da.
– K) Judutarrak eta palestinarrak historiaren bilakabideak batu egin ditu. Euren aurkako genozidioek batu, alegia.
– L) Judutarrak eta palestinarrak, bi boxealarien arteko boxeo-konbate batean begitantzen zaizkit. Nazioarteko estatuen interesen arabera puntutan libratzen dute euren arteko pelea. Konbate horretan ez da K.O. onartzen, ordea. Lema eta dema hau gailendu da: Puntutan jarrai!
– M) Judutar herria basamortuan ibili omen zen historian barrena luzaro. Naziek exterminatuak izateko zorian egon ziren –"lagun" batek dioenez, posibilitate balizko hura da inoiz hauteman duen zorion handiena–. Abantzu guztiak garbitzear izan ostean, estatu bat eman zieten israeldarrei. Nork eman zien? Guztiok badakigu hori, gutxi gorabehera, ez gaitezen inozoak izan –liburu hau irakurtzeko interesa dugun guztiok, erran nahi dut–.
– Ñ) Munduko merkatu finantzarioak hobekien kudeatzen dituztenek eman zieten estatua israeldarrei. Palestinarrek ez dute merkatu hori izateko eskubidea irabazi, artean, ez baitute merkatu hori indartzen laguntzen, ez bermatzen ere. Kasu, anartean, itxura batez, historiaren akabera ez bide da ailegatu.
– O) Markel Elortza saiogileak dioenez “herri-mugimenduetan eta iritzi publikoan aldaketa sakona gertatzen ari da. Gero eta gehiago dira Israelen jarduera kriminaltzat jo eta palestinarren askatasunaren aldeko diskurtsoa zabaltzen dutenak”. Bai ote? Hala ote?
– P) Historiaren bilakabidea zein den ikusita, Arabiar Liga izenekoak ez du Palestinako Estatua nahi, ez eta behar ere, prefosta. Anartean, palestinarrek estatu bat lortu ezinean, erlijioen lemak indarrean darrai herri xehearen baitan: "Jainkoak libra gaitzala". Amen!
– Q) Ikaspena: ez baduzu herri bat “gaizto” bihurtzerik nahi, ez eman estatu bat. Nahiko eta aski dute jainko bakar banarekin. 

Irakaspen zenbait

Giza-historia ez da bukatu, giza-abezedario hori ere ez.

Ez jainkoak ez estatuak dira inozoak. Anartean, euren azpian moldatzen gara aldez edo moldez; ezinbestean.

Palestinar herritarrak nola –herri xehea, alegia–, bada, halaxe gara ere tokian tokikoak: ondradu naifak.

Ondradu naifak: mundua osatzen eta –den bezala– izaten laguntzen dugun herritarrok izendatzeko terminologia komun-arrunta.


Utzi iruzkina: