Ote-petalo gorririk ba ote?

Ote-petalo gorririk ba ote? Begizolia | 2026-04-18 11:54

Ote-petalo gorririk ba ote?

Landura

Jose Luis Otamendi

Susa, 2022

Sar hitzak 

Hirugarrenekoz. Eskasa gero Jose Luis Otamendi poetarekiko ene jaidura. Erran nahi baitut, bere obra poetikoari so natzaio eta bere liburu bi baino ez dut iruzkindu –itsusia gero hitza– orain arte. Landura du eta duzu –nire okerrik ezean– bere zazpigarren obra eta neronek hirugarrena komentatzen. Atx, gainera, berandu heldu –izan ohi– naiz kritika-zeregin honetara. “Sekula ez da berant” delakoak kontsolatu
–izan ohi– nau.

Honatx oldozpentxo bat abian: poesia duzu “errazena” interpretatzen, baita “zailena” ere. Poesia baita, akaso, genero kontraesankorrena. Esangarria eta kontra-esangarria aldi berean. Bizitza nola, apika. Iruzkingile naizen hau aise eta suelto antzean dabilkizu. Ari duzu. Ari zaizu. Jose Luis Otamendi poeta halatsu ari –izan ohi– zait niri: solte samur eta aske. Landura honetako poemak gogoan dabilzkit zirri-zarra. Irakurri bitartean sakonetik ibili nabil, eta ondoren, luzaro ere ari zaizkit ibiltzen buruan.

Nonbaitetik behar eta liburuaren azaletik hasi nonbait. Landuraren obra dela eta ez dela, azalari buruz pare bat berba –azalaren egile Xabier Gantzarain izaki–. Otamendi –Oto lagunentzat– poeta proletarioa duzu. Erran nahi baita, poeta langilea. Soldatatik bizi den langilea, hots. Langile nekaezina. Aldamiora igotzen den poeta. Bere poemak aldamioak begitantzen zaizkit. Hitzezko aldamioak dituzu bere poemak.

Eskola-irakasle soldataduna –izan da– bere kasua. Egun erretretan den jubilatua. Atzera-atzera guztiz pasa barik
–ari den– poeta egun. Ene uste zuloak dituzue horiek, noski. Erran nahi baitut, dena dela ere, Kapital publikoa gogoan eta Disoluzio agiriak tarteko, kapitalismoaren kontrakoa izaten segitzen du. Ez burgesa, hots. Alabaina, nola izan poeta proletarioa, hanburgesaz elikatzen den jendarte batean? Hor zegon/k ba, hor zegok/n pa koxka.
    Ausarta ari haiz gero: oldozpenak eta hanburgesak nahastu eta parekatu ere.

Tira, bere poesia interpretatu behar dut, interpretatzear nago, interpretatu zorian. Hau zoria! Alta bada, maxima batek trabatzen dit jarduna nonbait: ni ez nauzu –balizko irakurle lagun horrek– proletarioaren diktaduraren aldekoa. Ez poeta inoren diktatuen aldekoa ere. Definizioz eta nahikariaz ari nauzu, ez Otamendi poetaren kontra alajaina. Lasai. Lasai eta trankil, aizu. Otamendiren poesia proletario batena izanagatik, haren poemen hitzak agiri totalitaristen kontrako antidOTOak dituzu eta. Halaxe hartzen ditut neronek bederen.
    Hara, fribolo-pinpirina ez ezik, iruzkingile barregarria ageri naiz.

Otamendiren poesian: landura-mindura

Euriaz ari duzu poeta abiaburuan. Lehenengo poeman duzu landura. Ikasi beharrekoa. Geroko hainbat poematan kausituko duzu eta: idoro, eriden eta ediren ere bai. Otamendi poesiaren poemetan zure buru aurkitzea duzu behar behinena, haatik. Eta horretarako, lehenik eta behin, poetaren jaidura antzeman behar duzu.

Otamendiren poemak landura nolazirri-marra– inpregnatzen zaizkigu soinean –firi-firi–. Kasu, ez ditzadan poetaren hitzak nahastu, bereak ez dira firi-fara paratutakoak. Ez horixe. Gaztigatuta zaude gaude. Ez horregatik zigortuta, alafede.

Otamendiren poesian “herria” duzu ageriko, hagitz eta sarritan. Honatx,
aldamio erraldoi honen pieza bat lagin –herria ulertu aldera pieza anitzen arteko bat–: bihotz bakartuak dira pertsonak egiten dituena herri.

Otamendiren poesiak arau, “suntsipen eta amodio masiborako makinak” gara. Horregatik baino ez bada, poeta honek giza arrazoiengatik maite du bizi dugun sasoia. Sasoi honen definizioetako bat hauxe izaki: mende biren arteko ibi estua. Beste bat, hauxe nirea: mendi biren arteko ibi zabala.

Otamendiren poesian aurkitu ditzakezu, ditzakegu, zoriona eta bakea. Tira, aurkitu-aurkitu, demagun bilatu ditzakegula. Zenbaitetan hitzen adiera(k) ontsa zehaztea beharrezkoa da edota zaigu, ezta? Izan ere, hitzek lagundu diezagukete garbi non gauden, baita noren ondoan gauden jakiten ere. Otamendiren hitzak izugarri laguntzen gaituzte horretan, bistan da, bistan denez.

Otamendiren poesian maitasunak berezko tokia dauka, prefosta. Erromantikoa da. Poeta diot. Pertsonaia, alegia. Otamendi pertsona ez dut ezagutzen eta. Alabaina, bera maiteminduta dago. Baiki, maitasuna ezinbestekoa da dugu pertsonarengan. Poeta honen ustez “baliteke gurea ere aski ikertu gabe ahaztuko den kasu bat izatea”. Bai ote?

Otamendiren poesian landura firi-firi ari duzu, nago baina, ez duela Lasto euria gogoko, zehatzago erranda, euri molde hori ez da bere aliatua. Hots, ez dira pasako / herriak ez du barkatuko oldar-eleak, hondar-eleak baino ez dira bere aldamioetan. Alegia, sarritan-maiz aldamioetatik entzuten diren lemak eta ez aldamioetan ari direnen demak. Tira, hor nonbait hori ere.

Otamendi poeta, landuraren –beste– aldean ari zaigu. Minduraren baitan uxarka ibili ohi da. Pertsonaia izan ez ezik, pertsona ere halaxe ari ohi dela imajinatzen dut. Uxarka ibili eta ari den basurdearen legetxe imajinatzen dut. Haren oldozpenak hausnarketak dituzu niretzako. Pertsonok basurdeak legez, ausarki ausiki egin behar dugula pentsarazten dit. Izan ere, osterantzean, baldin eta sistemak sasoiko iraunen badu sistemak beti gazte behar baikaitu. Kasu, beraz. Kontuz hartara.

Gauza ederrak gara pertsonok, sarritan alien-extraterrestreak izanagatik ere. Tira, halakoak edo ederrak izan gabe ere, halakoxe jokatu nahi izanagatik ederrak garelakoan aditzera ematen dizu Otamendi poetak: pertsonok behin bakarrik bizi eta muturreko hilezkor izateko aukeran pentsatzea ere! Gauza ederra duzu pertsona, ezta? Bai ote?

Mustu dezagun aldi berri bat: Gauzetan dituzu edertasun horiek. Izan gaitezen gauzen bekaitz, bekaitz eztia betiere –enbidia sanoa delakoan nonbait–, izan ere, baliteke gauzen peskizan aritzean maitasuna ediren izatea. Pentsa, Otamendi zenbaterainoko den poeta iraultzaile, ezen eta iraultza digitalean ere maitasun paralelo gisako bat eriden dezakegula pentsarazten digula. Zendako ez?

Kasu, ordea. Lohiak nola hala istilak dituzu bidean. Kontuz gero aldarriekin: gora euskadiko langileria, gora euskara batua, gora euskadi askatuta… Kasu eman, kasu emak! Nekez gara zoriontsuak gure aberriaren aldeko zorion-testak gainditu soilarengatik. Musua, halarik ere!

Izan ere, komeni da aldian-aldian eta aldi batez beste inor izatetik gure baitara erdi onik itzultzea. Bai horixe! Izanez ere, sarri gure ahotik mintzo direnean –albistegietan, kasu– zeru (h)egiak gezurra dio. Bai, zeruak berak gezurra diosku sarritan eta usu. Noski, gero lo hartzen dugu. Gaua dugu jada. Gaua salbazio bakarra ote dugu?

Ez. Gauak ez dira salbazioak. Izanik ere, goizetan, kontsumo-balbeak iratzarri eta mundu berdinzalera garamatza. Zinez zaila duzu dugu disidentzia-gaitasuna. Eta berriz ere, gauera bueltatuta, poetarekin batera, hauxe oldozpena: azken beltzean –gaua ote Oto?– geu bezain desatsegina den jendea ez al da gehien maite duguna. Galdera duzu.

Otamendi poeta iraganean bizi da, bizi da geroan ere. Otamendi pertsona orainean aurkitzen dugu baina, aurki dezakegu. Bigarren loa bizi dizu, baina esna dago betiere: omen badira hamar urte borroka armatuaren adiera lokal bat akitu zela. Bertako borroka, alegia. Borroka suerte bat. Gurean, inork espero gabe eskuak hormatu bide ziren. Ikaspena, nirea: borroka ez da bide bakarra. Antza. Antza?

Xarmaren eta adimenduaren distirarik ezean, gorputza kendu diezaiokegu aberri-maitasunari. Eta botila hustuen zolan poesiaren kitzika bilatu. Agian –agian diot, kasu– kondena terminal bat baino ez dugu merezi. Agian, beste aldi bat etorriko da. Agian, estatua ez da izanen berriz ere espazio eta denbora sozialaren jabe bakarra.

Agian, agian, egiazko euskaldunak berriz ere altxatzeko, egiazko pertsonak altxatu beharko dira. Agian, ostera ere. Sistemak Sarbideak lantzen segitzen du, etxeratze-agindu prest dauka betiere. Nola egin atzi horri? Nola ekin buru? Agian, eguneroko mekanikatik ateraz, hots, norbere baitatik irtenez, besterENEan ekinez. Tira, hori duzu Otamendi poetaren arioan bururatu zaidana. Hots, barrutik irteteko teknikak landu behar ditugu. Hobetu, hots!

Teknikaren alde poetikoaren lagin bat: eguzkia amagana joan denean, lo aurreko unean, hozbero aldaketak eragin, malenkonia eite baten landura petik irten eta itzalitako munduari so egin. Bizi dugun sasoi hau, sasi-saioa izanagatik ere, aldi honek gure gorputza arbuiatzeak dakarren edertasuna uxatu, eta gure hizkuntza goratzeko asmatu ditzagun metafora berriak.

Akatsek lakartutako ahots errimez abestu diezaiogun amodioari. Geure burua bentzutuen des-liluratik berresan dezagun gure burua. Izan gaitezen, behiala izan bide ginen jende atergabekoa eta salbai hura, izan gaitezen izaki basa(goak), izan gaitezen basurde. Lurra harrotu dezagun. Harrien azpian bizia dago eta.

Lurraren baitan xomorroak oskolak sugandilak daude, horiek izan gaitezen alafede. Lur biziaren azpian badira, izan ere, beste(lako) hondartza batzuk ere. Barrutik aritzea duzu kontua. Kontua, ez ipuina. Krisi honen ostean
–pandemia suertea edozein dela ere–, bakoitzak berea ez ezik, beste inoren itzala ferekatzeko gai izatean datza kontua. Gai ez gay. Edo gay. Nola gerta ere.

Gurean, euskaldunon iraultzaileena diot –matxinatuena adierazita hobeto naski– irauli beharrean uzkaili baino ez dugu egin. Edo. Edo, hori ere. Finean, liberalismoaren neguan argi-mutilaren rola jokatuz –edota argi-neskarena eginik ere, pentsu dut– kalostran jarauntsitakoaz –barka ele trauskila– edo legatuz jasotako ondarea printza pitzatua legez uxatu baitzen. Ez dezagun ziklo baten azkena zer den ahaztu.

Ziklo baten azkena edo bukaera delakoa, erretorika antzu baten isla dela erranen nuke. Erranen, herren erran ere. Agur moduko bat besterik ez duzu. Geroan, berriz ere, ostera ere, itzuliko dena. Izan ere, gurtu dugun izaera basa hori, ari da berriz hazten. Euskaldunon patua hara. Eta ez euskaldunarena soilik, jakina. Pertsonaren –ororena– ere bai. Noiz gaindituko du ordea, euskal(dun) pertsonak bere pertsonaia?

Otamendi poeta bezala, nik ere ez dut nahi laketu bizi nahi ez dudan bizitza batean. Gerokoek biziko dute berea. Iraultza oso garestiak dira, hagitz kario ordaintzen dira. Gerokoek egin dezatela berea. Izan edo ez izan. Horra pertsonaren auzia. Izan eta ez izan. Horra pertsonaiarenak. Auzia, diot. Auzia errieta eta liskarra. Ekanduen muda.

Nik ere, Otamendi poetaren ildoan, atzeraka leitzen ikasi nahi dut, eta poesia gai immunea bihurtu beharrean, poesia gaitz immune bihurtzea nahi nuke. Nire buruaren jabe izateari utzi barik, noski. Izan ere, arriskutsua da, arrisku hutsa da ezeren jabe ez izatea. Liberalismo kapitalistaren –kapitalismo liberalaren– aroan bizi garelako diot. Lerro horiek azpimarratu nahi ditut gainera: liberalismo suerte hau –baita liberalismo modu honen aurka ari direnak, ari garenak– pertsonon ondare berebizikoa den pribatutasuna hondoratzen ari da.

Egungo pertsonok nora joan garen jakin barik, baso itsuetan pauso itsuak ematen dituzten basurdeak bihurtu gara. Nork kendu ote digu lurra? Ondare gurezkoa? Gure ondare pribatua? Bake iheskorraren landurak suntsitu egin al gaitu?

Amaitu alderako bidean

Posta-kutxa itxiko dute aurki. Beraz, amaitu dezadan ardaila, nire mar-mar halakoa, halako kalaka, nire alamena. Kutxa horiko –azalaren horikoa– aho zuloan sartu dut nire iruzkina. Uste dut berak uste duela nik uste dudala, zer uste baina? Hauxe: hor nonbait badela oraingo gu bion neurriko paperezko herri bat. Hots, poetaren eta bion arteko herri bat. Ni eta iruzkin honen irakurlearen arteko herri bat.

Poetaren maxima hau ere eridenen duzu, beste askoren artean: gutxiren ongizateak elikatzen du aunitzen ondoeza, hilen zain irekietan lurberritzen da ekonomia askea. Zerbait gehiago nahi al duzu gehitzea? Hauxe bada: zaila da argudioz ukatzen maindireen ukitu demokratikoa.

Ez dezagun ahaztu inoiz maite izan gintuztenen izenak. Akort! Alabaina, gure iraultza matxinoen tristuraz gogoratu behar izatea ere. Izan ere, dena ondo amaituko delakoan gaizki –gaizki edo– amaitu ostean, argia itzali behar duenak, atzena delakoak, tristura eta mindura jasan behar du ezinbertzean.

Gurean, gaua, eta eguna bereizten dituena koma bat da. Kolapsoa izugarria da gurean. EuskaldunENEan, diot. Biok dakigun gauza da: poetak eta biok, iruzkin-irakurleak eta biok, eta hala ere esan beharra daukagu. Landura ari duzu autoaren haizetakoaren antzera.

Beste bat izateko jarraibideak besterik ez dizkizut eman irakurle lagun hori. Dilema asko ekarri ere bai: zenbaten minak zenbaten pozak. Non amaitzen da bestea non hasten da norbera. Agian, akaso, iruzkin honen goroldio hau baino isiltasuna ote zen premiazkoagoa.

Poetaren ildoan, mihia sartu dut eriko zaurian. Alabaina, lurrarekin daukat nik ERE adiskidetasunaren mamia. Behargin portugesek harrian landua behar luke etorkizunak. Dena ez da nahasmena ordea, edo ez luke behar, dena ez da landura-mindura.

Landura mindura, itxurak itxura, halaxe diosku Otamendi poetak azken beltzean: dena ez da ez dena / dena ez da landura, honek jolasa zirudien baina hau gure bizitza da. Poesia hegal hotsa ilunean kausitu dezakezu, dezakegu. Otamendiren poesian Logika ere baituzu izan.

Hona azken beltzezko interpretazioa: ez bizitzea izan daiteke normalena / ez jaiotzea / ez hiltzea / ez narras ez oskol ez habia ez karraska / Ez bizitzea zen gerta zitekeen aukerarik mamiena, ez izatea. Alabaina, bizitza den istripu den arbolatik jaitsi ginen eta argi inar bat os(a)tu nahian ari gara egun, gaur egun oraindik ere.

Post-kutxarako azken gutuna

Landura honen lehen edizioa 2022ko irailekoa duzu. Bigarrena berriz, haren segi-segidan, 2022ko abendukoa. Zu zeuk irakurle berri horrek, dena dela ere, hirugarren edizio bat behartu dezakezu. Zeren esperoan zaude? Dena dela ere, poetak gordea dizu xeraren patrikako edizio bat.

Otamendiren poema bakoitza ote bat beltz bat duzu niretzat, ote zuri bat halaber. Baita poema bera ote beltz-zuria izan ere. Ote-petalo gorririk ba ote? Irakurri ahala, behin eta berriz eta hirugarrenez irakurrita ere, Landura otez beteriko mendia egin zait alafede. Kasu baina otearen petaloak hartzerakoan, poema-otearen ziztada jasoko baituzu ezinbestez. Ziztadak hala nola ferekak jasoko dituzu, halaber. Nola gerta hori ere.


Utzi iruzkina: