Orainak "kontatzen" du. Oraintxe ez bada noiz?
Elkar, 2001 (Nobela)
Lagun izoztua nobelaren egilea, Joseba Sarrionandia (J. S.), Euskal Herriratu berria da eta nobela berrirakurtzeko gogoa izeki zait. Nobela argitaratu zenean egilea –eta ni ere bai– non zegoen antzeman gura dut, baita nobelaren gaineko inpresioak berritu ere. Egiari zor, nobelaz eman nuen inpresioa eskas samarra izan zen, eta orobat, nobelak, apika, ez zuen merezi zuen arreta eta balorazioa jaso. Tira, arreta jaso zuen, egileari eta egiari zor hori ere.
Ez naiz itzuli nik idatzitakora, ezta gainerako kritikak irakurri ere. Pare apunte halaz ere: nobelak ez zuen, egilea euskal nobelagileen Parnasora igoarazi. Demagun, ez zuen Atxaga, Saizarbitoria edota Lertxundiren mailan ipini nobelista gisa. Bost idazle liburuaren egileak, Hasier Etxeberriak, honela adierazi zuen: “Liburu ona da, baina nobela ez”. Kontuak kontu, nobelak ez zuen berebiziko –edo bere aldian– arrakasta lortu. J.S.-k ez du artean bigarren nobela idatzi –edo ez du publikatu–; Kolosala izango da idatzi zuen, baina, demagun hau ere, Lagun izoztua nobelaren apendize bat dela. Edonola den ere, idazleak ez du literaturan arrakasta bilatu egundo, beraz, inoiz nobela berri bat idatziko du, baldin eta gogoak horretarako ematen badio. Pentsu dut.
Horiek horrela, literaturaz kanpoko gogoetak, nobelak berriradoki didana paratuko dut segidan, nobelaren tesia eta trama aipatu barik egin ere. Egiari zor, apenas bildu dudalako irakurketaren apunterik. Beraz, nobelagilearen berba bat profitatuz, toboganduz jaitsiko naiz iruzkingile atalaia honetatik. Lagun izoztua irakurri nuenean, Bihotz Bakartiaren Klubeko (BBK) bazkide izatera pasa nintzela sentitu nuen. Halaber, lagun izoztua Goio izan baino, nobelako Josu idazlea dela barneratu nuen, baita obsesio hau bizi ere: lagun izoztua J. S. da. Idazlea, iheslaria, literatura bidez politikaz mintzo zela. Nor bestela? Haatik, idazle iheslariaren "kritika politikoak" ez ninduen ase orduan.
Gaur egunera etorrita, ez dira hogei urte alferrik igaro, hona ikaspena: justizia bilatzen dugu –justizia bila ibilki naiz– baina ez gara gure buruarekin justu izaten. Ezta ez hain justu izan ere, demagun, literaturarekin. Justua edo zintzoa izan ahal izateko, justizia egiteko, ongi jantzia izan behar baita. Eta gu, gizakiok, emakume eta gizonok, biluzik bizi gara. Biluzik eta bihotz gabetuak.
Bihotz handikoak gara, burua baina txikia dugu arras. Edota alderantziz, buru txikia eta bihotz handiegia. Luzaro bizi behar dugu eta munduan barrena bidaiatu “Euzkadi azazkalaz tapa zitekeela…” konturatzeko –ez da zertan fisikoki izan behar, munduan barrena bidaiatzeko badago ere literatura–; nobelako Imanol pertsonaiak dioenez. Berba batez errana, “aberriaren kontzeptu okerra” eraiki dezakegu. Haatik, jabetu behar dugu gure aitaren –edota amaren– aberri kontzeptuak ez duela balio guretzat, gureak geure seme-alabentzat balio ez duen lez.
Izan ere, aberriaren alde hiltzeko prest egon gaitezke, baina ez gaude aberriaren aldeko bizitzeko prest. Ez gaude prest, ez baikaude prestatuta. Hain erraza eta hain gaitza. Aberria, funtsean, gabezia bat da. Imanolek esana ere. Aberriaz desjabetuak bizi direnek baino ezin dute hori sentitu, eta pentsatu.
Josuk dioenez, –niretzat– J. S.-k esan legez, errealitatearen eta gogoaren artean erdibiturik bizi gara. Nobela berrirakurrita, nik gehituko nuke, gure oraina iraganeko hitzek errime finkatuta dagoela eta geroko aditzek baldintzatuta. Hori bihotzaren aldean ageri da, buruaren aldean berriz, ez garela ohartu gure herriaren –aberri imajinatua– prehistoria nazionalean gaudela oraindik ere. Nor bere herriaren izotz zati bat besterik ez dela –ez garela–, Antartikan jitoan dabilena, lagun izoztua-ren gisako bat. Hotzak urtu gabe atxikitzen duena, baina behin aberriratua, urtuko dena.
Josuk ere bazioen, baita J. S.-k esan ere –nire interpretazioa duzu, noski–, “nobela hau ez duzu irakurri beharrik izango. Izotza bezalako nobela irakurtzea izotza jatea bezalakoa izango baita, jan eta aseko ez zaituelako”.
Alta bada, 1975 urtea joan zen, baita 1985 urtea ere. Hendayais taberna –Hendaiako Portu karrikan zegoen– ez da engoitik existitzen, ez bederen gogoan gordea dugun orduko telebista espainol hura. Eta lagun ohia trajez jantzia agertzen bada ere, eta nahiz eta “bizitza, kakaz betetako belaontzia izan txizazko itsasoan uzkerren haizeak bultzatua!”, nahiz eta “giltza etxerik gabe geratuko den”, pentsatu nahi dut, nobela berriz irakurrita, ez garela “etxerik gabe” geratu betiko.
Lagun izoztua itzuli ostean, J. S. itzuli ostean –nahiz eta artean lagun izoztu guztiak itzuli ez diren, horiek ere itzultzera kondenatuta daude– lagun izoztuak giltzarik gabekoak izan arren, etxe bat eriden(en) dute hemen, Euskal Herri desanparatu honetan badarik ere.
Izan ere, ezer ez da finkoa, dena ezegonkorra da, dena da konbultsiboa, eta dantza egitea erraza izanen da. Noski, lagun izoztua-k nekez joko du pianoa. Euskal enbaxadore alotropikoa izanen da betiere. Iraganak iragan, etorkizunak etorkizun, orainak kontatzen du. Izan ere, oraintxe ez bada noiz?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: